Zumaiako Karakas baserriko babarruna izan da onena

Ataria 2023ko aza. 18a, 14:57

Pozik azaldu da Karakas baserriko Joxe Mari Aramendi Urbieta, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa irabazi baitu. Lehiaketa Gastronomikoko irabazleak aldiz, Ibarrako Manu eta Mikel Gorostiaga aita-semeak izan dira.

Babarrunaren Festaren barruan egin ohi diren lehiaketetara ere jende asko gerturatu da. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 28. Lehiaketa Trianguloan bertan egin dute eta 25 ekoizle aritu dira lehian, horietako 11 eskualdekoak. Lehen saria Zumaiako Karakas baserriko Joxe Mari Aramendi Urbieta izan da eta txapela, garaikurra eta 200 euro jaso ditu. Bigarren saria Ibarran geratu da, Etxezarreta baserriko Koldobike Artola Agirrek irabazi baitu, eta garaikurra eta 150 euro jaso ditu. Eta hirugarren Zestoako Bengoetxe baserriko Bernabe Zumeta Gabilondok egin du, garaikurra eta 100 jaso dituelarik.

Joxe Mari Aramendi pozik azaldu da sariarekin eta «jarraitzeko indarra» ematen duela aitortu du. 2013an ere irabazi zuen eta beste urte batzuetan ere jaso izan ditu bigarren eta hirugarren sariak. Lehen saria irabazteko esperantza beti izaten badu ere, aurtengoa ezustean harrapatu duela aitortu du. «Sekreturik ez dago, ez dugu ezer berezirik egiten, itsasotik gertu gaude, baina ez dakit horrek zerikusia duen».

Gure Kaiola elkarteak antolatutako Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa aurten San Frantzisko pasealekuan egin dute eta 08:00etan hasi dira babarrunak prestatzen. 21 bikote aritu dira lanean eta Javi Rivero,  Gema Garmendia, Itxaso Calviño, Xabier Martinez eta Iñaki Etxeberri sukaldariek dastatu dituzte babarrunak. Hirugarren saria Ibarrako Etxezarreta baserriko Koldobike eta Begoña Artola ahizpek eskuratu dute, bigarren saria Legorretako Migel Latienda eta Joxe Mujikak eta sari nagusia Ibarrako Manu eta Mikel Gorostiaga aita-semeek jaso dute.

Gaurkoa ez da izan Manu Gorostiagaren lehen txapela, izan ere, duela 10 urte ere lehiaketa bera irabazi zuen, orduan bere anaiarekin parte hartuta. Dena den, esan du babarruna prestatzeak ez daukala sekretu berezirik: «Puntua hartzea da. Guztiok egingo dugu zerbait desberdin, baina azkenean denok erabiltzen ditugu osagai berdinak, babarrunak berdinak dira... puntua hartzea da kontua. Oso gustura geratu gara txapela irabazita». Guztiek prestatu dituzte iaz ekoizleen lehiaketa irabazi zuen Joxe Mari Aranbururen babarrunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!