Diru bilketa egingo du Tolosan Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 16a, 11:23
Larunbatean egingo dute diru bilketa Tolosan.

Herriko hainbat puntutan egongo dira boluntarioak, larunbat goizean.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak diru bilketa egingo du Tolosan larunbat goizean. Hain justu, Trianguloa plazan, San Frantzisko elizaren kanpoaldean, Dama Berdean, Berdura plazan eta Eroskin egongo dira.

Tolosaldean elkarteak 937 bazkide eta 158 boluntario ditu. Hain zuzen, boluntarioekin batera egingo dute diru bilketa, eta lortutakoa minbiziaren ikerketara bideratuko dute. 

Elkartetik adierazi dutenez, minbizia munduko osasun arazo garrantzitsuena da: «2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango dute bizitzan zehar. Minbizi kasu bat diagnostikatzen da 2 minutuan behin, eta 2030erako 330.000 kasu berri baino gehiago egongo direla kalkulatzen da». Hala, gaur egun, ikerketari esker, biziraupen-tasa %55,3koa dela gizonezkoetan eta %61,7koa emakumezkoetan nabarmendu dute. Helburua 2030. urtean %70 gainditzea da, «guztiok minbiziaren aurka» elkartuta.

Minbizian %70eko biziraupena gainditu ahal izateko, ikerketa onkologikoa bultzatzen jarraitu behar dela diote elkartetik; «pazienteek bermatuta izan behar dute ikerketaren emaitzak lortzeko aukera, guztiek medikuntza eta tratamendu berritzaileagoak eskura ditzaten». Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ikerketa onkologikoko hainbat proiekturi ematen dio laguntza. 2022ean 374.651 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko.

Horrekin batera, doako zerbitzu asko eskaintzen ditu, hala nola, terapia psiko-soziala, prebentzio-jarduerak, material ortopedikoaren eta maileguak. Hori guztia, elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini ahal direla azpimarratu dute. Beraz, diru-bilketan parte hartzeak aukera emango dio Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko. Elkartetik eskerrak eman dizkie aldez aurretik bilketan ariko diren boluntarioei eta laguntza eskaintzen dute herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!