Hurrengo fasera pasatzea dute helburu

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 15a, 19:59

Tolosa Eskubaloiak bere multzoko lehen lau postuetan sartzea du helburu, hurrengo faserako sailkatu ahal izateko.

Sei jardunaldi pasa dira Tolosa Eskubaloia emakumezkoen lehen taldeak denboraldia hasi duenetik. Laugarren denboraldia da senior taldea martxan jarri zuela, eta hori nabaritzen dela aitortu du Nerea Esnaola kapitainak: «Oso kontentu gaude, gero eta erosoago gaude senior mailan, eta jarraitzeko gogo asko dugu». Denboraldi honetan hurrengo fasera pasa nahi dute, eta horretarako beren multzoko lehen lau postuetan egon behar dute ligaren lehen fasea bukatzean.

Jokalari gazteak gehitu dira lehen taldera. «Aurten, bereziki, jubenil taldea atera ez dugunez, hiruzpalau jubenil ditugu gurekin jokatzen, eta bestela betikoek jarraitzen dugu», zehaztu du Esnaolak. «Talde gaztea izaten jarraitzen dugu, eta kontentu gaude nahiko talde dezentea atera dugulako aurten, hamasei jokalarirekin, eta alde horretatik oso pozik gaude». Jokalariak taldean mantentzeak abantailak dituela gaineratu du Esnaolak: «Gehiago ezagutzen gdugu elkar, eskarmentu handiagoa dugu ligan, eta horrek alde handia markatzen du. Lehenengo urteetan berriak ginen, eta aurkariekin nahiko galduta genbiltzan. Besteek esperientzia gehiago zuten, eta gaur egun ere dute, 30 urteko emakumeen aurka jokatzen dugulako, baina eskarmentu hori ere etorriko zaigu». Horrez gain, taldera iristen diren gazteei beste segurtasun bat ematen dietela gaineratu du.

Entrenatzailea Slava Kobin da, eta denboraldi hau bere bigarrena da. «Aurreko urtean urte polita izan genuen berarekin», esan du kapitainak. «Errusiarra izanik, hasiera batean komunikazioa pixka bat gehiago kostatu zitzaigun, baina aurten alde hori erraztu dugu, eta hobeto ulertzen dugu elkar. Bere estilo pertsonala du, adibidez entrenatzeko, baina gero eta gehiago ezagutzen gaitu, eta guk bera ere bai, eta aurten errazagoa izaten ari da».

AZKEN PARTIDA, JOKATU GABE

Tolosa Eskubaloiak seigarren jardunaldiko partida zuen asteburuan Saieko Mon Paperdena taldearen aurka, baina bertan behera geratu zen. «Donostian jokatzen genuen eta kiroldegira joan ginen eta kantxa guztia bustita zegoela ikusi genuen», esan du Esnaolak. «Dirudienez, hezetasunarengatik eta egun guztian jokatutako partiden ondoren, kantxa blai eginda zegoen. Beste taldearekin eta epailearekin adostu genuen ez zela batere segurua horrela jokatzea, eta beste baterako utzi genuen».

Partida bat gutxiago jokatuta, sailkapenean laugarren postuan dago taldea, hiru partida irabazi eta bi galduta. «Espero genuenaren ildotik doa denboraldia. Justu pasa den asteburuko partidarekin genuen zalantza, baina orain arte irabazitako hiruretan garaipena lortzeko aukerak genituela bagenekien. Galdu ditugun bi partidak Irauliren eta Orioren aurka izan dira, eta kontziente gara horiek direla gure multzoko talde indartsuenak», azaldu du Esnaolak. «Gure arteko komunikazioa asko hobetu da, elkarren artean hitz egiteko eta adierazteko, eta horrek asko laguntzen du».

Gipuzkoako lehen mailan lehiatzen ari dira Tolosa Eskubaloikoak eta bertan bi multzo daude. Horietako batean bederatzi talde daude, eta bestean, Tolosa lehiatzen den multzoan, zortzi. Multzo bakoitzeko lehen lau taldeak hurrengo faserako sailkatuko dira, eta horien artean izango dira gero jokoan igoera postuak. «Gure helburua da gure multzoaren barruan lehen lau taldeen artean egotea eta hurrengo fasea jokatzeko aukera izatea. Uste dugu egingarria dela», azaldu du Esnaolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!