Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Kirol instalazioen kontratua eten eta lizitazio berria martxan jarri du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko aza. 15a, 13:12

Atzo egin zuten ezohiko batzarra Tolosako udaletxean.

Atzo eginiko ezohiko batzarrean kirol instalazioak kudeatzeko orain arte indarrean zegoen kontratua etetea eta lizitazio berria martxan jartzea onartu zuten. Langileek lizitazioaren pleguak aztertu eta arratsaldean jakinaraziko dute grebarekin jarraituko duten.

Joan den ostiralean Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak iragarri moduan, kirol instalazioak kudeatzeko BPXport enpresarekin indarrean zegoen kontratua deuseztatu eta lizitazio berria martxan jarri du Tolosako Udalak. Atzo arratsaldeko ezohiko batzarrean onartu zituen udalbatzak bi erabakiak.

Bi argudiorengatik eten duela kontratua adierazi zuen udalak: «Kontratuan jasotako datu ekonomikoak aldatzeagatik eta denbora luzez –eta etorkizunera begira ere, mugarik gabe– zerbitzua eman ez delako». Hain zuzen, ezohiko batzarrean, 2022ko ustiapen kontuak ere ez onartzea ebatzi zuen udalbatzak, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin.

Kirol instalazioak kudeatzeko lizitazio berriari ere onespena eman zieten udal ordezkariek, EH Bilduren aldeko botoekin; aldiz, EAJk eta PSEk abstentziora jo zuten (alderdi jeltzaleak hiru puntuetan jo zuen abstentziora). Presazko izaera izango du prozedurak, eta berehala izango dira argitaratuta pleguak. Gehienez ere bi urterako zerbitzu-kontratua izango da, trantsizio modura. Modu horretara, zerbitzuak bermatu nahi ditu udalak, etorkizuneko kudeaketa eredua definitzeko tartea izatearekin batera.

PSE-EEk eta EAJk abstentzioa

Xarles Iturbe EAJko zinegotziak gaitzetsi egin zuen egungo gobernu-taldeak egoeren erantzukizun osoa enpresa emakidadunari leporatzea, «uztaileko osoko bilkuran zuzenean aurreko gobernu-taldeari leporatu zionean». Iturbek azaldu zuenez, gatazka konpontzeko «biderik gatazkatsuena» aukeratu du gobernu-taldeak. Izan ere, Iturberen ustetan, kontratua «adostasunik gabe suntsiaraztea» ziurgabetasunez betetako bidea da, «ez baita ziurra Batzorde Juridikoaren nahitaezko txostenak erabaki hori bermatzea». Gatazka epaitegietan amaituko dela azpimarratu zuen; «gainera, enpresa pribatuek asko pentsatuko dute udal honetako lizitazio publiko berrietara aurkezterako orduan».

EAJko zinegotziak «18 urte iraun duen kudeaketa eredu arrakastatsu eta emankorra» nabarmendu zuen: «Eredu hori erreferente izan da beste kirol-instalazio batzuetarako, eta langileen lan-baldintzak hobetu zituzten hitzarmenak sinatzeko ere balio izan du». Lizitazio berriari dagokionean, «lankidetza publiko-pribatuko eredu baten alde» egiten duela, «aurrekoan bezala» esan zuen Iturbek. Bertan, «indarrean dauden lan-hitzarmenak» hartu direla erreferentziatzat gaineratu zuen, «beraz, ez dago inolako hobekuntzarik langileen soldata-baldintzei dagokienez». Eta, enpresaren mozkin industriala % 3tik % 6ra igarotzen dela ere nabarmendu zuen, «inolako azalpenik gabe, beraz, enpresaren irabaziak bikoiztuz».

Halaber, bertako pleguei «bai ala bai» errekurtsoak jarriko zaizkiela esan zuen Iturbek eta lan-gatazka ikusita lizitaziora enpresarik ez aurkezteko arriskuaz ohartarazi zuen; «eta baten bat aurkeztuta ere, enpresa horrek (BPXport edo beste edozein izan) egungoak hobetuko dituen lan-hitzarmen berri bat negoziatzeko bermerik ez dago».

Jose Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak, bere aldetik, kirol instalazioak kudeatzeko orain arte indarrean zegoen kontratua eteteko eta lizitazio berria ateratzeko erabakian abstenitu izanaren inguruko azalpenak eman zituen. Batetik, oso kritiko azaldu zen ELA sindikatuarekin eta elkartasuna adierazi zien Usabal kiroldegiko «11.000 bazkideei, kirol klubei, ikastetxeei, Bide Goxo taberna-jatetxeko langileei eta fisioterapeutei». Langileen lan baldintzak mantentzeko sindikatuak funtsezkoak direla esan zuen, baina «ez dut ELAren jarrera ulertzen». Usabalgo kudeaketa motaren alde ere egin zuen, hau da, emakida kontratua, hain zuzen, orain arte mantendu den kudeaketa mota. «Honelako funtzionamendua oso zabalduta dago udal administrazioetan, gobernatzen duen alderdia edozein dela ere, eta eredu arrakastatsua izan da hasieratik, bai kalitate aldetik eta baita ekonomikoki ere, udala eta enpresa onuradun atera direlako.

 

Bestalde, BPXport enpresari 10 urtetako lizitazioa eman izanak «onura» ekarri diola udalari esan zuen: «Urtero 120.000 euro ordaindu behar zion udalari, 1.380.000 euroko inbertsioa egin behar zuen, ezin zuen nahi adina etekin atera muga bat duelako». 2023. urte hasierara joanda langileak lan baldintzak negoziatzen hasi zirenekoa gogoratu zuen. «EAJ eta PSE-EE isilik egon ginen eta medioetan atera ginenean instalazioen itxiera neurrigabea zela esateko eta akordioaren alde egiteko izan zen». Une batean langileen eta enpresaren artean jarrerak gerturatu zirela gogoratu zuen, baina gauzak «okertu» zirela ELAk maiatzean greba mugagabea iragartzean. «Guk esan genion ELAri itxiera baten ondorioak oso larriak izango zirela, baina ez genuen itxiera gelditzerik lortu». ELAren jarrera gaitzetsi zuen eta galdetu zuen ea zergatik zabaldu zituen, zabaldutako mezuak hauteskunde garaian: «ELAk interesa zuen gobernu aldaketa bat egoteko?». Behin hauteskundeak pasa eta udal gobernua aldatuta, une honetan irtenbide bakarra lizitazio berria ateratzea dela esan zuen, baina Villanuevaren ustez ez da irtenbide ona: «ziurrenik dugun aukera bakarra da. Udalak ez badu hau egiten, noiz arte luzatuko da? Ez da irtenbide ona, horregatik abstenitu naiz».

 

Alkatearen erantzuna

 

Behin EAJ eta PSE-EE alderdien ordezkarien hitzak entzunda, Andu Martinez de Rituerto alkateak zenbait puntu argitu nahi izan zituen. Esan zuen euren asmoa ez zela atzera begira jartzea, baina ikusita bi esku hartzeetan horrela egin zutela, hasteko azken batzordea ekarri zuen gogora. «Batzordeak bi ordu iraun zuen eta luze eta zabal hitz egin genuen. Batez ere, teknikariek eman zituzten eman beharreko azalpen guztiak. Nik ondoren, prentsaurrean eman nuen informazio batzordean emandakoaren laburpena izan zen. Guk hilabete hauetan informazio publikoarekin barne gatazka bat izan dugu, momentu askotan emandako informazioak prozesua bera zalantza jartzea zeukalako. Batzuetan, beraz, barne gatazka hori izan dugu, eta nahi baino informazio gutxiago eman behar izan dugu. Dena den, zuek eta kirol taldeek informazio guztia izan duzue. Eta beti eskatu zaizue zuhurtzia informazio labainkorra zelako eta prozesua hankaz gora jarri zezakeelako».

 

Haserre mintzatu zen alkatea eta gezurretan aritu izana gaitzetsi zuen. «Bigarren aldia da gezurrak entzuten ditugula eta nik normalean ez dut hain argi hitz egiten, baina Zubi Berriaren kontuarekin berriz ere gezurrak esan zenituzten –EAJ-ri zuzenduaz–. Guk inongo momentuan ez genuen esan eraisketaren kontra geundenik, eta halaxe esan zenuten, eta eskerrak gauzak grabatuta daudela gaur egun. Eta gai honekin berdina egiten ari zarete. Guk inongo momentuan ez dugu esan gatazka hau erraza zenik, guk gatazka hau sortu zenean esan genuen gauza bakarra zen, langile guztiek dugula eskubidea gure eskubideen alde egiteko, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu. Gu ez gaude langileei esateko zein den euren borrokaren mugak». PSE-EE-ren ordezkariak bere esku hartzean EH Bilduk kiroldegia publiko egitearen alde egin zuela esan zuen, eta Martinez de Rituertok erantzun zion ez zekiela hori nondik atera zuen: «Guk defendatu dugun gauza bakarra da zoritxarrez zerbitzu publiko gehienak enpresa pribatuen esku daudela, hori da errealitatea eta zoritxarrez legediak horretara bideratzen gaitu. Guk zerbitzu publiko bat emateko lau baldintza bete behar direla esaten dugu: zerbitzu horrek kalitatezkoa izan behar du, langileek lan baldintza duinak izan behar dituztela, administrazioak kontrola izan behar duela eta bideragarritasun ekonomiko orekatua izan behar duela. Lau baldintza horiek betetzen badira ez dut esango zerbitzua entitate pribatuak edo publikoak eman behar duen, baina lau baldintza horiek bete behar dira». EAJ alderdiko Xarles Iturbek informazioa jaso ez izana salatu zuen, era berean, eta erantzun zion «nik beti dut nire atea irekita, bileraren bat ez badut, beti dut atera irekita, kontsulta motzak egiteko... eta ez duzue ekarpen bakarra egin».

 

Irtenbide «gatazkatsua» lortu izanaren inguruan erantzun zuen «bai zuek eta bai guk ahalegin guztia egin dugu soluzioa bilatzeko, mila aldiz esan dugu. Sei hilabete ondoren, irtenbide gatazkatsu bat? Hori bilatuko bagenu bigarren hilabetean egingo genuke, eta ez orain. Saiatu gara gauzak bideratzen, eta gure teknikariak presionatu ditugu, hitz hori erabili badaiteke, irtenbide bat bilatzeko hona iritsi gabe eta behin eta berriz eskatu diegu arakatu zezatela hitzarmena ikusteko ea finantziazio bide berri bat ba ote zegoen, eta bai teknikariek eta baita kanpoko aholkularitza enpresak ere, esan digute kontratu honek daukan finantziazio iturri bakarra bazkideak direla. Diru kopurua igo daiteke printzipioz, bazkide kopurua igota. Pleguak egin ziren oso kalkulu kontserbadoreekin, Tolosako kiroldegiak 11.700 bazkide zituen 2019an eta kalkuluak 9.000 bazkiderekin egin ziren, ia 3.000 bazkideko aldea dago, dirutan ia milioi erdi bat da hori, pentsa finantziazio iturria ote den hori edo ez».

 

PSE-EE alderdiko ordezkariak esan zuen kudeaketa sistema ona galduko duela Tolosak eta Martinez de Rituertok ez zuen ukatu: «Kudeaketa sistema ona galduko dugula diozu, baina hori galdu genuen, ez dut ukatzen, zerbitzu borondatea duen enpresa batekin emakida kontratua oso egokia izan daiteke, ez dut ukatzen, baina diozun bezala nire kezka da kontrola galtzen duzula, baina kanon bat jasotzen duzu, egia da, inbertsioak egiten ditu enpresak eta erosoa izan daiteke administrazioarentzat. Kasu honetan baina, enpresak 2024rako aurkeztutako aurreikuspenetan 293 mila euroko ekarpena egiteko eskatzen zigun, eta horrek emakida batean ez dauka tokirik, legea urratzen du horrek, ezin genuen ulertu. Eskatzen zuen ere kuoten 2,1eko igoera, 60 bat miloi euro suposatzen du horrek, hau da kontratuaren gainetik jartzea. Partida desberdinetan, hornikuntzetan, egungo prezioaren bikoitza eskatzen zuen. Hau da, eskatzen zuen ia miloi erdi bat kontratuaren gainetik». Alkateak udaleko teknikarien lana nabarmendu zuen eta aukeratutako irtenbideari buruz esan zuen, behar bada ez dela onena izango «baina ez dago besterik. Irtenbide posible bakarra da». «Ahalegin guztia egin da akordioaren bidea jorratzeko, eta kontratu hori goitik eta alde guztietatik aztertu dugu. Guk kontratua enpresarekin dugu eta txostenean ezin dugu hitz egin langileen eskaeren inguruan. Enpresak 6 hilabetez ez du zerbitzurik eskaini». 

 

Bestalde, langileek azaldu dutenez, lizitazioaren pleguak publiko egitea ari dira itxaroten, eta horiek aztertu ostean hartuko dute erabakia. Alegia, orduan erabakiko dute grebarekin jarraituko duten ala bertan behera utziko duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!