Tolosako kirol instalazioen egoerari irtenbidea eman nahian, eta behin prozedura administratibo eta txosten juridikoak osatuta, udalak eman dituen eta aurrerantzean emango dituen urratsak azaldu ditu, gaur, Andu Martinez de Rituerto alkateak, udaletxean egindako agerraldian.
Alkateak iragarri duenez, gaur goizeko Antolakuntza Lan Esparruko batzordean informazio guztia partekatu ostean, datorren astearterako, hilaren 14rako, ezohiko batzarra deitu du udalak, kirol instalazioen kudeaketarako indarrean dagoen kontratua deuseztatzeko, eta lizitazio berri baten prozesua abian jartzeko.
Lehen aukera elkarrizketaren bidez adostasunak bilatzea izan dela azpimarratu du Martinez de Rituertok: «Saiakera ugari egin badira ere, blokeo egoera puskatzea ezinezko izan da, eta kontratuari eragiten dioten neurriak hartzea besterik ez da geratu».
Bi arrazoi nagusi
Udalak egindako azterketa administratibo, tekniko eta juridikoen arabera, enpresak bi puntutan urratu du kontratua bereziki: datu ekonomikoetan hasierako proposamenean ez zegoen kontzeptua sartu du, kontratuaren emaitza ekonomikoa desitxuratuz. Gaurko batzordean, 2022ko emakidadunak ustiapen kontuan aurkeztutako datuak ez onartzea erabaki dugu, hain zuzen; eta, bereziki garrantzitsuena, denbora luzez adostutako zerbitzua ez du eman.
«Alde batetik, azterketa ekonomikoek erakutsi dute kontratua bideragarria dela. Gainera, argi ikusten da, emakida-kontratuen kasuetan enpresaren esku egon beharko lukeen arrisku-operazionala ez duela bere gain hartzen», azaldu du.
Zerbitzu faltaren inguruan, alkateak argitu du emakida-kontratuetan enpresak konpromiso eta betebehar batzuk dituela, horien artean zerbitzua modu jarraituan ematearena, eta maila ezberdinetako auzitegiek emandako epaien arabera, lan gatazka bat ez dela inondik ere pisuzko argudio bat kontratuan jasotako zerbitzua denboran mugarik gabe ez ematea justifikatzeko. «Sakon aztertu dira erabakiak, juridikoki oso konplexuak baitira. Baina ikusi dugu pisuzko arrazoiak dituela udalak erabaki hau hartzeko. Eta aldeko jurisprudentzia ere bada», gehitu du.
Gehienez bi urterako lizitazioa
Behin kontratua deuseztatuta, lizitazio berri bat abiatzea proposatuko da batzarrean, interes publikoko arrazoiengatik presazkotzat jo beharko dena. Aldaketa nabarmenak izango ditu.
Hasteko, kontratu motari dagokionez, ez da emakida-kontratu bat izango, zerbitzu-kontratu bat baizik. «Halaxe aholkatu dute udaleko teknikariek. Zerbitzuak are gehiago bermatuko lituzke, gainera». Iraupena ere mugatua izango da, gehienez bi urterako: urtebetekoa, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Prezio-kalitate lotura ere lehenetsi da, eta kontratuaren prezioa legeak ematen dituen mugen barruan kalkulatu da.
«Trantsizio baterako kontratua izango da, alde batetik, zerbitzua berrezartzea ahalbidetuko duena, eta bestetik, etorkizuneko kudeaketa ereduaz hausnartzeko denbora emango diguna», nabarmendu du alkateak. Era berean, azaldu du, gaur egungo enpresa behartua dagoela zerbitzua ematera, lizitazio berria esleitu arte.
Greba eteteko eskaera
Hain zuzen, esleipen prozesua amaitu baino lehen, kiroldegia irekitzeko beste aukera bat ere badela aitortu du alkateak: «Aukera bat izan liteke langileek greba etetea erabakitzea, behin behinean behintzat. Eta herriak benetan premia handia duela ikusita, eta etorkizunean orain sortutako gatazka eta arazoak bideratzeko pausoak eman direla ikusita, bihotzez uste dut urrats horiek emango direnaren esperantza dudala».
Agerraldiaren amaieran, Andu Martinez de Rituertok begirunea azaldu die kaltetutako erabiltzaile eta kirol taldeei: «Nire begirunea azaldu nahi diet ere bai, kirol taldeetako kirolari, langile, boluntario eta gurasoei, edota kiroldegiarekin lotutako gainerako langile eta enpresei: urte luzez egitura eta sare horiek sortzeko egindako lana kolokan jarri da, eta ezin dugu altxor hori galtzen utzi».
Era berean, afera hau ahalik eta azkarren konpontzeko konpromisoa berretsi du: «Ahalegin guztia egiten ari gara herrian berriro ere kalitatezko kirol zerbitzuak izateko eta kirol taldeen sare hori babesteko».