Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Lizitazioaren pleguak aztertu eta gero erabakiko dute Usabalgo langileek

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 13a, 18:17

Iraila hasieran langileek egin zuten agerraldia

Pleguek enpresa berriari langileekin negoziatzeko marjina ematen diotela ikusten badute, greba eten eta lanera itzultzeko prest egongo lirateke Usabalgo langileak; asteazkenean jakinaraziko dute erabakia.

Asanbladan bildu dira gaur arratsaldean Usabal kiroldegiko langileak. Biharko ezohiko batzarraren ostean kaleratuko ditu udalak lizitazio berrirako baldintza pleguak eta horiek aztertu ondoren erabakiko dute langileek lanera itzuli edo ez.

«Plegu horietan ezingo dira jaso Usabalgo langileon lan baldintzak, baina zerbitzu-kontratu hori lortuko duen enpresarekin negoziatzeko aukera ematen badigu, prest gaude greba bertan behera uzteko eta lanean hasteko. Dena den, gaur-biharretan publikatuko diren plegu horiek zehatz-mehatz aztertuko ditugu sindikatuko zerbitzu juridikoekin», esan du Eneko Egialde Usabalgo langileen ordezkariak.

Hilabeteotan luzatu den gatazkan langileek harremana izan dute udal ordezkariekin, eta Egialderen esanetan, hitz eman diete lizitazioa eskuratzen duen enpresak langileekin negoziatzeko marjina edukiko duela. «Orain arte BPXport enpresatik diru falta argudiatu izan digute beti gurekin ez negoziatzeko. Espero dugu emakida eskuratuko duen enpresa berriak kondizio egokiak eskura izatea gurekin hitzarmen duin bat adosteko. Udaletik esan digute pleguetan garantistak izango direla. Ikusiko dugu».

BPXport enpresarekin duen kontratua eteteko erabakia hartu du Tolosako Udalak eta erabaki horren inguruan galdetuta, enpresatik erantzunik ez du jaso Tolosaldeko Atariak. Usabalgo langileek uste dute, hilabeteotan ikusi den bezala, erabaki honen inguruan ere arduradunek ez dutela aurpegirik eman nahi.

Gauzak horrela, lizitazio berria atera eta zerbitzu-emakida esleitu arte, BPXportek kiroldegiko zerbitzua ematera behartuta dagoela erabakiko du gaur udalak batzarrean. «Ez dakigu enpresak alegazioak jarriko dizkion erabakiari eta zenbateraino korapilatu daitekeen prozesu administratiboa enpresa berri bat sartu arte. Tarte horretan gu BPXporten langileak izaten jarraitu beharko dugu. Baina ezin dugu ezer gehiago egin. Ezin dugu herria kiroldegirik gabe utzi, BXPporten kontratuaren etetea irmoa izan arte».

Langileen ustetan, oraingo honetan diferentzia da esleipen berri horretan euren lan hitzarmena negoziatzeko baldintza batzuk eman daitezkeela. Esperantza badaukate. «Orain arte guztiz blokeatuta egon da auzia. Ez bakarrik langileok hitzarmena negoziatzekoa, udaletik ere esan dute saiakerak egin dituztela eta ez dutela blokeo egoera puskatzea lortu». Langileek epe motzean egoera konpontzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!