Ama eta Casa Julian saritu dituzte, Madrilen

Ataria 2023ko azaroaren 10a

Tolosako jatetxeek urrezko garaikur bana jaso dute Tapas Magazine gastronomia aldizkariaren eskutik.

Bigarren urtez, Tapas Magazine aldizkariak gastronomia munduko pertsonaia esanguratsuenak bildu ditu Madrilen, azken urteko jatetxe garrantzitsuenak ezagutzera eraman eta Urrezko T Sariak banatzeko. Iaz bezala, 18 jatetxetako sukaldari talentudunak saritu dituzte, autonomia erkidego bakoitzeko bana.

Bada, eskualdeko bi jatetxe saritu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko Urrezko T Saria Tolosako Ama jatetxeak eskuratu du. Carlos Latre umoregilearen eskutik jaso dute saria Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek.

Tolosako Casa Julian erretegiak ere jaso du saria. Hain zuzen, sukaldaritza klasikoari omenaldia egiteagatik jaso du Urrezko T garaikurra. Xabier Gorrotxategi sukaldari tolosarrak jaso zuen saria, Mayte Calvo Viña Pomal babesleko zuzendari teknikoaren eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!