Gipuzkoako guraso taldeen hausnarketa saioa, gaur, Tolosan

Ataria 2023ko azaroaren 8a

Nerabeen artean mugikorraren erabileraren inguruan hausnartzeko Gipuzkoako guraso talde ezberdinen bigarren bilkura izango da, gaur, Tolosaldeko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan; hitzordu irekia antolatu dute elkarren berri izan, esperientziak partekatu eta komunean dituzten helburuak finkatzeko.

Gipuzkoako guraso talde ezberdinek lanean jarraitzen dute eta ekainean lehen hitzordua egin ondoren, gaur, asteazkena, bigarren bilkura egingo dute 18:00etatik 19:30era, Tolosaldeko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan (LHII). «Pantailekin kezkatuta zaudetenoi, aurtengo ikasturtean oihartzun handia izan du gu guztiok batzen gaituen gai honek. Horregatik zuetako batzuk gurekin harremanetan jarri zarete eta besteekin elkar topatu gara bidean ekintza batean edo bestean. Elkarrizketa guztietan sortu da gaia: komenigarria dela bakoitzak zer egiten duen entzun eta azaltzea, baita elkarren berri izatea ere», azaldu dute taldekideek. Helburu horrekin antolatu zuten ekaineko saioa eta gaur berriro helduko diote gaiari nahi duen ororekin, «guztiok elkarren berri izan, esperientziak elkarbanatu eta helburu komunak finkatzeko».

Duela hilabete batzuk aurkeztu zuen Tolosako guraso talde batek nerabeen artean mugikorraren erabileraren inguruan hausnartzea helburu duen taldea; bestalde, Tolosako Udalak martxan jarri duten lehen ekimena babestu du. Hala, beharra izanez gero, udal eraikin eta saltokietan telefonoak erabili ahal dituzte nerabeek, mugikorra izateko adina atzeratzeko. 

Gipuzkoako guraso talde ezberdinen taldeak Lizartza, Ordizia, Beasain, Legorreta, Ibarra, Hernani, Irun, Arrasate, Azpeitia, Azkoitia, Eibar, Alegia, Zumaia, Idiazabal, Elgoibar, Arrasate, Aretxabaleta, Orio, Oiartzun, Usurbil, Leioa, Gasteiz eta Ondarroara luzatu du biharko hitzordurako gonbidapena. Hala, bertaratu edo antolaketan lagundu nahi duenak inprimaki hau betetzeko eskatu du. Halaber, interesa edukiko lukeen beste edozein udalerritako talderen bat ezagutzen duenak deialdia zabaltzeko eskaera ere egin du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!