Txapel mordoa irabazi dituzue gaurko lehiaketan. Zer sentitu duzue?
Esperientzia zoragarria izan da. Oraindik ez dugu sinisten eta ez dugu asimilatu, baina ilusio handienarekin gentozen eta lan asko eginda Tolosara. Ez genuen inondik inora espero halako sari zaparrada eta txapel pila.
Ikusle bezala ere egon zarete. Nola bizitu duzue txapelketa beste aldean?
Nere abesbatzak abestu arte ez nuen ezer entzun, eta horren ostean, saio batzuk entzuteko aukera izan nuen. Maila oso altua zegoela ikusi nuen, eta une batean taldekideei esan nien: "Aizue, aurten lasai, izugarrizko maila dago, beraz, badaezpada, ahaztu sariak».
Eta, azkenean, zuek gailendu zarete besteengan.
Hala dirudi. Lehenengo bi sariak, folklore eta polifonian, sari nagusia, publikoaren saria eta euskal obra onenaren saria. Beraz, ezin hobeto.
Zein izango duzue hurrengo erronka?
Tolosan irabazteak txartela ematen digu datorren urtean Bulgariako Varnan ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusira joateko. Abesbatza munduan hori Champions antzeko bat izango litzateke, Europan zehar egiten diren sei abesbatza lehiaketetako irabazleek hurrengo urtean lehiatzen dute beraien artean. Kasu honetan, datorren irailak 14ean Vanan izango gara Tolosako Abesbatza Lehiaketa ordezkatzen.
Eta, datorren urteko Tolosako Abesbatza Lehiaketan ere, ezta?
Aurtengoarekin nahikoa izan dugunez, Tolosa deskantsatzen utziko dugu momentuz.