Inauterietako kartel lehiaketarako lanak aurkeztu ahalko dira astelehenetik aurrera

Ataria 2023ko aza. 3a, 13:51

2023ko inauterietako kartel irabazlea Laura Sanzek egin zuen.

Azaroaren 24a izango da lanak aurkezteko azken eguna; kartel irabazlearen egileak 1.500 euroko saria jasoko du.

Datorren astelehenean, azaroaren 6an, zabalduko da Tolosako Inauterietako kartel lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Kartelean ondoko testua txertatu beharko da: Inauteriak 2024, otsailak 8-14 / Tolosa. Era berean, Tolosako ikur komunikatiboa integratuta eramango du aurkeztutako lanak. 

Nahi duen orok izango du lehiaketan parte hartzeko aukera eta obrak, ideia nahiz edukiari dagokionez, originalak izan beharko dute derrigor, eta jendaurrean aurkezteko modukoak. Plagio edo kopia susmorik sortuko balitz, epaile taldeak erabakiko luke proposamena onartu ala baztertu, eta erabakia apelaezina izango da. 

Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake. Kartelaren aukeraketak hiru fase izango ditu. Lehenengo fasean, datorren astelehenetik aurrera, azaroaren 6tik 24ra lanak aurkezteko epea zabalduko da. Bigarrengoan, azaroaren 26tik 30era, kartel irabazlearen aukeraketa egingo da eta epaimahai batek aurkeztutako lan guztietatik bat aukeratuko du. Eta hirugarren eta azken fasean, berriz, abenduaren 10etik 14ra, irabazlearen iragarpena egingo da. 

Kartelaren ezaugarriei dagokionez, original guztien neurri bertikalak 50x70 zentimetroko proportzioa izango du. Koloreari eta teknikari dagokionez, aldiz, aukerakoa izango da eta kartela formatu digitalean aurkeztu beharko da irudi bektoriala duen artxibo batean. Artxiboaren gutxieneko erresoluzioa 300 ppp-koa izango da eta gehienez 5 MB izango ditu hautaketaren lehenengo fasean. Irabazle aukeratu den hautagaiak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena. 

Saria, 1.500 euro

Kartelak aurkezteko azken eguna azaroaren 24a izango, 14:00etan. Obrak fitxategi digital batean entregatu behar dira, Tolosako Udalak bere webgunean (Tolosa.eus) horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez: https://www.tolosakoudala.org/kartel-lehiaketa/ . Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat kartelaren identifikatzailea. 
Saria 1.500 eurokoa izango da eta honi dagokion atxikipena edo erretentzioa egingo zaio. Epaimahaia Kultura, Festak eta Gaztedia departamentuak izendatuko du, emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatua bermatuz. Hala, generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez. 

Saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira. Horiek egoki deritzon publizitate lanetan ere erabili ahal izango ditu. Kasu horietan, autoreek ez dute inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik, ez eta jadanik eskuratutako sariaren zenbatekoaz gain beste diru kopururik jasotzeko ere. Gainera, saritutako lanak eduki ditzakeen jabetza intelektualaren gaineko eskubide guztiak Tolosako Udalari emandakotzat joko dira, inolako kontraprestaziorik gabe. 
Inauterietako kartel lehiaketako informazio gehiago nahi duenak 943 670388 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbidera idatzi dezake. Nahiago duenak, kultur etxera (Trianguloa, 1) jo ahalko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!