Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, hausnartzeko espazioak sortu nahi dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 2a, 17:25

Tolosako Udalak, zenbait eragilerekin elkarlanean antolatuta, azaroaren 25ari lotutako egitaraua aurkeztu du; besteak beste, euskal emakume eskultoreen erakusketa, antzerki saioa, hitzaldia eta manifestazioa izango dira datozen asteetan.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren baitan, egitarau mardula izango da Tolosan, Tolosako Udalak, Tolosako Asanblada Feministak, E3 Euskal Emakume Eskultoreen Elkarteak eta Evaren Alabak antzerki taldeak antolatuta. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean aurkeztu dituzte datozen egunetarako ekitaldiak. «Indarra hartzen ari den eguna da, eta Tolosako emakumeok egun honi ikusgarritasuna emateko eta herritarrak eta gizartea kontzientziatzeko ahalegin handia egiten dugu. Horrelako ekitaldien bitartez, hausnartzeko espazioak sortu nahi ditugu, urtetik urtera geroz eta biktima gutxiago izan ditzagun», esan du Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko berdintasun zinegotziak.

Azaroaren 25aren inguruko egitaraua euskal emakume eskultoreen erakusketarekin hasiko da bihar, ostirala, hilak 3. Euskal Herriko 20 artisten 40 lan jasotzen dituen Muttertum. Euskal Emakume Eskultoreak erakusketa kolektiboa inauguratuko dute, 19:00etan, eta lan horiek abenduaren 9ra arte egongo dira ikusgai, Aranburu Jauregian. Asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era (jaiegunak itxita) izango da erakusketa bisitatzeko aukera.

E3 elkartea handitzen doala adierazi dute bertako kideek 2021ean sortu zuten eta Barakaldon jarri zuten ikusgai lehen erakusketa: Zubiak Ehuntzen. Orain, bigarren bilduma ezagutaraziko dute. «Sinergia asko sortu dira artista guztien artean. Muttertum kontzeptua historiaurretik dator, baina gaur egun oso presente dagoen zaintzaren eta elkartasunaren gaiari egiten dio erreferentzia. Sinbolikoki pisu handiko hitza delako erabaki dugu erakusketari izen hori ematea», adierazi dute.

Elkarteko kideek aitortu dutenez «oso zaila» izan da lanak aukeratu eta arrazoi jakin batekin erakusketan zehar kokatzea. «Adierazterako garaian, egile bakoitzari aske izaten utzi diogu. Lan guztietan gaur egun ezinbestekoa den aldarrikapena da errepikatzen den kontzeptua. Batzuek mezu argi eta zuzenekin transmititzen dute aldarrikapen hori. Beste batzuek, berriz, mezu zorrotzak erabiltzen dituzte. Lan sotilak eta leunak dituditen arren, aldi berean, gazi-gozoak dira».

Elkartearentzat erakusketa oso garrantzitsua dela nabarmendu dute, «artisten arteko oreka horren baitan bizitzeko beste modu bat dagoela adierazten duelako». «Balio dezala herritarrak kontzientziatzeko, non gauden, gaur egungo errealitatea zein den eta zer nahi dugun benetan jakiten laguntzeko. Indarkeria ontzat hartzen du gizarte osoak, batez ere gazteek, baina ezin dugu halakorik onartu», gaineratu dute.

Muttertum, ordea, ez da erakusketa soil bat izango; bestelako ekintzak ere egingo dituzte bertan. Esaterako, azaroaren 15ean (euskaraz) eta azaroaren 22an (gaztelaniaz) bisita gidatuak eskainiko dituzte, bi ahotsetako poema irakurketekin lagunduta; 19:00etan izango dira bi saioak. Horiez gain, ikastetxeei eskainitako bisita gidatu bat ere egingo dute, azaroaren 23an, 10:00etatik 11:00etara eta 11:30etik 12:30era. Bisita gidatuak ez ezik, tailerrak ere egingo dituzte; azaroaren 10ean izango dira, 18.00etatik aurrera, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora idatziz.

Bestetik, larunbat honetan, azaroaren 4an, Evaren Alabak taldearen Ring antzezlana ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Aranburu Jauregian bertan. «Antzezlanak, alde batetik, diskurtso feministaren eta norberaren jokabidearen artean dauden kontraesanak eta sistema zehatz batetik zahartzaroa, loditasuna eta inperfekzioa baztertzen dituen zapalkuntza jasaten duen emakumeen gorputzaren gaia azaleratzen ditu. Bestetik, portaera matxistak eta bortitzak aldatzeko indarkeria erabili behar den ala ez mahaingaineratzen du», azaldu du Eceizak. Umorezko antzezlan bizia, kritikoa eta aktiboa dela gaineratu du, eta arrakastatsua izango dela aurreratu dute, dagoeneko saio horretarako sarrera guztiak agortu baitira.

Hitzaldia eta manifestazioa

Bestalde, Tolosako Asanblada Feministak antolatuta, Alokairu sabelak hitzaldia eskainiko du Garbiñe Biurrunek azaroaren 7an, asteartea, Topic-en. 19:00etan hasiko da hitzaldia, eta Biurrunek gaiaren inguruko datuak, zenbait egoera eta ondorioak aurkeztuko ditu. Hitzaldia amaitutakoan publikoak galderak egiteko aukera izango du. Ekitaldia euskaraz izango da, baina gaztelerarako aldibereko itzulpen zerbitzua ere egongo da. Eztabaidaz inguratuta dago alokairuko sabelen gaia. Antolatzaileen hitzetan, guraso izan nahiaren aurrean eskaintzen den «irtenbide polemikoenetakoa» da. Era berean, uste dute azken urteetan dimentsio handia hartu duela gaiak, eta aldeko zein kontrako iritziak hedatu direla. Aipatu dute, baita ere, gaiaren inguruko zenbait kasuk «sekulako» arreta informatibo eta mediatikoa izan dutela.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, azaroaren 25ean, Trianguloa plaza izango da aldarrikapenerako gunea, 19:00etan manifestazioa egingo baitute, Tolosako Asanblada Feministak deituta. Ondoren, Numen dantza taldeak saioa egingo du; Euskal Emakume Eskultoreak taldeak, berriz, Indarkeria sexistaren aurkako litaniak performance-a eskainiko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!