Alokairuko sabelei buruzko hitzaldia, Tolosan

Ataria 2023ko aza. 2a, 11:57

Garbiñe Biurrunek gidatuta, azaroaren 7an izango da hitzaldia, Topic-en; Tolosako Asanblada Feministak antolatu du.

Datorren asteko asteartean, azaroaren 7an, alokairuko sabelei buruzko hitzaldia egingo dute Tolosako Topic-en. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta Garbiñe Biurrun Mancisidor izango da hizlaria.

Ekimena Tolosako Asanblada Feministak antolatu du Tolosako Udaleko Berdintasun sailaren babesarekin, eta Biurrunek aurkeztuko ditu gaiaren inguruko datuak, zenbait egoera eta ondorioak. Hitzaldia amaitutakoan publikoak aukera izango du galderak egiteko. Ekitaldia euskaraz izango da, baina gaztelerarako aldibereko itzulpen zerbitzua ere egongo da.

Jakina den bezala, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, Tolosako Asanblada Feministak antolatu duen ekimenetako bat da alokairuko sabelei buruzko hitzaldia.

Gai eztabaidatsua

Eztabaidaz inguratuta dago alokairuko sabelen gaia. Antolatzaileen hitzetan, guraso izan nahiaren aurrean eskaintzen den «irtenbide polemikoenetakoa» da. Era berean, uste dute azken urteetan dimentsio handia hartu duela gaiak, eta aldeko zein kontrako iritziak hedatu direla. Aipatu dute, baita ere, gaiaren inguruko zenbait kasuk «sekulako» arreta informatibo eta mediatikoa izan dutela.

Hizlariaren soslaia

Garbiñe Biurrun Euskal Herriko Unibertsitateko Lan eta Gizarte Segurantza arloko irakaslea da 1982. urteaz geroztik. Aurretik ere eman ditu hitzaldiak genero indarkeriari eta berdintasunari buruz, eta gai berari buruzko artikuluak ere argitaratu izan ditu hainbat euskarritan. Epailea da 1987tik, eta 2009tik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidente ere bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!