ELKARRIZKETA

«Kultura elkar ulertzeko tresna da»

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 5a, 07:58

Xabier Ormazabal Zaballos kulturgilea. J.M.

Hiru erpineko bizimodua darama, hiru lanbidetan banatuta Xabier Ormazabal Zaballosek: Tolosako Ekinbide Etxean, Xake antzerki konpainian eta Donostiako antzerki eskolan. Hiru esparrutan arte eszenikoek mugiarazten dute baina bere jarduna, gehienetan, agertoki atzean gauzatzen da. Suhar gizon abesbatzako kide gisa, ordea, taula zapaltzea egokitzen zaio tarteka; ez edozein gisako agertokitan gainera, Tolosako Abesbatza Lehiaketan aritu zen herenegun.

Tolosako Laskoain kalean sortua da Xabier Ormazabal Zaballos (Tolosa, 1972), eta kaletartzat du bere burua, baina orain Anoetan, landa gunean «oso gustura» bizi dela dio. Atseden egunak bertan «lasai» egoteko baliatzen ditu.

Nola oroitzen duzu zure txikitako Tolosa?

Ikastolan ikasi nuen, eta gogoratzen dut adinaren arabera toki batera edo bestera joaten ginela, Sakramentinoetara hasieran, gaur egun musika eskola dagoen tokira gero, eta helduagotan Usabalera. Akordatzen naiz nola egiten genuen harako bidea neguan, elur eta izotz artean. Ordutik ederki aldatu da klima eta baita Tolosako paisaia ere. Esango nuke onera egin duela herriak, irisgarriagoa dela urbanistikoki eta kulturaren ikuspegitik ere zabalagoa dela eskaintza.

Musikarako, kanturako joera etxetik datorkizu?

Baietz esango nuke. Nire amak abesbatzetan kantatu izan zuen eta arrebak ere bai; antzerkiarena ere ikastolan probatu genuen lehen aldiz. Dena den, berantiarra izan naiz zentzu horretan. 30 urte bete arte ez nuen kulturgintzaren mundu honetan erabat murgiltzea erabaki.

Bitarte horretan aisialdi taldeen mundu horretan jardun zenuen nagusiki.



Bai. Kazkabarrako kide izan nintzen eta gaztaro guztia aisialdiari eskaini nion. Gero formazioa jaso, eta Donostiako Urtxintxa eskolan lanean aritu nintzen, irakasle. Beti gustatu izan zait gazteen artean egotea, haurrek eta gazteek asko ematen dute, eta haien aldamenean asko ikasten da.

Irudi eta soinu bidezko komunikazioan erdi mailako gradua egin zenuen, ordea, Andoainen. Zergatik?

Nik ere ez dakit esaten. Ez naiz izan pertsona bat bizitzan gauzak oso garbi izan dituena. Beti ibili izan naiz gauzak probatzen. Ikastola bukatzerakoan ez nekien oso ondo zer egin. Irudi eta soinu bidezko komunikazio ikasketak egin nituen Andoainen, eta saiatu nintzen mundu horretan bidea egiten. Behin bukatuta, zine ikastaro bat egin nuen Urnietako Saroben sortutako eskola batean. Lehenengo promozioa izan ginen, eta oso gustura aritu nintzen, benetan zinea egitea zer den ezagutu genuen, eta esango nuke Andoaingo hiru urteetan baino gehiago ikasi genuela han. Gazteak eta gogotsuak ginen, eta hiru film labur egin genituen. Baina oso mundu zaila da zinemarena eta aldi berean aisialdi munduan nenbilenez, eta lan aukera bezala posibleago ikusten nuenez, albo batera utzi nuen ikus-entzunezkoen mundua. Dena den, gerora, modu batera edo bestera, itzuli naiz giro horretara.

 

«Ez naiz bizitzan gauzak oso garbi izan dituen pertsona bat izan, beti ibili izan naiz gauzak probatzen»



Gaztetan hasi zinen boluntario gisa Tolosako Abesbatza Lehiaketan.

Bai. Ikastolako nire ikaskide baten aita Tolosako Ekinbide Etxeko bazkidea zen, eta gu gaur egun ibiltzen garen bezala, lehiaketarako boluntario bila zebilen orduan. Ingelesa nahikoa ondo menderatzen nuenez izena ematea erabaki nuen 16 urterekin. Probatu genuen urte hartan, eta geroztik urtetan aritu nintzen abesbatza laguntzaile bezala.

Hasieran boluntario eta gero lehiaketaren antolakuntzan langile. Nola eman zenuen pausoa?

Lehiaketaren antolaketan ibilitako Luis Ceberiok erretiroa hartu zuen 2009an, eta bere postuan hasteko proposatu ninduten. Geroztik Tolosako Ekinbide Etxeko lankidea naiz, eta Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendariorde bezala aritzen naiz.

Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 41. ediziotik ari zara antolakuntzan. Parte hartzen duzun abesbatzetan bilakaera sumatu al duzu?

Maila artistikoan baietz esango nuke. Garai bateko saioak VHS formatuan grabatzen ziren, eta horiek digitalizatzen ibili izan garenean konturatu gara zenbat ikasi dugun urte hauetan guztietan, batez ere hemengo taldeok. Gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, agian garai batean onak iruditzen zitzaizkigun abesbatzak ez zaizkigu hain onak iruditzen orain, gaur egun oraindik ere hobeak direlako. Maila amateurrean asko ikasi dugu kanpoko taldeetatik, eta irakaspen hori jakin dugu gure lehiaketan txertatzen.

Bilakaera hobera izan da alde guztietan?

Ezetz esan beharra dago. Ekarpen ekonomikoak behera egin du urte hauetan, eta diru gutxiagorekin antolatu behar dugu orain lehiaketa. Arrazoi horren ondorioz, zortzi bat urte daramatzagu bi modalitate antolatzen hiru modalitate antolatu beharrean, haur abesbatzen eta ahots taldeen modalitateak bi urtez behin antolatzen dira. Lehen 24 talde ziren parte hartzen zutenak, eta gaur egun 16 dira. Alde horretatik sumatu dugu galera, eta baita boluntarioei dagokionez ere. Lehen boluntario zerrenda handia genuen laguntzeko prest, eta gaur egun kosta egiten zaigu jendea erakartzea.

Gauza batzuetan aldatu da lehiaketa, beraz. Antolaketarako egitura ere asko aldatu al da?

Ezetz esango nuke. Ez dugu beharrik sentitu horretarako. Aldatu den gauzetako bat sare sozialena izan da. Pisu handia hartu dute, eta geroz eta indar gehiago hartzen ari da Instagram. Sareak elikatzeko jendea behar da, eta horretarako antolaketa moldatu behar izan dugu, baina gainerakoan, oinarrizko egitura berdin mantentzen dugu. Makinariak ondo funtzionatzen duela iruditzen zaigu.

Abesbatza lehiaketako zuzendariordea zara. Zein da zure egitekoa?

Nik eta zuzendariak antzeko lana egiten dugu. Urtean zehar gure erronka handienetakoa da lehiaketaren maila mantentzea. Europako Sari Nagusiaren barruan dago Tolosakoa, eta hor barruan egoteak esan nahi du maila handiko hitzordu bat dela gurea. Aukeraketan oso zorrotzak izaten gara. Ezin dugu zain egon ea zeinek ematen duen parte hartzeko izena eta horretarako, urtean zehar bidaiak egiten ditugu zuzenean abesbatzak beste lehiaketetan entzuteko. Internetetik ere egiten dugu abesbatzen jarraipena. Zerbait entzun eta oso gustuko badugu, harremanetan jartzen gara haiekin, eta parte hartzera gonbidatzen ditugu. Gerta liteke abesbatza horrek diru laguntzarik ez edukitzea hona etortzeko, eta aurten ez, baina hurrengo urterako prestutasuna agertzea. Antolaketa, beraz, urte batetik besterakoa ere izaten da. Dena den, maiatzerako dagoeneko itxi egiten dugu urte horretan kantatuko duten abesbatzen zerrenda.

 

«Erronka handia da lehiaketaren maila mantentzea. Aukeraketan oso zorrotzak izaten gara»



Maiatzetik aurrera bestelako lanak hasten zaizkizue?

Bai. Ia-ia bidaia agentzia batean bihurtzen da Tolosako Ekinbide Etxea. Abesbatza bakoitzaren informazio eskaera hasten da, argazkiak eta curriculumak eskatzen zaizkie. Gero jakin behar da zenbat lagunek osatzen duten abesbatza, noiz iritsiko diren, nora, autobusez edo hegazkinez datozen, haientzako otorduak antolatu, intolerantziak kontutan hartu... Azpiegitura hori guztia antolatu behar izaten dugu, eta dena ondo atera dadin aurretik lan handia egin beharra dago.

Zein da lehiaketaren zigilua edo marka? Nola ezagutzen gaituzte hemendik kanpora?

Gure antolakuntzarekin harrituta geratzen dira kanpotik etortzen direnak. Haien irudimenean Espainiara datoz, eta ez dute espero haiek deitzen duten antolaketa «alemaniarra». Gu saiatzen gara zehaztasun handia izaten, denborak errespetatzen, eta esandakoa betetzen. Normalean behintzat ez da sorpresarik izaten. Bisitariak ondo zaintzen ditugu, eta kanpotik datozenek esaten dute oso ondo jaten dela hemen, oso eroso eta gustura egoten direla. Izan ere, hona etortzen direnean guk abesbatzei hamar bat eguneko itzuli bat proposatu, eta Tolosakoaz gainera, beste hiruzpalau kontzertu eskaintzeko aukera ematen diegu. Era horretan, bertako jendearekin harremana egin, eta gure kultura eta idiosinkrasia ezagutzeko aukera izaten dute kanpotarrek.



Abesbatza lehiaketaren publikoa ere asko aldatu al da?

Aldatzen doa. Badago publiko fidel bat Espainiako Estatuko beste herrietatik datorrena, Espainia mailan ez dagoelako kalitate honetako lehiaketarik. Haietako asko abesbatza zuzendariak dira edo abesbatzetako kideak, eta asko ikasten dute besteen abesteko eta interpretatzeko modutik. Batez beste, 50 urtetik gorakoa da publikoa, hemen bezala baita kanpoko lehiaketetan ere. Lehen publiko gazteagoak gehiago parte hartzen zuen, besteak beste, aisialdi eskaintza txikiagoa zelako. Gaur egun, agian gazte gutxiago gerturatzen dira, baino selektoagoak dira, asko Euskal Herriko Gazte Abesbatzatik edo Musikenen zuzendaritza ikasketetatik datoz. Espezializatuagoak dira eta horretan, bai, aldatu da publikoa. Gustatuko litzaidake jende gazte gehiago etortzea, baina zaila da jendea erakartzea. Iaz musika eskoletako ikasleei gonbidapenak bidali genituen baina inor ez zen apuntatu. Uste dut badugula lantzeko arlo bat, ez guk bakarrik, baita musika erakusten duten tokietan ere.

Aurrena boluntario, gero antolatzaile, aurten abeslari bezala ere parte hartu duzu.

Egia esan berandu xamar hasi nintzen abesbatzetan kantari. Boluntario bezala hasi lehiaketan, eta 26 urte inguru nituela eman nuen pausoa, Kazkabarra utzi eta denbora gehiago neukanean, Hodeiertzekoak animatu ninduten hastera. Geroztik ez diot kantatzeari utzi. Conductus Ensemble, Kup taldea eta orain Suharren nabil. Aurten, gainera, Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartu dugu. Aurretik ere, Hodeiertz eta Kup taldearekin ibili izan naiz lehiaketan, eta lotsa apur bat ematen dit, aldi berean parte hartzaile eta antolatzaile izateak. Baina tira, pentsatzen dut horrek ere balio didala abesbatza baten beharrak zeintzuk diren hobeto ezagutzeko. Oso diferentea da lehiaketa barrutik bizitzea.

Asteazkenean kantatu zenuten. Saririk espero al duzue?

Ikusiko da. Aurten lehendabiziko aldiz parte hartu genuen nazioarteko lehiaketa batean, Europako Sari Nagusiko parte den Esloveniako Mariborren. Proba egin eta bigarren geratu ginen. Programan gauzatxo batzuk aldatu ditugu, hemen obra behartuak daudelako, eta ordurako egindako lana probestuz, parte hartzea erabaki dugu. Niretzat ohorea izan da Tolosan kantatzea.


Xabier Ormazabal, beheko ilaran ezkerretik hasita laugarrena, Suhar abesbatzarekin kantatzen. ATARIA


Suhar gizon abesbatzako kide zara. Ahots grabeen abesbatza da. Zenbat kidek osatzen duzue?

Duela lau urte sortu zen taldea da, eta 40 inguru gara. Euskal Herrian ez dago horrelako beste talderik. Garai batean, kalean eta elkarteetan kantatzea oso ohikoa zen eta oso famatuak ziren. Gaur egun galdu egin da ohitura hori, eta ia desagertuta daude gisa honetako taldeak, dauden bakanak 60 urtetik gorako gizonez osatutakoak dira. Gurea, aldiz, oso abesbatza gaztea da, erdiak 30 urtetik beherako mutilak dira. Horrek esan nahi du badagoela harrobi bat, hauetako asko orfeoi txikian edo beste abesbatza askotan ibilitakoak dira. Bilbotik, Gasteiztik eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako parte hartzaileak gara. Asko pozten naiz ikusita badagoela jende bat mundu hau gustatzen zaiona, eta kalitatezko talde bat sortzeko gai dena. Uste dut Suharrek bizitza luzea izango duela.

Zein errepertorio mota lantzen duzue?

Esteban Urzelai da zuzendaria, eta tarte honetan probak egiten ibili da, jakinda zein abeslari zituen eta zer eman genezakeen. Aro erromantikoak lantzen hasi ginen, gero gure folklorearekin jarraitu genuen. Urte hauetan, gure abesbatzan, soinuaren fintasunaren bila ibili gara. Ahots grabe hauekin burura datozkigunak ahots handi eta pisutsuak dira, baina gu Europako herrialdeetan entzun izan dugunari jarraituta, abesbatzari beste ukitu bat eman nahi diogu, ahots lodia eta ozena hor dago, baina beste aire batekin. Denbora honetan piezak muntatu eta fintzen joan gara. Erronkarik handiena hor izan du Suharrek, eta uste dut lortu dugula gure ahots propioa.

Kanturako ahotsa berezko kontua da, edo ikasi daiteke lantzen?

Nik, adibidez, txikitan kantatu bai, baina ez nuen oso belarri ona. Kontua ez da ahots txarra, zenbaitek entzumena dute txarra. Nire kasuan gerora landu dudan zerbait izan da, bai kantatzearena eta baita ahots teknika ere. Uste dut kantatzen ikasi daitekeela eta, batez ere, hobetu daitekeela. Garunari agintzen diozu ahots kordak modu batera jar ditzan, soinu jakin bat botatzeko, eta entrenatzen den muskulazioa bat da. Batzuk lehenago egingo dute, errazago, eta beste batzuei gehiago kostako zaie. Antzerki eskolan nik ahotsaren inguruko klaseak ematen ditut, eta ikasleen zailtasun horiekin egiten dut topo urtero.

Zuk bereziki zaintzen duzu ahotsa?

Bai. Maila jakin batean zabiltzanean zaindu beharra dago, edo behintzat kontuan izan. Zure tresna da. Lehiaketara begira, adibidez, kontuan hartu dut nik. Horrelakoetan lo asko egin dut, deskantsuak mesede handia egiten diolako ahotsari, eta ez ditut gauza oso pikanteak edo hotzak hartzen. Ahotsaren modulazioa ere zaintzen dut. Klaseak ematen ditudanean kontzienteki hitz egin behar izaten dut ahotsa ez nekatzeko.

Bikoizketa ikasketak egina zara zu ere.

Bai. REC estudioak antolatuta, izena eman nuen bikoizketa ikastaroan dagoeneko 30 urte nituela, eta gustura sentitu nintzen interprete gisa. Hortik tiraka, kartel batean irakurrita, lagun batek Donostiako Antzerki Eskolaren berri jakin zuen, eta komentatu egin zidan. Egia esan izena eman nuen oso ondo jakin gabe nora nindoan. Pentsatzen nuen, Tolosako kultur etxeko antzerki eskolan izena ematea bezalakoa izango zela, astean pare bat orduko kontua. Joan nintzen Donostiara, eta konturatu nintzen, astelehenetik ostegunera arratsaldero lau orduko saioak izaten zirela, hiru ikasturtetan banatuta. Lanean nenbilen ordurako, eta nire denbora guztiz okupatzea esan nahi zuen horrek, baina hala ere, proba egitera animatu nintzen, eta gustura jardun nuen. Hainbeste non hirugarren ikasturtea nahita errepikatu genuen lagun batek eta biok.

Donostiako Antzerki Eskolan ikasle bezala hasi eta irakasle bukatu duzu. Nolatan?

Lau urteko esperientzia hori niretzako ikasketa pertsonal handia izan zen. Ikasgai bat bagenuen antzerki eskolan, euskal intonazioaren ingurukoa. Julia Marinek sortua zen. Esatearen ederraz aritzen zitzaigun saio horretan, euskarazko testuen doinu egokiak lantzeaz. Hemen, nahiz eta antzezlan askoren zuzendariek euskara jakin ez, bi bertsiotan muntatzen dira obrak gehienetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Normalean gaztelaniaz izaten dira entseguak, eta denbora guztia horretan ematen da, eta gero euskarazko bertsioa prestatzeari pare bat aste baino ez zaizkio eskaintzen. Ardura hori aktorearengan geratzen da gehienetan, zuzendariak ez dakielako nola zuzendu obra hori euskaraz. Beraz, antzerki eskolan garrantzitsua iruditu zitzaien aktore gazteei tresnak ematea, esaten den horrek euskal doinua izan dezan. Niri berez hizkuntzak asko gustatu izan zaizkit, eta ikasgai horretan niretik asko eman nuen. Behin nik ikasketak amaituta, Julia Marini beste lan batzuk sortu zitzaizkion, eta niri eskaini zidan ikasgai horren ardura hartzea. Aurten 15 urte emango ditut irakasle bezala Donostiako Antzerki Eskolan, eta euskal intonazioaz gainera, ahotsa lantzeko eskolak ere ematen ditut. Irakaskuntzan oso gustura nabil. Ahotsa modu kontzientean erabiltzen irakasten diet ikasleei, lehen ikasturtera datozenek ez dakite askotan nola arnasten duten, nola hitz egiten duten, nola kantatzen duten. Aktoreak jartzen ditu pertsonaiaren zerbitzura bere gorputza, ahotsa eta sentimenduak. Beraz, horiek erabiltzen ikasi behar du.

 

«Aurten 15 urte emango ditut irakasle bezala Donostiako Antzerki Eskolan. Oso gustura nabil»



Xake konpainia sortu zenuten Kepa Errasti eta biok 2015ean. Horretarako beharra sortu zitzaizuen?

Aurretik, 2014an, film labur bat idatzi zuen Kepak eta animatu ginen hori aurrera eramatera. Aitona mantangorria zuen izena. Oso gustura aritu ginen, eta ibilbide bat izan zuen, sari batzuk jaso zituen. Behin hori bukatuta, pentsatu genuen: «Zergatik ez dugu ba antzerkia egingo?». Horrela sortu genuen Mami Lebrun. Diru laguntzak eskatzeko egitura bat behar genuelako sortu genuen Xake konpainia, hori baita modu bakarra gaur egun. Orduko hartan ere lortu genituen laguntzak, eta aurrera begira, horrek eman digu bidea sortu ditugun gainerako lau produkzioak egiteko.

Sormen lana bideratzen lagundu al dizu Xake konpainiak?

Biotan sortzailea Kepa da. Berak idazten ditu obrak, eta bera da normalean aktorea. Sormen prozesuan Kepak galdera asko egiten dizkit, eta nik nire iritzia ematen diot, saiatzen naiz ekarpena egiten eta bidea erakusten. Aktoreen aukeraketa eta diru laguntza eskaerak bion artean egiten ditugu. Gero kudeaketa kontuetan agian nik pisu gehixeago hartzen dut, baina dena den, bion artean adosten ditugu obraren eszenografia, musika, jantziak, maila teknikoko beharrak eta bestelakoak. Gero dator salmentaren atal guztia, eta horren gainean ere egon beharra dago. Egia esan, lan horiek ez zaizkit deserosoak egiten, eta nahikoa ondo moldatzen naiz.

Baina behin ere ez zaitugu aktore lanetan ikusi.

Nahi izanez gero, banuen aukera taula gainera igo eta aktore lanetan aritzeko guk muntatutako obretan, baina ez dut egin. Ez da ez dudala gustura egiten, baina ez da gehien gustatzen zaidana. Ikasleei ere esaten diet, lanbide asko atera daitezkeela arte eszenikoen mundu honetatik. Aktoreak bakarrik ez, ekoizleak, diseinatzaileak, eszenografoak, zuzendariak edo beste gauza asko. Ate pila bat irekitzen dira eta norberak jakin behar du nondik jo. Nik aktore lanetan aritzea ez dut erabat baztertzen, auskalo etorkizunak zer dakarren. Abesbatzarekin igotzen naiz oholtza gainera, eta beraz, ez zait erabat arrotza egiten.



Zer eman dizue Xake konpainiak?

Bizibidea ez behintzat, kontziente gara, horrelako konpainia batetik soilik ezin dela bizimodua atera, baina aukera eman digu kontatu nahi ditugun istorioak kontatzeko. Ez dugu antzerkia entretenimendu huts bezala ulertzen, eta iruditzen zaigu gai batzuk mahai gainean jartzeko aukera ematen digutela gure obrek; pentsarazten jarri nahi dugu publikoa. Umorea beti hor dago, baina tekla ukitzea ere gustatzen zaigu: heriotza, haur transexualitatea, maskulinitatea, bakardadea... gisa horretako gaiak landu izan ditugu. Printzipioz ibilbide polita egiten ari gara, eta sentitzen dugu gure hazia uzten ari garela.

Kultur emanaldiak bideratzeaz gainera, kontsumitzen duzu kultura?

Bai, noski. Gustukoa dut pentsatzea etengabe aldatzen doan gauza dela kultura. Polita da bilakaera hori ikustea. Iruditzen zait kulturak baduela, aldi berean, identitatearekin lotura eta nor garenarekin du zerikusia. Kanpotik datorrenari begiratzea ere gustatzen zait, horrek laguntzen baitit, beren kulturaren bitartez beste herrialde batzuetako bizimodua ulertzen. Iruditzen zait kultura elkar ulertzeko tresna paregabea dela. Musika da horren adibidea, testurik eta hitzik gabe, elkar ulertzeko eta emozioak transmititzeko bidea ematen digu. Edozein kultur manifestazio zuzenean doa pertsonarengana, eta horrek balio izugarria du. Kultura emozioak sortzeko eta gogoeta batzuk pizteko ere baliatu behar dela iruditzen zait.

Gaur egun gizartean behar bezainbesteko garrantzia ematen zaio kulturari?

Denetarik dago. Badago zaborraren parekoa den kultura bat, entretenimendu hutsera bideratu eta jendea pantailaren aurrean edukitzera mugatzen dena. Hausnarketarako bide laburra ematen du horrek, eta nire ustez, gaizki erabilitako kultura da. Kontsumitzailearen esku dago neurri batean, zenbateraino irensten duzun telebistan dagoen guztia edo aukeratzen duzun zer ikusi, edo bitartean liburu bat irakurri, musika entzun edo antzerkira joatea erabakitzen duzun. Bestalde kontsumitzaileen artean jende asko mugitzen duten ekitaldiak ondo funtzionatzen dute. Denoi gustatzen zaizkigu musika festibal, zinemaldi eta horrelakoetara joatea, guay-ak gara horrelakoetan. Artalde sentsazio hori ere egon badago. Uste dut kontsumitzaileok badugula ardura bat, ez bakarrik kulturgileok. Bion aldetik egin behar da ahalegina, eta zuri on egiten dizun kultura hori sortzeak eta kontsumitzeak izan behar du beti iparrorratza.

 

«Zuri on egiten dizun kultura hori sortzeak eta kontsumitzeak izan behar du beti iparrorratza»



Kulturgile gisa definitzen zara. Etiketa horren pean eroso sentitzen zara?

Bai. Arte eszenikoen inguruan lan egiten dut batez ere, antzerkia, musika, abesbatza... oholtza gaineko kultur mota hori da nik lantzen dudana.

Nondik ateratzen duzu denetarako denbora?

Justu-justu ibiltzen naiz. Batez ere garai honetan, abesbatza lehiaketaren ingurumari hauetan, ezin iritsi ibiltzen naiz. Ez da erraza oreka mantentzea hiru lanpostu ezberdinetan baina malgutasun hori lortu dut, eta hori oso ona izan da nire bizitzarako. Hala ere, beti ez naiz lanpetuta egoten eta hartzen ditut nire tarteak. Ekainetik irailera ez dut antzerki eskolarik eman behar izaten, antzerki konpainiarekin ere udan ez da hainbeste mugimendu egoten, beraz, baliatzen ditut hilabete horiek lasai egoteko.

 

«Ez da erraza oreka mantentzea hiru lanpostu ezberdinetan baina malgutasun hori lortu dut»



Eta zer egiten duzu aisialdirako baliatutako tarte horietan?

Saltsero xamarra izan naiz betidanik, baina lasai hartzen ere ikasi dut, eta adinarekin ikasi dut, batez ere, ezetz esaten. Berez nahikoa lasaia naiz, baina lasai egoten ere ikasi egiten da eta kontenplazio momentu horiek ere gozatzen ditut. Duela lau urte baserri batera bizitzera joan nintzen, eta beraz tarte bat daukadanean naturarekin harremanetan egotea gustatzen zait. Mendira joatea eta baratzean ibiltzea gustuko dut. Eskulanekin ere moldatzen naiz eta etxeko konponketak egiten ibiltzen naiz. Zeinek esango luke; kaletarra izan naiz betidanik, eta orain ikasi dut belarra mozten eta arbolak kimatzen.

Zure txikitako ume horrek irudikatuko al luke gaur egungo Xabier hau?

Ez dakit buruari jira eta buelta asko emanda ere asmatuko ote zukeen. Gaztetako Xabierrek ez zuen sekula jakiten zer nahi zuen, ez zuen behin ere garbi edukitzen. Irakasle izatea inoiz aipatu izan nuen txikitan, eta neurri batean horretan aritzen naiz Donostiako Antzerki Eskolan. Hala ere, kultura eta arte eszenikoen mundu honetan ibiliko nintzenik pentsatu ere ez zuen egingo txikitako Xabier hark. Gauzak datozen bezala hartu izan ditut, gehiegi pentsatu gabe, eta oro har, ondo atera zaizkit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!