Erreportajea

Musika zoragarria, plazerez egina

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 25a, 20:00

Ormazabal eta Arruabarrena, emanaldirako entsegu batean. ARNAITZ RUBIO

German Ormazabal piano-jotzaileak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak saio berezia egingo dute, urriaren 31n, Tolosako Leidor antzokian; aurreiritzirik gabe joatera gonbidatu dituzte entzuleak.

Poesia eta musika uztartuz,, frantziar, italiar, argentinar eta espainiar abestien sorta txiki eta zoragarria gauzatuko dute German Ormazabal piano-jotzaile tolosarrak eta Maite Arruabarrena Errenteriako mezzosopranoak, asteartean, hilak 31, Tolosako Leidor aretoan. 19:30ean hasiko da saioa, eta ordubete pasatxoan, 20 bat olerki entzuteko aukera izango da. «Mezu oso hunkigarriak transmitituko ditugu. Gehienek maitasunaren inguruan hitz egiten dute, baina badira heriotzaz mintzo direnak ere. Horiez gain, abesti xelebreak edo pikaroak entzuteko aukera izango da», azaldu du Arruabarrenak.

Hiru zatitan banatuta egongo da emanaldia. Lehen zatian, espainiar eta argentinar kantuak abestuko ditu Arruabarrenak. Bigarrenean, musikagile frantziarren melodiak entzungo dira. Eta azken zatian, italiarren txanda izango da. Ormazabalek nabarmendu du kontzertuko lehen obra Joanes Antxieta musikagile azpeitiarrarena izango dela: «Aurten bere heriotzaren 500. urteurrena da eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu, zenbait ahots taldek askotan interpretatu izan dituztelako berak idatzitako obrak Tolosako Abesbatza Lehiaketan».

Hain justu, abesbatza lehiaketa hasi aurreko kontzertua izango da asteartekoa, baina ez da izango aurrerapen saio bat, bestelako musika entzuteko aukera izango delako. «Abesbatza Lehiaketan, taldeak saria irabaztera etortzen dira, eta zenbaitetan arriskuak hartzen dituzte. Hori dela eta, askotan, entzule orokorrarentzat programa astun samarrak izaten dira. Hori kontuan izanik, interpretatuko dugun musika oso ondo idatzitakoa da, maila handikoa eta entzuteko erraza eta atsegina. Errepertorio zoragarria izango da, guk gozatzekoa, baina gehienbat, gozarazteko modukoa», adierazi du Ormazabalek.

Inolako aurreiritzirik gabe joatera gonbidatu dituzte ikusleak, «ondo sentiaraziko dituen musika» entzungo dutelako. «Askotan, musika garaikidean ez dago melodiarik; kasu honetan, ordea, beti dago presente eta zuzenean iritsiko zaio entzuleari. Emozio desberdinak sentitu ahal izango ditu, bizipen berriak, alegia. Hori beti izaten da esperientzia atsegina. Guretzat plazer handia izango da kontzertu hau egitea, ikusleak hunkitzea eta gurekin ondo pasatzen dutela jabetzea, guk ere oso ondo pasatzen dugulako», gaineratu du Arruabarrenak. Zehazki Tolosarako prestatu dute emanaldia, baina edozein lekutan egiteko modukoa dela esan dute.

Arruabarrenak eta Ormazabalek oso ondo ezagutzen dute elkar, eta zenbait errezitaldi egin izan dituzte elkarrekin, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian. «Ez dakit ondo egiten dugun, baina egiten duguna musika ona da, eta gozamen hutsa da elkarrekin aritzea. Oso ondo pasatzen dugu», esan du tolosarrak. Eskaintza hau jaso zutenean, aukera zoragarria zela iruditu zitzaien. Arruabarrenak proposatu zion Ormazabali: «Programa hau gogokoa nuela esan nion, partiturak pasa nizkion, eta berehala esan zidan baietz. Gero, Tolosatik jaso genuen deia, eta beraz, prozesu biribila izan da».

Bata zein bestea ez dira lehen aldiz ariko Tolosako antzokian. Ormazabalek emanaldi ugari egin izan ditu orain arte. Arruabarrenak, bere aldetik, abesbatza lehiaketaren zenbait ediziotan parte hartu izan du. Ondo ezagutzen dute, beraz. «Lehiaketan erabiltzen diren koltxa akustikoak jarrita egongo badira ere, berez leku lehorra da. Ez da batere erraza bertan aritzea, baina ez gaude kezkatuta, dena ondo prestatuta daukagulako», aurreratu du tolosarrak.

«Musikari osoa»

Arruabarrenak zenbait abesbatzetan hasi zuen bere ibilbidea, eta Italian osatu zituen kantu ikasketak. Besteak beste, Mozarten Don Giovanni abestuz hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta 1989an, Italiako Toti dal Monte Lehiaketa ospetsuko lehen saria irabazi zuen. «Nire harridurarako, 75 mezzosopranoren artean garaile izan nintzen. Ezin nuen sinetsi», azaldu du.

Saria eskuratu ondoren, nazioarteko antzoki entzutetsuetatik jaso zituen deiak Arruabarrenak. Opera kantaria bada ere, antzinako musikan ere lan egin du, zenbait taldetan. «Musikari osoa da. Musika arnasten du, denbora handia eskaintzen dio eta hori antzematen da. Hizkuntza eta errepertorio asko menperatzen ditu, eta bere lan guztiek dute arrazoi jakin bat eta koherentzia bat», nabarmendu du piano-jotzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!