Abendura bitarte egingo dute Zikloia, formatu txikiko antzerki jaialdia

Ataria 2023ko urriaren 26a

Aurtengo 'Mugikortasun astea'-ren barruan, Intujai antzerki taldeak dinamizatutako bizikleta martxa.

Azaroaren 18an izango da hurrengo ekimena: Birakabareta. 19:30ean hasiko da eta Topic-en egingo dute.

Martxan da Zikloia, formatu txikiko antzerki jaialdia. Tolosako Udalak eta Intujai antzerki taldeak antolatu dute elkarlanean, eta joan den asteburuan hasi zen ekimena. Aurreko ostiralean Joxe Aldasorok zabaldu zuen egitaraua helduentzako Mingots eta langarratik antzezlanarekin. Bigarrena, berriz, larunbatean izan zen, hain zuzen, haurrentzako Oihana Amezkuaren Txakur ametsak emanaldia.

Aurrera begira, azaroaren 28an egingo dituzte hurrengo jarduerak. Birakabareta familiarra 19:30ean hasiko da Topic-en, eta hurrenez hurren ariko dira Pailaztana junior eta Pailaztana klown taldeak eta Numen dantza eskolako ikasleak. Azkena, berriz, Gurpil zoroak ikuskizuna izango da, Iñigo Arroyoren eta Mauricio Garzonen eskutik. Aipatutako ekimen guztiak euskaraz izango dira.

IKASTARO TRINKOA
Emanaldiez gain, izango da ikasteko aukerarik ere, egitarauaren azken jarduera klown ikastaro trinkoa izango baita. Guztira hamabi ordu iraungo du tailerrak, eta abenduaren 2an eta 3an egingo dute.

Helduei zuzenduta dago, eta Intujai antzerki taldeko May Gorostiagak zuzenduko du. Euskaraz izango da, eta Amarozko auzo etxean egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!