Azaroaren 1etik 5era egingo dute 2023ko Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa. Urtero bezala, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatu du, zenbait erakunderen babesarekin. 54. edizioa izango da, eta Europa eta Asiako 18 abesbatza etorriko dira Tolosara; denera, 530 abeslari gerturatuko dira. Berrikuntza batekin helduko da lehiaketa; ahots taldeak bueltan izango dira. 2019an izan ziren azken aldiz, eta aurten sei talde izango dira. Horiez gain, hamabi ganbera abesbatzek ere abestuko dute. Horietako bat, gainera, Euskal Herrikoa izango da: 2018an sortutako gizonezkoen Suhar Korua taldea.
Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko zuzendariak gogora ekarri du Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak txosten batean argitaratutakoa: «Euskal Herriko abesbatzen egungo panorama «beltza» dela adierazi zuten, eta ondorioz, babes handia behar dugu». Testuinguru horretan helduko da aurten lehiaketa. «Abesbatzen munduan lan egiteaz eta maila honetako lehiaketa bat herrian izateaz harro sentitzen garela esaten dugu, baina gero errealitatea bestelakoa da», gaineratu du Imazek. Hori dela eta, Suhar Koruaren presentzia garrantzitsua izango da. Abesbatza honek publikoaren saria eskuratu zuen apirilean jokatutako Mariborreko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan (Eslovenia), eta bigarren izan zen sari nagusian.
Euskal Herria tradizioz herri kantaria izan dela adierazi du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: «Abesbatzen kulturak pisu handia izan du, zer esanik ez Tolosan. Lehiaketa hau gure herriko kulturaren ikurretako bat da, eta Tolosa kulturalki herri bizia bada, eragile askok egiten duzuen lan handiagatik da». Hori dela eta, Imazek mahai gainean jarritako arazoari aurre egin, egoera biziberritu eta bultzada bat emateko gogoa azaldu du alkateak.
Nazioarteko oihartzuna
Kultura jaialdiak aurrera eramateko, Tolosako abesbatza lehiaketa bezelako proiektuei egonkortasuna eta elkarlana ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. «Lehiaketa oso garrantzitsua da, bai hemen, baita nazioartean ere. Mundu osoko koru onenak ikusteko Euskal Herrian dugun aukera bakanetakoa da». Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak 2023-2028 Kultura Plan Estrategikoa onartu berri duela azaldu du, eta esan du buru belarri dabiltzala lanean Euskal Herriko abesbatzen egoera kaskarrari buelta emateko.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak esan du lehiaketak nazioarteko izaera ematen diola herriari zein Gipuzkoari. «Kultura irisgarriagoa egiten laguntzen du, eta bertako nahiz kanpoko ondare musikala kontserbatu, aberastu eta zabaltzeko ezinbesteko ekarpena egiten du».
Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak abesbatzek funtzionatzeko egiten den esfortzuan eta lanean jarri du azpimarra. «Horrez gain, Tolosako lehiaketaren kasuan, kulturen arteko zubiak eraikitzen dira, elkarrengandik ikasteko eta harremanak sendotzeko». Lan horretan guztian, boluntario taldeak duen garrantzia nabarmendu du Aizpuruak. «Lagun askok ordu asko sartzen dituzte, profesionala ez den lana profesionalki egiteko, eta ondoren, beste batzuek gozatu dezaten». Hain zuzen, 60 boluntario inguru izaten dira urtero lehiaketaren antolakuntzan eta jaialdiaren egunetan lan egiten dutenak.
Munduko kultura Tolosara ekartzeaz gain, euskarari eta euskal kulturari ere ekarpena egiten zaio lehiaketan. «Euskal errepertorioa sustatzen du, eta euskara presente egoten da mundu osoko abeslarien ahotan», esan du Martinez de Rituertok. Dagoeneko euskarazko 400 obra baino gehiago interpretatu dira lehiaketaren edizio desberdinetan, eta aurten ere, euskarazko obra bat abestu beharko dute abesbatzek: Rafael Castroren Zahar eta berri. Obra horrez gain, euskarazko kantu gehiago entzuteko aukera izango da, besteak beste, Eva Ugalde donostiarrak, aurten zendu den Idoia Azurmendi azpeitiarrak eta Jon Saenz 27 urteko musikagile gazteak sortutakoak.
Saio bereziak
Lehiaketako saio ia denak Leidor antzokian izango dira, eta saio horietarako sarrerak salgai daude oraindik, Kutxabanken webgunean edo Leidorreko leihatilan. Helduen abonoak 65 euroko prezioa du aurten, eta helduen sarrerak, berriz, 15 eurokoa. Haurren sarrera 8 eurotan dago. Amaiera ekitaldirako helduen sarrerak 18 euroko prezioa du, eta amaiera ekitaldiko haurren sarrerak 10 euro balio ditu.
Lehiaketako saioez kanpo, hiru kontzertu berezi izango dira aurtengo edizioan. Batetik, urriaren 28an, larunbata, Hodeiertz abesbatzaren 40. urteurreneko kontzertua; San Frantzisko elizan izango da, 20:00etan. Urriaren 31n, German Ormazabal piano-jotzaile tolosarrak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak poesia eta musika uztartuko dituzte Leidor antzokian, 19:30etik aurrera. Azkenik, urriaren 5ean, 19:00etan, San Frantzisko elizan, Suhar korua abesbatzak saio berezia egingo du. Gainera, Tolosako eskaintzatik kanpo 58 kontzertu egingo dira antolatu duten abesbatza kontzertu-zikloaren baitan; Euskal Herrian nahiz inguruko autonomia erkidegoetan izango dira saioak.
EGITARAUA
- Urriak 28, larunbata
- 20:00. Kontzertua San Frantzisko elizan, Hodeiertz abesbatzaren eskutik, bere sorreraren 40. urteurrena dela eta.
- Urriak 31, asteartea
- 19:30. Maite Arruabarrenaren (mezzosopranoa) eta German Ormazabalen (piano-jotzailea) eskutik, errezitaldia Leidor antzokian. Poesia eta musika estuki elkartuta, frantziar, italiar, argentinar eta espainiar abestien sorta txiki eta zoragarria eskainiko dute.
- Azaroak 1, asteazkena
- 16:00. Abesbatza lehiaketan polifonia modalitatean parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: VMU Academic Choir Vivere Cantus (Lituania), Seongdong-Gu Women's Choir (Korea) eta Megaron Chamber Choir (Eslovenia).
-
19:30. Abesbatza lehiaketan polifonia eta folklore modalitatean parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: Shangai Rainbow Chamber Singers (Txina), Muscalipa (Filipinak) eta Suhar Korua (Euskal Herria).
- Azaroak 2, osteguna
- 19:30. Abesbatza lehiaketan polifonia eta folklore modalitatean pafrte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: Ching-Yun Choir (Taiwan - Chinese Taipei), Mädchenchor Hannover (Alemania) eta Somnium ensemble (Finlandia).
- Azaroak 3, ostirala
- 19:30. Abesbatza lehiaketan polifonia eta folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia. Polifonia eta folklorea: Kammerkoret Aurum (Norvegia), La Pura Fuente Choir (Japonia) eta The Academic Choir Maribor (Eslovenia).
- Azaroak 4, larunbata
- 11:00. Abesbatza Lehiaketan musika erlijiosoan parte hartuko duten ahots taldeen emanaldia, Herrikide ikastetxean. Musika erlijiosoa eta profanoa: Musicalipa (Filipinak), Barbörukórin (Islandia), Coro Giovanile With Us (Italia), Male Ensemble Philippines (Filipinak), Phoenix Consort (Erresuma Batua) eta Palestra Vokalensemble (Suedia).
- 16:00. Abesbatza lehiaketan musika profanoan parte hartuko duten ahots taldeen emanaldia.
- Azaroak 5, igandea
- 11:00. Lehiaketaren amaiera saioa eta sari banaketa.
- Jarraian. Abesbatza bazkaria, Ferialekuan.
- 19:00. Suhar Korua abesbatzaren kontzertua, San Frantzisko elizan.