Pantxineta ardatz hartuta ospatuko dute Tolosa Goxua

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 19a, 17:00

Urriaren 28an egingo dute azoka berezia eta Trianguloa izango da agertoki nagusia; haurrentzako tailerrak, eta urtero bezala, sagar tarta lehiaketa egingo dute.

Tolosa Goxua azoka bereziak urtero gozo ezberdin bat izaten du protagonista eta edizio honetan pantxineta hartu dute ardatz antolatzaileek, euskal sukaldaritzaren pastel tradizionala. Urriaren 28an egingo dute azoka berezia eta 22 postu egongo dira jarrita 09:00etatik 14:00etara Trianguloan. Bertan erroskillak, pastelak, txokolateak nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak izango dira, besteak beste.

Tolosa gozogintza munduan "erreferentea" dela nabarmendu du Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziak eta herri bertako produktu jakinez gain, azpimarra egin nahi izan du Tolosan dauden gozotegietan eta bertan lan egiten duten profesionaletan. Tolosa Goxua aurkezteko ekitaldian alboan izan ditu Gozona gozotegiko Raquel Ibañez, Eceiza gozotegiko Javier Eceiza eta Rafa Gorrotxategiko Rafa eta Armintz Gorrotxategi gozogileak. "Hauek izango dira protagonista urriaren 28ko azokan".

Ibañezek hitz egin du bertako gozogileen izenean eta azpimarratu du haiek ari direla azoka berezia antolatzen, baina jendearen parte hartzeak bihurtzen duela azoka arrakastatsu. "Guk gure ofizioa ezagutzera eman nahi dugu, jendearengana gerturatu eta hemen dauden produktuak ezagutarazi. Lehengai horiek oinarri hartuta, tradizioa mantenduz, modu artisauan nola aritzen garen erakutsiko dugu Tolosa Goxuan".

Hain zuzen, tradizio luzeko postre horietako bat hartu dute aurten protagonista azokan: pantxineta. Ibañezen esanetan Tolosan jendeak etxean gozoak egiteko ohitura handia du: "Pantxineta egiteko errezeta edo osagai bila etorri izan zaigu jendea". 12:30etatik aurrera azoka bereziaren barruan pantxineta dastatzeko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Osagai gutxirekin eta elaborazio oinarrizkoenak ikasita, gozo asko egin daitezkeela nabarmendu du Gozona gozotegiko arduradunak, eta jendeari hori ikusarazi nahi diotela esan du. Horretarako, urriaren 28an bertan, gozogintzarako grina hori sustatzeko, haurrentzako tailerrak antolatu dituzte. Pantxineta egiten ikasteko tailerra egingo dute 10 eta 11 urte arteko gaztetxoek Trianguloan. Bi txanda antolatu dira 10:00etan hasita eta plaza mugatuak direnez aldez aurretik eman beharko da izena Goxua.eliker.eus helbidean. Doakoa izango da tailerra eta gaurtik aurrera eman daiteke izena.

Aurtengo Tolosa Goxua ez da egun bakarrera mugatuko. Tolosako gozogileek tailerra eskainiko dute urriaren 26an hostorea egiten ikasteko. "Beste errezeta askotarako oinarria izan daiteke eta guk gozotegietan lan nola egiten dugun erakutsi nahi dugu. Ezagutza gutxi batzuk eskuratuta gero norbera hasi daiteke etxean probak egiten. Jendeak ken diezaiola beldurra gozogintzari", esan du Ibañezek. Plaza mugatuak izango dira urriaren 26eko tailer horretan eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Goxua.eliker.eus helbidean, gaur bertan hasita.

Sagar tarta lehiaketa

Elaborazio errazeko beste postreetako bat da sagar tarta, eta azkeneko urteetan bezala, aurten ere Tolosa Goxua azoka bereziaren barruan antolatu dute lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharko, nahikoa izango da 09:30etik 10:30era Trianguloan postrea aurkeztearekin. Erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean eraman beharko da eta momentuan bertan egingo da izen ematea. Postrearekin batera errezeta aurkeztu beharko du parte hartzaileak, zeinak gutxienez 18 urte izan beharko dituen.

Behin sagar tarta guztiak aurkeztuta 10:30etik 11:30etara epaimahaia osatuko duten kideek dastatuko dituzte. Aurten Elena Arzak, Armintz Gorrotxategi eta beste gonbidatu batek osatuko dute epaimahaia. Ebazpena eman eta sari banaketa 12:00etan izango da. Lehenengo saria eskuratzen duenak 240 euroji erosketa txekea eskuratuko du, eta bigarrenak berriz, 180 eurokoa. Txeke hauek Tolosako hiru gozotegi artisauetan erabili beharko dira, Eceizan, Ibañez-Gozonan eta Rafa Gorrotxategin.

Tolosa Goxua 2023

  • 09:00 - 14:00. Tolosa Goxua Azoka Berezia.
  • 09:30 - 12:00. XXVIII. Postre lehiaketa herrikoia: Sagar tarta lehiaketa.
  • 10:00 - 12:00. 10-11 urte arteko haurrentzat pantxineta ikastaroa Tolosako gozogileekin. Bi txanda egingo dira.
  • 12:20. Tolosa Kantari.
  • 12:30. Pantxineta dastaketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!