Palestinaren aldeko manifestazioa egin du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak

Ataria 2023ko urriaren 17a

Egoeraren azken egunetako bilakaeraren aurrean Israelen "ofentsiba militarra" eta mendebaldeko estatuen "jarrera kolaboratzailea" salatu eta "eskubide politikoen defentsa" aldarrikatu dute.

Tolosako Triangulo plazatik abiatu zen Tolosaldeko Kontseilu Sozialistaren mobilizazioa "Israelgo estatua hiltzailea; Palestinar herriarekin elkartasuna" pankarta buru zuela. Alde zaharreko kaleak zeharkatu zituen jende andanak eta "Palestina aurrera!" zein "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile!" leloak oihukatu zituzten, besteak beste.

Hasitako toki berean amaitu zen manifestazioa, eta antolatzaileek nabarmendu zuten hamarkada luzetako okupazioaren ondoren Israel estatuak "ofentsiba militarra" eta "palestinarrak suntsitzeko asmoa" iragarri dituela. Era berean, nabarmendu dute Israel dela mendebaldeko herrialdeen "aliaturik garrantzitsuena" ekialde hurbilean, eta hori argi erakusten dutela Ameriketako Estatu Batuekin, Europar Batasunarekin eta NATOrekin dituen hitzarmenek.

Ildo beretik salatu dute eskuineko alderdi parlamentarioek Israeli babesa adierazi diotela eta ezkerrekoek, berriz, "elkarrizketarako eta elkarbizitzarako" dei egin dutela: "Bakezaletasunez mozorrotutako adierazpen horiek ezkutatu egiten dute Israelek eta mendebaldeko eliteek hainbat aldiz frogatu dutela eskaintzeko prest dauden akordio bakarra palestinarrei zapaltzaileen bakea inposatzea dela".

Antolatzaileen hitzetan sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzea da "berme bakarra" zapalkuntzei aurre egiteko, herri langileen askatasuna lortzeko eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko. Bestalde, gogora ekarri dute asteburuan Palestinako bandera erakusteagatik Ipurua futbol zelaitik kanporatu zuten zalea, eta Frantzian zein Alemanian debekatu egin dituztela Palestinaren aldeko adierazpenak: "Behar-beharrezkoa da eskubide politikoen defentsa egitea eta jasaten ari garen oldarraldiaren aurrean langile antolakuntza independentea osatzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!