Tolosako Herri Krosa 35. ediziora iritsi da aurten

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 11a, 11:00

Joan den urteko lasterketako une bat. IRATI SAIZAR

Ohiturari jarraituz, bihar, urriaren 12a, Tolosako Herri Krosa egingo da. XXXV. edizioa izango da aurtengoa eta Ttonttor San Estebango Auzokide Kultur Elkarteak antolatzen du. 11:00etan hasiko da krosa.

Ibilbidea ohikoa izango da, baina aldaketa txiki bat izango da, Usabal kiroldegiaren ondoan egiten ari diren obrak direla eta. Alegia aldera joateko bidegorria moztuta dago, eta beste bide bat ireki da eta hortik joango dira korrikalariak. Metro gutxi batzuk murritzagoa izango da ibilbidea, eta guztira 8 kilometro inguru izango ditu.

San Estebango auzo elkartearen egoitzaren ondotik abiatuko dira korrikalariak, eta gero Gernikako Arbola Lorategietatik igaro, San Frantzisko eta Araba etorbidetik pasa eta San Esteban auzora joango dira trenbide azpiko tuneletik. Helmugatik pasa eta itzuli handia egingo dute. Ibilbide bera izango da, eta Araba etorbidean bukaeraraino joan eta aurrera egingo dute Bentaundiraino. Aurrera jarraitu eta bidegorritik itzuliko dira Usabal kiroldegi aldera. Hortik suhiltzaileen biribilguneraino joango dira, ondoren Iurreamendi aldera igoko dira korrikalariak eta Berazubira jaitsi. Zezen plaza eta Oria ibaiaren artetik pasako dira eta Zumalakarregi kaletik jarraituko dute. Zerkausia kaletik pasa ondoren, Kale Nagusia, Gorriti plaza, Rondilla kalea eta ondoren San Frantzisko etorbidea igaro ondoren, Araba etorbidean eskuinera egingo dute San Esteban auzora joateko trenbide azpitik helmugara iristeko.

Aurtengoan izena emateko aukera Internet bidez jarri dute antolatzaileek, Kronoak.com webgunearen bitartez. «Dortsala txip batekin joango da eta horregatik erabaki da webgune baten bitartez egitea izen ematea», zehaztu du Iñaki Sanchez antolakuntza taldeko kideak. «Txipa izanik, momentuan jakingo dugu parte hartzaile bakoitzak egin duen denbora, eta errazago izango dugu sailkapena jakitea». Hamabi euro ordainduko da izen-ematea, eta gaur izango da horretarako azken eguna.

Bestalde, bihar 12:00etan VIII. Txiki Krosa egingo da, helduena bukatu eta gero. Kros honetan parte hartzeko ez da ordaindu behar, baina antolatzaileek eskatzen dute eskola materiala eramateko, gero saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bideratzeko.

Krosak San Esteban Auzoko Kultur Astearen barruan antolatzen dituzte. Egitarauko beste ekitaldi finko bat mendi ibilaldia izaten da. Larunbatean, urriaren 14an, egingo dute mendi irteera hori. 09:30ean elkartuko dira auzo elkarteko egoitzaren ondoan eta orduan zehaztuko dute egingo duten ibilbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!