ERREPORTAJEA

Belaunaldien sarea

Leyre Carrasco 2023ko urr. 4a, 11:59

Bakardade egoeran dauden adinekoekin elkartzeko espazioa ahalbidetuko dute Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako Osasun Dokumentazio eta Administrazio zikloko ikasleek.

Belaunaldi ezberdinen arteko sarea elikatzen jarraitzen dute Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. Aurten, urtea amaitu baino lehen, Belaunaldien arteko sarea proiektua jarriko dute martxan Usurbilgo Lanbide Eskolako eta Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Intregatuarekin elkarlanean.

Proiektuaren asmoa digitalizazioak sortu dituen beharrei eta zailtasunei erantzunak ematea dela aipatu du Garazi Egiguren, Inmakulada Lanbide Ikastolako Osasun Dokumentazio eta Administrazio zikloko irakasleak. Horretarako, bi taldeetan banatu dira. «Batetik, adineko pertsonei bankuko tramiteetan eta kontu administratiboen inguruan sortzen zaizkien zalantzak argitzen arduratuko lirateke Usurbilgo eta Tolosaldeko Lanbide Heziketako Administrazio eta Finantza zikloko ikasleak, eta, bestetik, Inmakulada Lanbide Ikasatolako Osasun Dokumentazio eta Administrazio zikloko ikasleek osasunarekin zerikusia daukaten dokumentu edo gaien inguruan lagunduko liekete, izan osasun karpetak edo txosten klinikoen ulermenean», azaldu du Egigurenek.

Harremanetan jartzeko bi modu planteatuko dizkiete zerbitzua behar duten erabiltzaileei. Batetik, mugikortasun arazoak dauzkan pertsonari edo bikoteari tablet bat eskainiko zaio, «ikasleek haien zalantzak argitu eta egoera isolatuan dauden adineko pertsonekin harremanak eraikitzeko aukera izan dezaten». Oraindik aztertzen ari diren aplikazio «erraz» baten bitartez konektatuta, deiak astean behin egiteko asmoa dutela aurreikusi du irakasleak, «beti ere, erabiltzaile bakoitzaren beharraren arabera». Horretarako, hamar erabiltzaile lortu nahi dituzte.

Bestetik, bakardade egoeran dauden adineko pertsonekin elkartzeko espazioa ahalbidetu nahi dute Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako B solairuan kokatuta dagoen jangelan. «Tolosako herritarrei begira oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun, astean behin, adineko pertsonei gure ikastetxeko txoko bat irekitzea, bertan, gure ikasleekin batera topagune bat izan dezaten», adierazi du Egigurenek. Modu horretan, abendutik aurrera Osasun Dokumentazio eta Administrazio zikloko ikasleekin aurrez aurre elkartzeko aukera ere izango dute, «erabiltzaileek behar dituzten erantzunak bilatzeko eta behar duten laguntasuna eskaintzeko asmoz».

Uzturre egoitzarekin harremanetan daude dagoeneko, izan ere, Egigurenek esan bezala, «Unitate Soziala izena duen antzeko topagune bat dute bertan, eta bi ideiak bateratzea interesgarria litzakeela uste dugu». Horregatik, urri bukaeran bertara gerturatzea aurreikusten dute, «proiektua azaldu eta irisgarritasuna bermatzen saiatzeko». Horrez gain, Tolosako Gizarte Zerbitzuekin eta Mugi Tolosa ekimenarekin harremanetan jartzeko asmoa ere badute.

Fokua emakumeengan

Proiektua irekia izango den arren, fokua bakardade egoeran dauden adineko emakumeetan jarri nahi dute bereziki. «Martxan jarri genuen ikerketa eta behaketa batzuen ostean, konturatu ginen bakardadeari begira, batez ere, zaurgarritasun handiena adineko emakumeek dutela. Adineko gizonezkoek, esaterako, beraien lagun arteko sarea errazago eraikitzen dute, baina egungo gizarte antolaketa kontuan hartuta, emakumeek kulturalki ez dute saretzeko hainbesteko aukerarik eta zaurgarriago daude bakardadearen aurrean», azaldu du.

Proiektuan interesa dutenei gonbita zabaldu nahi izan die Egigurenek, «norbaitek bere burua proiektu honen parte ikusiko balu edo bere familiako kide batentzat bideragarria izango litzakeela uste badu, aukera zabaldu nahiko genuke».

Interesa duten edo informazio gehiago behar duten herritarrek Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolarekin jarri beharko dute harremanetan 943 67 36 29 telefono zenbakira deituta, idazkaritza@inmakuladatolosa.eus helbidera idatzita edo Tolosako Kondeaneko aldapan kokatuta dagoen ikastetxera gerturatuta. «Beraien datuak utzi ostean, ondoren beraiekin jarriko ginateke harremanetan proiektua ondo azaltzeko eta mugak, nahiak eta beharrak zehazteko», gehitu du.

Bestelako proiektuak

«Proiektua ez da hutsetik sortu, aurretik ere bakardade egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako beste hainbat proiektutan ere parte hartu dugu Inmakulada Lanbide Ikastolan», jakinarazi du Egigurenek.

Garazi Egiguren: «Belaunaldi desberdineko pertsonak elkar ezagutzeko aitzakia ere bada proiektua»

Horien artean hirugarren adinekoen edota mendekotasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko helburua duen Teleadin proiektua aurkitzen da. «Telelaguntza bidez, gure ikasleek eta irakasleek plangintza bat sortzen zuten beraien behar edo nahietara egokituta; memoria ariketetatik hasi eta errehabilitazioa edo luzaketa ikastaroak antolatzen zituzten, adibidez. Jarduera ezberdinak antolatzen genituen eta gure ikasleek prozesu horretan laguntzen zieten, zuzeneko bisiten bidez. Oso esperientzia aberasgarria izan zen bai ikasle, irakasle, zein proiektuan parte hartu zuten parte hartzaile eta euren familientzat ere», gogora ekarri du Egigurenek.

Gisa horretako beste proiektu bat ere izan zuten martxan, Gizarte aktiboa izenekoa. Egigurenek azaldu bezala, «Tolosan zeuden adineko pertsonei aukera ematen genien astean behin gure ikasleekin bildu eta balorazio bat egiteko haien egoera fisikoaren inguruan. Ikasleek plangintza pertsonalizatuak egiten zizkien hauskortasun edo bizkortasun horri aurre egiteko eta indarra eta oreka trebatu zezaten. Proiektu hori egitearen aitzakia edo helburua oso indartsua zen, eta belaunaldi desberdinen arteko sarea sortu, elikatu eta elkarren artean ikastea zen horren asmoa».

Erlazionatuak

Adinekoen iritziak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023 urr 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!