Adinekoen iritziak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 4a, 11:58

Begoña Gil eta Cayetano Otaegi tolosarrek eta Joxe Mari Tolosa amezketarrak euren iritzia helarazi digute, zenbait egoeretan izaten dituzten arazoen inguruan eta Inmakulada Ikastetxeak abiarazi berri duen zerbitzuari buruz.

Begoña Gil (Tolosa): «Konpondu nahian joaten zara, baina ez dizute kasu egiten»

Noizbait bakartua sentitu al zara zenbait egoeren aurrean?

Bai. Batzuetan ezinezkoa egiten zait zenbait arazo konpontzea. Konpondu nahian joaten zara, baina ez dizute kasu egiten. Batzuek gehiago laguntzen zaituzte, baina beste batzuek esaten dizute internet bidez egin behar duzula.

Noizbait hartu al duzu hitzordu bat online?

Ez. Normalean bertara joaten naiz, nahiago dudalako, eta egia esan, zorte handia izaten dut, berehala kasu egiten didatelako.

Bankuan tramiteak egitean, nolako arazoak izan dituzu?

Ordainagiri berezi batzuk ordaintzerakoan, adibidez; lagun bati gertatu zitzaion, banketxe batean. Azkenean, langile baten laguntza jaso behar izan genuen, bestela ezinezkoa izango zen.

Arazoei aurre egiteko zein irtenbide proposatuko zenuke?

Langile gehiago jarri beharko lituzkete, gurekin harreman zuzena eduki ahal izateko.

Zein iritzi duzu Inmakuladaren zerbitzuaren inguruan?

Ondo dago, baina ez dut uste hori bakarrik nahikoa denik.

 

Cayetano Otaegi (Tolosa): «Bulego bat jarri beharko lukete, ditugun arazoen aurrean laguntza emateko»

Askotan sentitu al zara bakartua egoera batzuen aurrean?

Normalean ez dut arazorik izaten eta moldatzen naiz. Hala ere, Gizarte Segurantzarekin pasa izan zait, baita medikuekin ere. Arazo asko izan ditut. Aldakan ebakuntza egin zidatenean, esaterako, arlote baten gisan tratatu ninduten.

Banketxean tramiteak egiterakoan, arazorik izan al duzu inoiz?

Behin, ordenagailuan antibirus bat jartzeko eskaintza bat egin zidaten; gerora, ordea, diru kantitate handiagoa eskatzen zidaten. Desinstalatu egin nuen, baina urtebetera diru kantitate handia kendu zidaten. Banketxera kontu eske joan nintzenean, ez nuen laguntzarik jaso, eta ez zidaten arazoa konpondu.

Baduzu ohiturarik hitzorduak online hartzeko?

Ez. Nahiago dut joan behar den lekura bertaratzea.

Arazoei aurre egiteko zein irtenbide proposatuko zenuke?

Bulego bat jarri beharko lukete kalean, adinekoek izaten ditugun arazoen aurrean laguntzak emateko.

 

Joxe Mari Tolosa (Amezketa): «Lehen erraztasun gutxi bagenituen, horiek ere kendu dizkigute»

Adinekoak bakartuta sentitzen zaretela uste duzu?

Adinekoak ez gaude ondo zainduta zenbait arazoren aurrean. Lehen erraztasun gutxi bagenituen, horiek ere kendu dizkigute. Orain zailtasun gehiago ditugu, dirua sartu edo ateratzerako, edota zenbait tramite egiteko ezarritako ordutegiak direla eta.

Noizbait hartu al duzu hitzordu bat online?

Bai, eta nahiko erraz egin nuen.

Zenbait adinekok arazoak izaten dituzte txosten klinikoak ulertzeko. Zein iritzi duzu?

Hitz tekniko asko izaten dituzte, eta beraz, ulertzekoa da arazoak izatea. Ni nahiko ondo moldatu izan naiz, baina egia da guk inoiz erabiltzen ez dugun terminologia erabiltzen dutela.

Arazoei aurre egiteko zein irtenbide proposatuko zenuke?

Eskertuko nuke medikuaren kontsultan azalpenak emateko denbora gehiago izatea.

Zein iritzi duzu belaunaldien arteko sarearen inguruan?

Beharrezkoa dela iruditzen zait. Hala ere, belaunaldi berriek onartuko al dute guk esandakoa? Ulertuko al dute gure iritzia?

Erlazionatuak

Belaunaldien sarea

Leyre Carrasco 2023 urr 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!