Elkartasuna dastatuz

Ataria 2023ko urr. 2a, 19:59

Zutani elkarteak Pintxo Tour ekimena antolatu du larunbat honetarako, 11:00etatik 14:00etara, Tolosako Alondegi plazan; bertan bilduko den dirua eskualdean bizi diren 200 familiarentzat bideratuko da, esnea eta olioa eros dezaten.

Hiru euroren truke herrialde ezberdineko bi pintxo dastatzeko aukera izango da larunbat honetan, Alondegi plazan. Izan ere, Zutani elkarteak urtero antolatzen duen Pintxo Tour ekimena egingo dute, 11:00etatik 14:00etara. Zortzigarrena izango da aurtengoa, eta 11 herrialde, 11 zapore lelopean egingo dute.

Eskaintza zabala izango da, Tolosan bizi diren jatorri ezberdineko herritarrek jarriko baitituzte postuak. Bertan, Senegal, Maroko, Sahara, Ukrania, El Salvador, Kolonbia, Venezuela, Honduras, Nikaragua, Brasil, Palestina eta Peñaskaleko kooperatiba izango dira. Aurten, gainera, ekimenean parte hartuko duten herrialde berriak ere izango dira tartean, eta horiek dira Nigeria, Peru, Ecuador, Tunisia, Georgia eta El Salvador. Horrez gain, Zehar errefuxiatuekin elkarteak jarriko duen postua ere izango dela jakinarazi dute elkarteko kideek.

Helburuak

Zutani elkartearen helburua Tolosako hainbat familia eta pertsonak pairatzen duten pobrezia eta bazterketa egoerari aurre egitea da. Izan ere, elkarteak emandako datuen arabera, «Tolosan bizi diren eta elkartera jotzen duten 223 familiek zailtasunak dituzte elikadura osasungarria eta orekatua lortzeko, eta 190 adingabe malnutrizio arriskuan daude». Elkartearen helburua lortzeko gizarteratze prozesua «ezinbestekoa» dela diote.

Hala, pintxoa aitzaki gisa erabilita, batetik, beste herrialdeko gastronomia eskualdera gerturatu nahi dute; «gure alboan bizi diren jatorri desberdineko familiak ikusarazteko, beraien kulturak ikusteko eta elkar ezagutzeko. Aniztasunak egiten gaitu aberats eta elkar ezagutza da gizarteratze prozesuan aurrerapausoak emateko bidea».

Helburu ekonomikoa ere izango du ekimenak, «herritarren ekarpenak eta aktibazioak garrantzia ere baduelako». Horregatik, bertan bilduko duten diruarekin eskualdean bizi diren 200 familiarentzat esnea eta olioa erostea izango dute aurtengo erronka nagusia. Hori lortzeko, larunbatean Alondegi plazara joatera gonbidatu dituzte eskualdeko herritarrak, Pintxo Tour ekimenean parte hartzeko.

Elkateko kideek esker hitzak ere izan dituzte parte hartu duten boluntario guztientzat, eta baita elkarte eta erakundeentzat ere, hala nola, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Zumeta, Super Eko merkatua, Inmakulada ikastetxea eta Barriola harategia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!