Behin betiko onartu dute Andragorako arautegia

Ataria 2023ko urr. 3a, 07:59

Ikasturteko lehen ohiko osoko bilkura egin dute Tolosan eta bertan Samaniego Ikastetxeko eraikinen argiteria berritzeko mailegu aldaketa eta Andragoraren arautegia izan dira hizketagai nagusiak.

Samaniego Ikastetxeko eraikinen argiteria berritzeko kreditu aldaketa adostu dute ikasturteko lehen ohiko osoko bilkuran. Helburu horrekin 140.000 euroko inbertsioa zegoen aurreikusia, bi eraikinetatik bakarrean egitea, alegia. Bada, 170.000 euroko kreditu aldaketa egingo dute azkenean, bigarren eraikineko lanak burutu ahal izateko. Horrenbestez, udalak 315.000 euroko inbertsioa egingo du ikastetxearen azpiegiturak hobetzeko.

Andragora Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamenduaren araudiari dagokionez, aurkeztutako zazpi alegazioetatik sei onartu dituzte, bere osotasunean edota partzialki, eta horiekin araudiari behin betiko onarpena eman diote.

Bestalde, Euskal Herria Plazako 1. zenbakian kokatutako eraikuntza -TOPIC zentroa, alegia- Tolosako Ekinbide Etxeari zuzeneko kontzesioan lagatzea ere onartu dute, aho batez, baita emakida hori arautzen duten klausula administratiboen plegua ere.

Diru laguntzak

2023ko diru laguntzen eranskineko aldaketei hasierako onarpena eman diete, adostasun osoz: batetik, 1.000 euro bideratuko ditu udalak Tolomendi auzolanaren inguruan garatzen ari den proiektura; 10 urte betetzen dituen Tolosaldeko Komunikazio Taldeak, berriz, 5.000 euro jasoko ditu urteurrenagatik; eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, berriz, 1.694 euro. Abegi elkarteak ere 37.400 euro jasoko ditu, lokal berriaren obrak amaitu bitarte Sakramentinoetan zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.

Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak kudeatutako hezkuntza programen konturako diru laguntzak arautzen dituen ordenantza ere aldatzeko proposamenari hasierako onespena eman diote. Eta euskara alorrean, Aitzol Udal Euskaltegiko prezio publikoaren aplikazio-arauen aldaketa ere onartu dute. Zehazki, HABE eta Euskaltegiaren arteko hitzarmenari esker, C1 agiria helburu duten 16-18 urteko ikasleen diru laguntzen prezio publikoaren ordainketa epeak arautu dituzte. Matrikulazio epean 20 euro ordaindu beharko dute ikasleek. Gainerakoa, ekainaren 30a baino lehen ordainduko du HABEk, hitzarmenean azaltzen diren baldintzetan.

Izendapenak

Esparru ezberdinetarako izendapenen berri ere eman dute osoko bilkuran. Esate baterako, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarako Tolosako Udaleko ordezkari titularra Andu Martinez de Rituerto alkatea izango da, eta bere ordezkoa Aitor Agirresarobe Murgi (EH Bildu).

Berdintasun kontseiluko lehendakari, berriz, Goiuri Ezeiza Arandia (EH Bildu) izango da. Garbiñe Marzol Ormazabalek (EH Bildu), Ainhoa Dominguez Landak (EAJ) eta Joxe Mari Villanuevak (PSE-EE) osatuko dute ordezkaritza. Zazpiturri S.A. sozietateko bigarren ordezkari bat ere izendatu da, Ander Figuerido Zubiria (EH Bildu).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!