Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Uda igarota ere, lehengo lepotik burua

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 7a, 21:06

Usabal kiroldegiko langileek beste manifestazio bat egin dute gaur, bizi duten egoera salatzeko. Bihar goizean bilera egingo dute udal gobernu berriko ordezkariekin.

Bihar, irailak 8, lau hilabete beteko dira Tolosako Usabal kiroldegiko langileek greba mugagabea hasi zutenetik. Tarte guzti horretan, enpresa kudeatzailearekin adostasunera iristen saiatu dira, baita udalaren bitartez ere, baina uda igaro ondoren ere, bere horretan jarraitzen du egoerak. «Azken egunetako gertakarien inguruan gure kezka eta haserrea partekatu nahiko genizueke kiroldegiko erabiltzaile eta herritar guztioi» esan dute gaur, Tolosako Alde Zaharreko kaleak zeharkatuz burutu duten manifestazioa amaitu berritan. Trianguloa plazan hasi eta udaletxe atarian amaitu dute mobilizazioa, eta herritar ugari batu da deialdira.

Berriz gogorarazi dute langileek 2020tik iraungita dutela lan hitzarmena, eta berritzeko negoziazioetan hasieratik BPXport enpresaren jarrera «oso ezkorra» izan dela. «Egoera konpontzeko langileok egindako proposamen guztiei ezezkoa esan diete. Aldiz, beraiek apirilaren 25ean (greba mugagabeari ekin aurretik) egin ziguten azken proposamena, eta hortik ez dira inoiz mugitu, orain arte», salatu dute. Langileen esanetan, negoziazioak hiru ardatz nagusitan daude blokeatuta: KPI-aren eguneraketa, klaseen prestakuntza eta kategoriak.

Irailaren 1ean izan zuten azken bilera BPXport enpresarekin. «Beraien azken proposamena langileok hitzarmen probintzialera pasatzea izan zen. Honek atzerapausoak ekarriko lituzke kiroldegiko lan baldintzetan. Adibidez, hurrengo lau urteetan ez genuke soldata igoerarik izango, eta ondorioz, zortzi urtez egongo ginateke soldatak eguneratu gabe», azaldu dute.

Egoera horren aurrean enpresaren jarrera salatu dute beste behin. «Amorragarria da beraien postura, badirudi ez zaiela axola ez negoziazioa puntu honetan blokeatzea, ezta herritar, erabiltzaile zein langile guztioi eragiten digun kaltea ere», salatu dute.

Amaitzeko, gatazka oso luze doala nabarmendu dute. «Egoera asko zaildu da herritarrontzat, erabiltzaile guztientzat eta langileontzat. Gure aldetik berretsi nahi dugu prest gaudela edozein momentutan negoziatzeko, guk daukagun nahi bakarra kiroldegia irekitzea delako, baina noski, langileon lan baldintzak eta lanpostuak bermatuz».

Asteartean egin zuten prentsaurrekoan, udalak eta enpresak izandako bileraren inguruko informazio zehatzagoa izan nahi dutela adierazi zuten, eta horretarako, bilera bat eskatu zuten udal ordezkariekin. Hain justu, bihar goizean bilduko dira udal gobernu berriko ordezkariekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!