Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Greba mugagabeari eutsiko diote kiroldegiko langileek

Ataria 2023ko ira. 5a, 16:00

Irailaren 1eko azken bileran BPXport enpresak egin dien proposamena euren lan baldintzetan «atzerapausoa» dela uste dute langileek.  Ostegunean, hilak 7, manifestaziora deitu dituzte herritarrak; 19:00etan abiatuko dira Trianguloa plazatik.

Tolosako Usabal kiroldegiko langileak lau hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean. Langileek kiroldegi atarian egindako agerraldian adierazi dutenez, hiru ardatz nagusitan dago negoziazioa blokeatuta: erosahalmenaren berreskurapenean, eskolen prestakuntzan eta kategorietan. Irailaren 1ean izandako bileran, hitzarmen probintzialera pasatzeko proposamena luzatu zien langileei enpresak baina grebalariek uste dute horrek «atzerapausoak» ekarriko lituzkeela euren lan baldintzetan. «2027ko abenduaren 31ra arte ez litzateke soldata igoerarik izango, adibidez». Honenbestez, eta BPXport enpresaren jarrera ikusita, grebari eustea beste biderik ez dutela adierazi dute kiroldegiko langileek.

2020tik daude hitzarmenik gabe Usabalgo langileak. Enpresa aldaketa zela eta, atzeratu egin zituzten negoziaketak, eta aurtengo urtarrilaren 13an hasi zituzten elkarrizketak hitzarmena berritzeko. Apirilaren 17an jaso zuten langileek enpresaren proposamena eta hauen esanetan, «ez zituen langileen gutxiengoak errespetatzen». Ordutik hona greba mugagabean daude, baina hala ere, nabarmendu dute prest daudela edozein momentutan enpresarekin negoziatzeko. Hilabete hauetan udal gobernua ere aldatu da Tolosan. «Lehen EAJ-PSEk zuten udal gobernua, orain, EH Bilduk. Beraz, alderdi guztiak izan dira grebalariok egindako saiakeren eta mugimenduen lekuko», esan dute langileek. Horrekin batera manifestaziora deitu dituzte herritarrak ostegunerako, 19:00etan abiatuko dira Trianguloa plazatik.

Desblokeatzeko saiakerak

Egoera desblokeatzeko udalak eta enpresak bilerak izan dituzte hilabete hauetan nahiz eta ez diren enpresarekin inongo adostasunetara iritsi. Astelehenean publiko egindako ohar batean udalak adierazi zuenez Usabalgo gatazkari irtenbidea epe motzean emateko aukerak agortutzat eman ditu, eta prozedura administratiboak hasi ditu «kontratuan jasotakoa denbora luzez betetzen ari ez direla ikusita». Albiste honen inguruan berri gehiagorik ez dutela eta informazio zehatzagoa izateko, udal ordezkariekin bilera bat eskatua dutela esan dute kiroldegiko langileek. Aste honetan dira grebalariak udalarekin biltzekoak.

Langileek aitortu dute negoziaketek luze jo dutela eta egoera asko zaildu dela herritarrentzat, kiroldegiko erabiltzaileentzat eta langileentzat. «Mugimendu eta saiakera guztiekin ere, enpresa ez da ezer mugitu, beraien jarrera ezkorrarekin jarraitzen dute, herritar eta langileak kaltetuz». Grebalariek enpresaren jarrera «gaitzetsi» eta egoera «amorragarria» dela esan dute: «Badirudi ez zaiela axola puntu honetan negoziazioa blokeatzea, ezta herritar zein langile guztiei eragiten dieten kaltea ere».

Tolosako Usabaleko kirol zerbitzuko langileek hitzarmena berritzeko eta euren lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute. «Gure postura tinkoa da, gure lan baldintzak eta lanpostuak bermatuko dituen akordioa nahi dugu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!