Erakusketa aldaketak izango dira Topic-en

Ataria 2023ko irailaren 5a

Tolosako txotxongiloen museoan bi erakusketa berri bisitatzeko aukera izango da irailaren 22tik aurrera.

Ikasturte berria hastearekin batera, irudi berriak izango dituzte Tolosako Topic museoko aretoek. Izan ere, irailaren 22tik aurrera bi erakusketa bisitatzeko aukera izango da bertan. Batetik, John Blundall, txotxongilo-maisu erakusketa ikusgai egongo da aldi baterako erakusketen aretoan, otsailaren 18ra arte. Lan honek, azken hilabeteetan areto horretan izan den La Tartana, 45 urte txotxongilolaritzaren artean erakusketa ordezkatuko du. Azken hau irailaren 10era arte egongo da ikusgai. Bestetik, Anbigu aretoan, Britania Handiko txotxongiloa erakusketa bisitatzeko aukera izango da irailaren 22tik urriaren 15era bitarte. Gaur egun, El titere iberico erakusketa bisitatu daiteke areto horretan, irailaren 17ra bitarte.

Uztailean iragarri zuen Topic museoak aurtengo Titirijai jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa antolatu zuela. Azaroan ospatuko da jaialdia, baina lehiaketan parte hartu nahi dutenek, urriaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak eta honakoa da gaia: Mundu liluragarri bat gure eskuartean. Oinarriak ikusgai esteka honetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!