Lau egunetan Tolosan bi aldiz atxilotu duten gaztea espetxera bidali du epaileak

Ataria 2023ko abu. 10a, 16:06

Ertzaintzak larunbatean 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuela esan zuen, Tolosan. Larramendi auzoko taberna batean lapurreta egitea leporatu zien atxilotuari. Ertzain-etxetik pasa ondoren, epailearen aurrera eramango zutela azaldu zuten Ertzaintzatik. Aste honetan, asteartean, gizon bera atxilotu dute arrazoi berdinagatik, Tolosan. Atzo, epaileak Martuteneko espetxera bidali zuen.

Ertzaintzatik azaldu dutenez, «Tolosako Oriako Ertzain-etxeak egindako ikerketari esker, 25 urteko gizonezko bat atxilotu dute azken hilabeteotan hainbat delitu egitea leporatuta, horien artean herriko saltokietan indarra erabiliz egindako lapurretak eta indarkeria eta beldurra erabiliz egindako beste hainbat lapurreta daude. Epaitegiak atzo, asteazkena, atxilotua espetxeratzeko agindua eman zuen».

Ertzaintzatik azaldu dutenez, atxiloketa abuztuaren 8an arratsaldeko lehen orduan izan zen: «Ertzaintzaren patruila batek Tolosan aurkitu eta atxilotu zuen hainbat deliturekin zerikusia duen gizon bat. Delituak era guztietako lapurretekin lotuta daude, horien artean indarra erabiliz saltokietan egindako lapurretak eta beldurra edo indarkeria erabiliz egindakoak. Lapurreta horiek guztiak Tolosan egin zituen azken hilabeteotan. Oriako Ertzain-etxea orain dela hilabete batzuk hasi zen lapurreta batzuk ikertzen. Guztietan pertsona batek modus operandi bera erabili zuen, hau da, indarra; lapurreta egin zuen lokalaren inguruan zeuden estolda-tapak eta harriak erabili zituen lokaletan sartzeko. Azken hilabeteetan, pertsona horren delitu-jarduerak gora egin zuen, eta indarkeria eta beldurra erabiltzen hasi zen delituak egiteko».

Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, besteak beste, «beldurra erabiliz bi lapurreta egin zituen eskualdeko gasolina-zerbitzugune batean eta ostalaritzako lokal batean». Horren ondorioz, «pertsona hori bilatzeko ahaleginak areagotu zituzten, eta asteartean atxilotu ahal izan zuten. Arrastatuari lapurreta-delitu batzuen ikerketaren ondorioz atxilotu zutela jakitera eman ondoren, Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten ikerketarekin jarraitzeko».

Atzo, asteazkena, atxilotua Tolosako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri ondoren, epaileak Martuteneko espetxera eramateko agindua eman zuela azaldu dute Ertzaintzatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!