Saharako haurrei harrera egin diete

Leyre Carrasco 2023ko uztailaren 20a

Tolosaldean uda igaroko duten zortzi haur sahararrei ongi etorria eman diete gaur arratsaldean Tolosako udaletxean; bertan, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak eta eskualdeko zenbait alkate eta ordezkari politiko izan dira.

Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik zortzi haur etorri dira eskualdera uda pasatzera; hiru Tolosara, bat Irurara, bat Gaztelura, bat Larraulera, bat Adunara eta beste bat Amasa-Villabonara. Tolosaldea Sahararekin elkarteak 2000. urtetik martxan duen Oporrak bakean programaren bitartez etorri dira, Aljeriako basamortuko berotik ihesi. Hain zuzen, aurreko astean iritsi ziren Tolosara, eta gaur eman diete ongi etorria Tolosako udaletxean.

Bertan, Tolosaldea Sahararekin elkartea ez ezik, eskualdeko zenbait alkate eta ordezkari politikoak izan dira. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak hartu du hitza, eta programaren garrantzia azpimarratu du: «Ondo pasatzera etortzen zarete, lagun berriak egin eta leku berriak ezagutzera, baina osasun ariketak egiteko ere baliatzen duzue bidaia».

Familiek egiten duten lana eta esfortzua eskertu nahi izan du alkateak, eta bere esanetan, «oso ondo islatzen du gure herriarentzat oinarrizkoak diren baloreak; eskuzabaltasuna eta elkartasuna».

Halaber, alkate eta ordezkari politiko guztien izenean Mendebaldeko Sahararen aldeko aldarria ere egin du, «herri sahararra, behingoagatik, errespetatzea, eta urte luzeetako arazo honi interbide bat eman diezaioten sahararrak aske bizi daitezen».

Ekitaldiaren ostean, Zumardi Handira joan dira eta bertan Zumardiako gurpilguneak bizikletak oparitu dizkiete haurrei, bizikletako kasko eta bestelako osagarriekin. Horren ostean, bizikletan jolasean aritzeko tartxoa izan dute, eta merienda ere egin dute bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!