Eskualdera iritsi berri dira lehen lau haur sahararrak

Ataria 2023ko uzt. 13a, 07:58

Astelehenean iritsi ziren Tolosaldean uda igaroko duten lau haur sahararrak; gainontzekoak larunbat honetan helduko dira.

Oporrak Bakean programaren barruan, basamortuko berotik ihes egin, eta aurten ere uztaila eta abuztua Euskal Herrian pasatzeko ametsa dute zenbait haur sahararrek; denera 181 haur etorri dira Euskal Herrira, eta horietatik 8 Tolosaldera, hain zuzen.

Astelehen arratsaldean iritsi ziren Tolosara uda eskualdean igaroko duten lehen lau haur sahararrak. «Denak astelehenean iritsi behar zuten, baina bisarekin arazoak egon dira, eta egoera horrek Gipuzkoa erdiari eragin digu. Horregatik, beste erdia larunbatean helduko da Asturiasetik», azaldu du Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak.

Etorri diren lehen haurren lehen egunak «gazi-gozoak» izaten ari direla kontatu du Eizagirrek: «Kasualitatea izan da horietako bi errepikatzaile eta beste bi berri direla. Errepikatzaileek egoera eta familia ezagutzen zutenez berehala ireki dira, eta horietako bat, adibidez, lehen egunean iritsi eta errekara joan zen. Berrien kasuan, berriz, negarrak egon dira, baita nekea ere, bidai oso luzea eta gogorra egiten baitute».

Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da aurten, lehen aldiz, guztia koordinatzeaz, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu. Elkartearen aurtengo erronka 15 haurrek Tolosaldean bizitokia izatea zen, eta horretarako, 13 familia behar zituzten. Zoritxarrez helburutik urrun geratu direla aitortu du teknikariak, 8 haur eta 8 familia bakarrik lortu baitituzte aurtengoan.

Bi hilabete, ekintza ugari

Haurrak iritsi eta berehala, mediku azterketak pasako dituzte, «osasun aldetik zein egoeratan dauden ikusteko eta espezialisten esku-hartzea beharrezkoa izango balitz jakiteko». Gainera, urteroko moduan, datorren astean igeriketa ikastaroa ere izango dute, egunero, ordu batez. Ikastaroa Tolosako Usabal kiroldegian egiteko ohitura izaten dutela jakinarazi du Eizagirrek, «baina aurten langileen greba dela eta instalakuntzak itxita daudenez, Villabonako kiroldegian egingo dugu». Tarte horretan, haurrek ez ezik, harrera familiek elkarren artean ezagutzeko aukera ere izango dute.

Hala ere, uztailaren 22an, larunbatean Euskadi mailako harrera festa ospatuko dute Pasai Donibanen, eta hitzordu hori ere familiak haien artean ezagutzeko baliatzen dutela dio Eizagirrek: «Bertan, Euskal Herrira etorri diren 181 haur sahararrak eta haien harrera familiak elkartuko gara eta egun pasa egingo dugu Pasai Donibane inguruan».

Elkarteak, bere aldetik, astean bitan ekintza ezberdinak antolatuko ditu etorriko diren haurrak elkartu daitezen. «Urtero antolatzen ditugun plan antzekoak egingo ditugu aurtengoan; ekintza desberdinak, udan izango diren herriko festaz gozatuko dugu eta irteerak ere egingo ditugu txikiparkera edo Donostiako Aquariumera, besteak beste», gehitu du.

Azkena izan dadila

Hemendik aurrera Oporrak Bakean programa berriro antolatzeko beharrik ez izatea espero du Eizagirrek, «haurrak hemen gurekin dauden bitartean disfrutatzen lagunduko diegu, ahalik eta udararik atseginena igaro dezaten. Modu horretan, datorren urteko oporrak Mendebaldeko Saharako hondartzetan igarotzeko aukera izatea espero dut».

Bien bitartean, datozen hilabeteetan lanean «gogotsu» jarraituko dutela esan du teknikariak, «urteroko moduan, herri sahararraren ondoan izango gara beti eta helburua bete arte beraien ondoan izango gaituzte. Hala ere, ozen esaten jarraituko dut aurtengo azken Oporrak Bakean izan behar duela. Horrek izan behar du gure helburua edo fokua benetan bete arte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!