Iñaki Epelde margolari tolosarra izango dute gogoan

Ataria 2023ko uzt. 19a, 20:00

Iñaki Epelde 2007an TEEren 40. urteurrena dela eta osatutako erakusketan.

Urmuga jaialdiaren barruan emanaldi berezia izango da gaur, Aralarko Aizpearron; Et Incarnatus orkestra ariko da beste hainbat musikarirekin batera.

Hamar urte betetzen dira aurten Iñaki Epelde Mundiñano margolarri tolosarra hil zela eta haren omenezko emanaldia izango da gaur, 18:00etatik aurrera, Urmuga jaialdiaren barruan.

Aralarko Aizpearron ariko dira printzipioz, baina lainoa badago, Unanun eskainiko dute emanaldia eta euria eginez gero, Lakuntzako elizan. Et Incarnatus orkestra ariko da eta baita Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Olaia Inziarte, Bixente Martinez eta Zinbulu Dantza Bertikala ere. 

Emanaldia Iñaki Epelde margolaren oroimenez izango da eta bertan izango dira ere bere lagun  Koldobika Jauregi, Guillermo Olmo eta Iñigo Aiestaran artistak. Sortzaileek performance bat egingo dute eta Felix Aiestaranek idatzitako testua irakurriko dute. Sarrerak Urmuga.eus webgunean eskuratu daitezke.

Iñaki Epelde Mundiñano Tolosan jaio eta bizi izan zen. Berazubi auzoan hazi zen eta Historia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide artistikoaz gain, Laskorain Ikastolan, Antonio Maria Labaienen Kultur Etxean eta EITBn lan egin zuen, eta margolari gisa egin zituen bere lan gehienak, baina kulturaren beste arlo asko ere landu zituen eta hainbat mural eta kartel egin zituen, baita eskulturak ere. Urte askoan Tolosako kultur etxeko pintura irakaslea izan zen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!