Iñaki Epelderen omenezko testua

Iñaki Epelde, kolorearen muinetatik Aralarko eremu ederretara

Felix Aiestaran, Tolosa 2023ko uzt. 19a, 21:00

Bizitzaren bikoiztasuna: lurrak eman eta kentzen ziguk bizitza. Hire margolanek, teknika desberdinez landuriko geruzez sakontasuna hartzen diate eta kolore espazio etzanetan kaligrafia mezu adierazkorrak agertzen dizkiate. Hik ez huen sentimendu pertsonalez hire lana kutsatu nahi eta hire burua lanetatik kanpo kokatzen huen.

Pertsona guztiok ditugun bizipenak zirrara eragiten duen kolore eremu ederretan azaltzen hituen. Laurogei hamarkada hasieran euskalgintza leherketa betean gaueskoletan ere aritu hintzen, baina hire jarduera pintura sormen aldetik bideratu huen. Tolosako kultur etxean pintura tailerretan aritu hintzen eta EITBn dekorazioak margotzen lan egin huen.

Hirurogeita hamargarren hamarkada amaieran kalea poesia eta margolanez hartu nahi izan genuen ARRE izenaz sinatzen genituen ekintza kulturalen bidez. Iñakirekin batera margolanak Iñigok ere egiten zituen eta literaturaz Kike eta biok arduratzen ginen garai zalapartatsu haietan. Iñaki Epelde Zut taldean aritu zen ondoren, baina beti ere bere margolanari eutsi izan zion. Euskal kosmogonia azaltzen duten logotipoak egin izan zituen: Lizardi Elkartea eta Uzturpe Ikastolakoa, besteak beste. Galtzaundiren logoa ere berak diseinatu zuen urteetan zehar bilakaera handia izan badu ere. Berazubikoek edo beste edonork irudia eskatzen bazion, beti zegoen prest.

Et Incarnatusen solstizo emanaldirako ere bere koadroak eskaini izan zituen. Kezkatuta agertzen zen gaur egun merkatuko produktu guztiei irudia jarri beharra dela eta irudigintza tribializatzeaz. Olentzero figura ederrak ere egin izan zituen, baina ez zegoen ados oraindaino eman izan zaion Aita Noel tankeraz. Olentzeroren noelizazio horretaz kanpo Olentzeroren bikoiztasuna aldarrikatzen zuen. Bere alde on eta txarra islatzen zituen. Olentzerok herri batzuetara opariak ekartzen ditu eta beste batzuetatik umeak beldurtu, hartu eta eraman egiten ditu.

Oinarrizko euskal hiru kolore funtsezkoak aldarrikatu zituen: gorria, beltza eta zuria. Gorriak bizitza, gizakia bera adierazten du. Beltzak oro osatzen duen materiaren Amalurraren isla da. Mari eta Amalur euskal jainkosen dantzan ilargia eta eguzkiaren irudi emeak lurretik sortu eta bertara itzultzen dira, amaigabeko ziklo bizian.


Anaia Patxirekin umore ederrean aritzen ginen euskalduntasunaren dikotomia azaltzen zuen karlista eta liberalen artean bietako bakoitza norekin identifikatzen zen broma eginaz, Tuduri karlisten irudiak euskal basoetan filmatzen hasia zen garai haietan.
Iñaki Epeldek sotiltasunaren apaltasunetik berezko edertasuna darien iruditeria koloretsua  oparitu zigun eskuzabaltasunez. Kolore hotz eta beroak edertasunez jantzi hituen gure ametsak. Hire pinturaren edertasuna bizitza bezalaxe xumea, liluragarria, nekeza, xamurra eta ankerra gertatzen zaiguk. 

Bizitzaren zurrunbiloak harrapatzen gaituen modura, hire margogintzak bihotza hunkitzen ziguk. Aralarko ur gardenak haitzuloetako zain karstikoen zehar bide egiten duen modura hire lanak antzinatasunaren erroetatik etorkizunaren ezagutza hegaletara eramaten gaitu. Neguko eremu zurietako isiltasunetik, udaberriko larre jorien eztanda artean Mariren begiradapean herensugearen haitzulotik euskal arima islatzen duk kolore arre, gorri, urdinen artean.

Hire hileta egunean Otsabio, Herniozabal eta Uzturre tontorrak zuriz agertu hituen hire agurrari keinu eginaz. Uda betean, Aralarko larre zailduetan bildu gaituk musikaren hegalez hire lanaren gorazarre egiteko.

Neguko elur izoztuaren isiltasunaz
loak hartu aurretik,
San Migeleko leitze zuloko
herensugearen suak pizturiko
udazkeneko izpi gorri, arre, horixkez
pagadiak kiskali ondoren,
udaberriko abere eta ardien bazkaz marraztutako
Aralarreko zain karstikoetako eztanda koloretsuez 
agurtzen gaituk, 
Aizpearroko musika festan  
uda beteko larre joriotan elkartu garen lagunok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!