Gelede maskaren bilduma eskuratu du Topic zentroak

Ataria 2023ko uztailaren 19a

2012an Gelede maskaren erakusketa izan zuen txotxongiloen etxeak; bildumako jabea hil da eta Tolosako zentroak maskara afrikar horiek erostea erabaki du.

Gelede maskarek jatorri afrikarra dute, Benin eta Nigeriakoak dira zehazki, eta duten berezitasuna da maskaren gainean txotxongiloak edo panpina artikulatuak dituztela. Topic zentroak 2012an izan zuen maskara horien bilduma erakusgai, eta orain txotxongilo etxekoak izatera pasa dira. Bilduma Holandako Ursela Voorhuis bildumagile pribatuarena zen eta bera hil ondoren erabaki du Topic-ek erostea, «maskara horiek gordetzeko eta erakusteko leku egokia zela uste izan duten oinordekoen oniritzia jaso ondoren», esan dute Topic-eko arduradunek. 

Gelede maskarak
Mota horietako maskarak buruan jartzen dira, kasko baten moduan, eta haien gainean, txotxongilo edo panpina artikulatu batzuek askotariko eszenak irudikatzen dituzte: satirikoak, erlijiosoak, nolabait garaikideak, mendebaldeko eragina dutenak edo egunerokotasunekoak. 

Zenbait kasutan, maskarek gizon edo emakume baten burua baino ez dute irudikatzen, baina, normalean, giza irudien adierazpen konplexuak izaten dira, zapi, animalia edo beste tresna batzuk buru gainean dituztela. Estiloari dagokionez, maskara gehienek Anago Yoruban dute jatorria, Beningo hego-ekialdeko eta Nigeriako hego-mendebaldeko kostaldean, hain zuzen ere.

Gelede antzerkia Benin, Nigeria eta Togoko yoruba-nag komunitateak lantzen du. Duela mende bat baino gehiagotik, zeremonia horren helburua ama nagusiari, Iyà Nlà, eta emakumeek yoruba gizartearen antolaketa sozialean eta garapenean betetzen duten paperari gorazarre egitea da. 

Gelede-a uztaren ondoren ospatzen da, gertakari garrantzitsuen aitzakian, baita lehorte edo izurrite kasuetan ere. Ikuskizunean, zizelkatutako maskara horiekin yoruberaz kantatu eta yoruba-nag herriaren historia eta mitoak kontatzen dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!