Emakumea gurtzeko maskarak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko mar. 2a, 07:00

Gelede izeneko gurtza, XIV. mendean sortu zen Afrikako Ketu eremuan. Emakumearen berezko gaitasun sortzailea goraipatzeko ospatzen duten zeremoniarako janzten dituzte bertan, Topic zentroan inauguratuko duten Gelede masks erakusketako maskara bereziak.

Bihar iluntzean, 19:00etan inauguratuko dute erakusketa, eta datorren ekainaren 10a bitarte ikusgai izango dira Afrikako zenbait maskara.

Gelede masks erakusketako piezak, Ursela Voorhuis izeneko Herbeheretako emakume baten bilduma pribatuko zati dira; ehun maskaratik gora ditu berak, eta Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentrorako aukeraketa bat egin behar izan dute, 43 maskara ekartzeko.

Bigarren aldiz antolatuko da erakusketa bat maskara hauekin; lehenengo aldiz, Afrikako museo batean ikusgai izan ziren, baina Topic-eko Maria San Sebastianek azaldu duenez, aukeraketa desberdina izan zen, eta beraz, esan daiteke Tolosako Gelede masks erakusketa ez dela, oraindik, beste inon ikusi ahal izan.

Nazioarteko harremanen fruitua

Topic zentroko zuzendari diren Idoia Otegi eta Miguel Arretxe, Dordrecht-en (Herbehereak) ospatzen duten nazioarteko txotxongilo jaialdi oso garrantzitsu batera joan ziren. Jaialdiaren aitzakiaz, maskara hauekin prestatutako erakusketa bat ikusi zuten, eta asko gustatu zitzaien. Horrela beraz, jaialdiko zuzendariarekin hitz egin zuten, maskaren erakusketa 2012an Tolosara ekarri ahal izateko. Maria San Sebastianek azaldu duenez, Dordrecht-eko jaialdiko zuzendariak komisario lanak egin ditu Gelede masks erakusketarekin: «Bere ardura izan da bildumaren jabearekin hitz egitea, erakusketa Tolosara ekartzeko hura konbentzitzea, eta berak antolatu du guztia».

XIV. mendetik hona

Gelede izeneko gurtza, XIV. mendean sortu zen Ketu izeneko eremuan (Afrika). Besteak beste, emakumeak bizitza sortzeko duen berezko indar hori jainkotzen zuten. Komunitate hartako gizonezkoek, maskarada moduko batzuk egiten zituzten indar honen omenez.

Ketu izeneko eremu honetatik, ordea, Benin eta Nigeriako (Afrika) yoruba komunitatera hedatu ziren aipaturiko maskaradak; zehazki, Egba, Anago, Saki, Ohero-Ijo, Ifonyin eta Annori herrietara zabaldu ziren.

Yoruba komunitateak bere burua eskaintzen dio Yemoja jainkosari; bera da guztien ama, eta baita uraren, sorginkerien, sexualitatearen, familiaren eta elikaduraren jabea ere. Hitz batean, Yemoja jainkosak amaren babesa eskaintzen die bere seme-alaba guztiei.

Yorubatarrek emakumearen botere jainkozkoari egiten dioten gurtza horretan, zati publikoa izan ohi da Gelede deituriko maskaradarena. Herrietako merkatuetan egiten dira, batetik, emakumeek, gehienetan, bertan lan egiten dutelako, eta gizarteko eremu horretan boterea dutelako. Era berean, ospakizunaren helburuetako bat oparotasuna eskatzea denez, merkatua leku egokitzat dute yorubatarrek.

Gelede ospakizunak, urtean behin egiten dituzte yoruba komunitatean, eta martxoa eta maiatza artean ospatzen dituzte; hain zuzen ere, nekazaritzarako urtarorik oparoenean.

Dantza eta eskaintza

Egunez egiten den ospakizuna da Gelede zeremonia. Animaliak, aleak, arrautzak, eztia eta antze-

ko produktuak eskaintzen dizkiete beren arbaso diren amei, eta emakumeen botereei dei egiten diete.

Herrietako soroetan, jarraian hasten dira dantzak, eta prozesio moduko bat jarraituz merkaturaino iristen dira. Egun osoa dantzan aritzen dira hemen, eta hainbat lekutako maskaradak pixkanaka elkartzen dira bertan.

Gizonezkoek egiten dute dantza, eta emakumez mozorrotzen dira, gainera, oihal handiez baliatuz. Bular aldean ere betegarriak jartzen dituzte emakume itxura hartzeko, eta emakume itxurako maskarak janzten dituzte, azkenik, Yemoja jainkosa imitatze aldera. Beren maskulinitatea, emakumearen boterearekin orekatzea da euren nahia.

Aipatzekoa da, egunez, Gelede zeremonian erabiltzen dituzten maskarak, aldatu egiten dituztela gauerako. Efe du izena, eguzkia sartu bezain laster hasten den ospakizunak. Kasu honetan, emakume nahiz gizon itxura duten maskarak erabiltzen dituzte yorubatarrek, eta ilunagoak dira aurpegiak, sorginkeria kutsua emateko helburuz.

Aipaturiko Gelede zeremonia hauetan guztietan, nabarmentzekoa da giza talde honetako apaiz-hierarkian emakumeak duen lehentasuna. Adituek diotenez, Brasilgo candomble ketu erakundeetako antolakuntza matriarkala Afrikako yoruba komunitate honen eraginez sortutakoa da.

 

Txotxongilodun maskara afrikarrak

Topic zentroan ikusgai izango den erakusketan Ursela Voorhuis herbeheretarraren bilduma pribatuko 43 pieza ikusi ahal izango dira. Maskara hauek, kasko moduan janzten dituzte zeremonietan, eta maskarek gainean dituzten panpina artikulatuekin, satirazko nahiz erlijiozko antzezpenak egiten dituzte. Gelede masks erakusketan, ordea, Efe izeneko gaueko zeremoniako zenbait pieza ere ikusi ahal izango dira; hain zuzen goian txotxongilorik ez dutenak dira hauek.

Gelede zeremoniak, emakumearen sortzeko gaitasuna gurtzeaz gain, hileta ospakizunetan nahiz lehorte garaietan ere ospatzen dituzte yorubatarrek; asmo txarreko sorginkeriek eragindako egoerak uxatzeko erabiltzen dute ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!