EAJ-k Jesus Insausti 'Uzturre' omendu du Tolosan, bere heriotzaren 30. urteurrenean

Ataria 2023ko uzt. 12a, 17:59

Argazkia: EAJ

Gaur 30 urte bete dira Jesus Insausti politikari eta idazle tolosarra hil zela. ELA sindikatuko kidea izan zen, baita Euskadi Buru Batzarreko eta Sabino Arana Fundazioko lehendakaria ere.

Jesus Insausti Urkirizar Uzturre Tolosan jaio zen 1912an. 1993ko uztailaren 12an hil zen, duela 30 urte alegia. Politikari eta idazlea izan zen; EAJko eta ELA sindikatuko kidea izan zen, baita El Dia egunkariko kazetaria ere. Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialeko itzultzailea izan zen, eta Santoñan preso hartu zuten Eusko Gudarostearekin batera. 1941ea askatu zuten, baina berriro atxilotu zuten 1946an, frankismoaren aurkako informazio-sarean ziharduelako, eta heriotza-zigorra ezarri zioten. 1951n ihes egin eta Frantzian eta Belgikan bizi izan zen luzaroan. 1980an itzuli zen Euskal Herrira, eta EAJ-ko Euskadi Buru Batzarreko kide izendatu zuten; 1985ean aipatu erakundeko lehendakari hautatu zuten, eta gero Sabino Arana Fundazioko lehendakaria izan zen, 1989an.

Gaur, bere heriotzaren 30. urteurrenean, omenaldia egin dio Eusko Alderdi Jeltzaleak, Euskal Pizkundea plazan. Bertan izan dira Eusko Alderdi Jeltzaleko zenbait ordezkari, tartean, Olatz Peon, Xarles Iturbe edota Jokin Bildarratz tolosarrak. Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari Uzturre oroituz eta egin zuen ekarpen handia gogoratuz. «Gaur, bere heriotzaren 30. urteurrenean, omenaldia egin nahi diogu abertzale jeltzale bati, sindikalista bati, kazetari bati, giza eskubideen sustatzaile bati... Jesusekin ikasi genuen abertzaletasunaz, duintasunaz politika egiterakoan, eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala uztartzean, baina, guztiaren gainetik, Uzturre beti izan zen giza eskubideen alde egin zuen demokrata bat». Aitor Esteban alderdiko bozeramaileak adierazi duenez, «Uzturre erreferente bat izan zen, berarengandik ikasi genuen, eta pertsonentzat eta herrientzat eskubide zibil eta demokratikoen defentsan gure bidea markatu zuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!