Tolosan, atsedenerako tartea

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko uztailaren 8a

Ehunmilak lasterketako korrikalarietako batzuk pixkana iritsi dira goizean Tolosako Beotibar frontoira. Jon Vallejo izan da eskualdeko azkarrena; tolosarra 8:00ak baino lehen igaro da bertatik, 36. postuan.

Atzo, ekaitz arrisku handia zela eta, berez aurreikusitakoa baino bi ordu beranduago irten ziren parte hartzaileak Beasaingo plazatik. 160 kilometro eta dozenaka herri eta landa-gune gurutzatu behar zituzten. Goizean goiz, Tolosako anoa guneara iritsi dira. Aurten, Beotibar frontoian jarri dute, Usabal kiroldegia itxita dagoelako. Zelatunetik jaitsi ondoren, bertan atseden hartu eta jateko edota edateko aukera izan dute korrikalariek; fisioterapia zerbitzua ere egon da, eta batzuek masajeen beharra izan dute.

Gizonezkoetan, Igon Mancisidor zumaiarra iritsi da lehen postuan, 6:00ak aldera. Bere atzetik, 10 minutu ingurura, David Gomez arrasatearra, Alberto Pelaez kantabriarra eta Jesus Bailo zaragozarra iritsi dira Beotibarrera, elkarrengandik nahiko gertu. Eskualdeko korrikalariei dagokienez, Jon Vallejo tolosarra izan da azkarrena bertatik igarotzen; 8:00ak baino lehen pasa da, 36. postuan. Emakumezkoetan, Uxue Fraile nafarra heldu da lehen postuan, 7:00ak jo baino lehen. Bigarren Irene Guembe nafarra heldu da, ordubete pasatxora, 8:00ak aldera. Hirugarren Joana Pawelczak bilbotarra izan da, Guemberengandik ordu erdira. 

Oraindik lasterketa jokoan da. Gizonezkoetan, Mancisidor Txindokitik igaro da dagoeneko. 10 minutu inguruko aldea ateratzen dio bigarrenari. Emakumezkoetan, Fraile duela gutxi igaro da Amezketatik, eta alde handia ateratzen dio bigarren postuan doanari.

Erlazionatuak

Iluntasunean, argi izpiak Larraitzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2023 uzt 08 Abaltzisketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!