Iluntasunean, argi izpiak Larraitzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko uzt. 8a, 11:11

Abaltzisketako Larraitz auzoan zale ugari bildu zen gauerdian, Goierriko 2 Handiak lasterketako korrikalariak igarotzen ikusi eta animoak emateko. Jada heldu dira lehen lasterkariak helmugara, eta Iban Agirrezabala berastegiarra laugarren postuan iritsi da, 10.56.55eko denbora eginda.

23:00etan hasi zen Beasainen Goierriko 2 Handiak lasterketa; korrikalariek 88 kilometro zituzten aurretik. Beasaindik Ordiziara joan, bertatik Zaldibiara, eta ondoren, Larraitz auzora igo ziren lasterkariak. Bertatik gero Aralar Parke Naturalean sartu ziren korrikalariak. Giro bikaina izan zen Abaltzisketako auzoan, eta jendetza bildu zen korrikalariak ikusteko; batzuk trikitia eta panderoa hartuta joan ziren, festa musikaz alaitzeko.

Gizonezkoetan Joseba Eskudero idiazabaldarra eta emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan ziren azkarrenak Larraitz auzoko anoa gunean. Eskualdeko korrikalariei dagokienez, Soronea-Ammma taldeko Iban Agirrezabala berastegiarra izan zen onena, zortzigarren postuan, eta beranduago, Alpino Uzturre taldeko Asier Ayerza igaro zen, 40. postuan.

Eskuderok, gainera, jada amaitu du eta bera izan da garailea. Larraitzen 3 minutuz hobetu zuen Aritz Egeak ezarrita zuen denbora onena. Helmugan, ordea, ez du lortu Egearen marka gainditzea. 10.12.32ko denbora egin du idiazabaldarrak. Fidel Alvarez izan da bigarren, 10.41.11ko denborarekin, eta Iñigo Aranzamendi hirugarren, Alvarezengandik minutu erdira: 10.41.45. Laugarren Iban Agirrezabala berastegiarra izan da, 10.56.55eko denbora eginda. Egea da oraingoz proba hau 10 orduz azpitik egitea lortu duen korrikalari bakarra.

Oraindik korrikalariak Beasaingo helmugara iristen ari dira, eta batzuk Aizkorriko maldatan dabiltza. Aurten, Goierriko 2 Handiak lasterketa Euskal Mendi Federakuntzako ultra txapelketa eta EMF ultra kopako azken proba izan da. 

Erlazionatuak

Tolosan, atsedenerako tartea

Josu Artutxa Dorronsoro 2023 uzt 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!