Ane Martinek Tolosa CF-ko errekor berria ezarri du

Ataria 2023ko uztailaren 6a

Atleta tolosarrak 7 segundotan hobetu zuen berak aurretik ezarritako marka, Bartzelonako Mitinean jokatutako 1.500 metrotako proban. 4.24,63ko denbora eginda, 20 urtez azpiko Europako Txapelketarako gutxieneko marka egitetik oso gertu geratu da.

Ane Martin Tolosa CF Atletismo taldeko atleta tolosarrak lasterketa izugarria egin zuen atzo, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Mitinean, Serrahimako estadioan jokatutako 1.500 metrotako proban. B seriean parte hartu zuen, eta lasterketa irabazteaz gain, bere marka 7 segundotan hobetu zuen, beste behin ere, Tolosa CF-ko errekor berria ezarriz, 4.24,63ko denbora eginda. Denbora honekin, 20 urtez azpiko Europako Txapelketarako gutxieneko marka egitetik oso gertu geratu da.

Astean zehar beste lasterketa batzuk jokatu dituzte, Tolosa CF Atletismo taldeko atletek. Gasteizen, Maddi Lillo tolosarrak bere marka pertsonala hobetu zuen 100 metrotako proban, 12,40ko denbora eginda. Castro Urdialesen (Kantabria), berriz, Alberto Rebollok 13,56ko denbora egin zuen 100 metrotako proban, eta 1.03koa 400 metrokoan; Castro Urdialesen baita ere, Maddi Perurenak 1.09ko denbora egin zuen 400 metro hesiak proban. Klubetik adierazi dutenez, «oso emaitza onak» izan dira atletek lortutakoak.

Maddi Lillo, Gasteizen.

Alberto Rebollo, Castro Urdialesen.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!