John Cabang, Espainiako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 5a, 11:58
John Cabang atleta irurarra.

Asteburuan 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen Tarragonan (Herrialde Katalanak), eta Real Sociedad klubeko John Cabang irurarra 110 hesietan txapelduna izan zen.

Sekulako marka egin zuen Cabangek, 13,55, baina gehiegizko haizearen ondorioz markak ez du balio errekor moduan. Bere klubarekin 4x100 metroko erreleboa ere irabazi zuen. Bere hurrengo proba, Filipinetako selekzioa ordezkatuz, Asiako Txapelketa izango da.

Klub bereko Ander Martinez de Rituerto tolosarrak bosgarren egin zuen pertika jauzian 5,20 metro saltatuz. Datorren astean Finlandian jokatuko den 23 urtez azpiko Europako Txapelketan hartuko du parte.

Tolosa CF-ko zazpi atleta izan ziren 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Maria Felisa Okomo laugarren izan zen pisu jaurtiketan urteko markarik onena eginez 13,24 metrorekin. Nora Ituarte seigarren izan zen 100 metrotan 12,03rekin eta zortzigarren 200 metroetan 25,09rekin. Iratxe Martin zazpigarren izan zen, finalean eroriko tamalgarri bat izan eta gero azken hesian. Hodei Caballerok 10.000 metroko martxa proban 46.34rekin finalista izatea lortu zuen beste behin ere zortzigarren postua eskuratuz. Iker Esnaolak pisu jaurtiketan hamargarren postuan amaitu zuen, 12,42 metroko jaurtiketarekin. Jone Agirrezabala 200 metrotan finalerdietara iritsi zen, 25,51 eginez. Ainhoa Murua ere finalerdietan geratu zen 400 metro hesietan 1.05,45rekin.

Ander Martinez de Rituerto atleta tolosarra.

Tolosa CF-ko atletak, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!