Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Babesa eskatu diete herritarrei gaurko manifestaziorako

Ataria 2023ko uztailaren 5a

Usabal kiroldegiko langileen martxoko manifestazioko irudia.

Tolosako Usabal kiroldegiko langileek manifestazioa egingo dute gaur, 19:00etan, Trianguloa plazatik abiatuta, 'Kiroldegian irtenbidea orain!' lelopean. Mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu diete herritarrei.

Azken urteetan lehen aldiz, igerilekurik gabe daude Tolosan. Berez ekainean hasi ohi da udako kanpaina, baina aurten itxita dago Usabal kiroldegia. Larunbatean bi hilabete beteko dira bertako langileek greba mugagabea hasi zutenetik, eta oraingoz, ez dirudi enpresa kudeatzailearekin adostasunera iristeko moduan daudenik.

Langileek ATARIA-ri adierazi ziotenez, egoera hiru puntutan dago korapilatuta: «Eskolen prestaketa batetik; begirale garenak eskolak prestatu ahal izateko denbora lanordu bezala kontuan hartzea eskatzen dugu. Bestetik, asteburuetan sarreran lan egiten dugunok, ardura gehiago dugunez, lan hori gehiago baloratzea. Eta, hirugarren puntua erosahalmenari dagokiona da. 2022ko erosahalmena berreskuratzea, hain zuzen».

Hori dela eta, gaur, 19:00etan, mobilizazio berri bat deitu dute Tolosan; manifestazioa egingo dute, Trianguloa plazatik abiatuta, Kiroldegian irtenbidea orain! lelopean. Kiroldegia itxita egoteak, langileei ez ezik, erabiltzaileei ere eragiten die. Horregatik, langileek dei egin diete herritarrei, mobilizazioarekin bat egin eta babesa adierazi dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!