Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Ez da egia konponbidea oso gertu egonik greba mugagabea hasi dugula»

Asier Imaz 2023ko eka. 29a, 07:59

Maiatzaren 8tik greba mugagabean daude Usabal kiroldegiko langileak; langileak irtenbideak bilatzen eta proposatzen ari direla baina enpresak ez duela mugitzeko asmorik adierazi dute.

Egoitz Ezeiza eta Eneko Egialde Usabal kiroldegiko langileak dira, eta Alaitz Oiartzun ELA sindikatuko ordezkaria. Maiatzaren 8az geroztik Usabal kiroldegia itxita dago, bertako langileek grebara jo zutelako. Une honetan enpresarekin duten negoziaketa blokeatuta dagoela esan dute.

Nola dago une honetan egoera?

Egoitz Ezeiza. Azken bi hilabeteetan mugimendu gutxi egon dira enpresaren aldetik. Langileen aldetik mugimenduak egin ditugu gatazkaren irtenbidea bilatzeko. Bilerak egin ditugu, baina, mugimenduak soilik alde batekoak izan dira. Horrek blokeo egoerara eraman gaitu. Enpresaren aldetik inmobilismo handia dago. Gu irtenbideak bilatu eta proposatzen saiatzen ari gara, baina, ez atzera ez aurrera gaude. Beste aldetik ez dagoelako negoziatzeko aukerarik.

Eneko Egialde. Iritsi da une bat esan dutena ez dutela gehiago eskainiko.

Maiatzaren 8an hasi zenuten greba mugagabea. Epe motzean nola ikusten duzue egoera?

Ezeiza. Guk irtenbide bat bilatu nahi dugu. Ikusten dugu zerbitzua eman egin behar dela, eta ezin dugula blokeo egoera honetan egon. Kiroldegia itxita dago, eta jende asko ari da ondorioak pairatzen.

Udan egonik eta igerilekua garai hauetan beteta egoten zela kontuan hartuta, presio handia ari al zarete jasaten?

Egialde. Bai. Kalera ateratzea, esaterako, ez da erraza, jende asko gerturatzen baitzaigu galdetzera nola dagoen egoera. Esan beharra dago jende gehienak ulertzen gaituela eta babesa ematen digutela, lan baldintzen inguruan ari baikara hitz egiten.

Zenbat langile zarete egoera horretan?

Ezeiza . Usabal kiroldegia itxita dago, baina Berazubi estadioa eta Beotibar eta Uzturpe frontoiak irekita daude. 31 langile gara enpresakoak, eta 29 gaude greban.

Gatazka nola sortu zen?

Egialde. Lan hitzarmena 2020 urtean bukatu zitzaigun, eta pandemia tarteko, ezin izan genuen hitzarmena negoziatu. Kontzesioa emateko baldintzak atera zituen udalak. Langileok gure hitzarmena baldintzetan agertzeko eskatu genuen, eta horrela bermatu zen. Baina, enpresa berria sartu da, guk gure hitzarmena negoziatzeko eskaera egin dugu, eta hasieratik zaila izan da negoziaketa.

Enpresa kudeatzailearen aldaketa eman zen. Nabaritu zenuten aldaketa?

Egialde. Lan egiteko eran sumatu genuen aldaketa, baina, lan baldintzetan ez; azken batean, lan hitzarmena daukagu, eta bete beharra dago.

Hitzarmena berritzen saiatu zineten, baina ez zen adostasunik iristen, eta mobilizazioetara jotzea erabaki zenuten.

Ezeiza. Puntu batzuetan akordioa lortu genuen, baina, guretzat oso garrantzitsuak diren puntu batzuetan ez genuen lortu. Ondorioz, lehendabizi hamaika eguneko greba egitea erabaki genuen, eta ondoren, maiatzaren 8tik aurrera greba mugagabeari ekin genion.

Zein puntutan ez zarete ados jartzen?

Ezeiza. Enpresak apirilaren 25etik ez digu beste eskaintzarik egin. Hiru puntutan gaude korapilatuta. Eskolen prestaketa batetik; begirale garenak eskolak prestatu ahal izateko denbora lanordu bezala kontuan hartzea eskatzen dugu. Bestetik, asteburuetan sarreran lan egiten dugunok, ardura gehiago dugunez, lan hori gehiago baloratzea. Eta, hirugarren puntua eroshalmenari dagokiona da. 2022ko erosahalmena berreskuratzea, hain zuzen.

Enpresarekin izandako bilerak nolakoak izan dira?

Egialde. Ez da oso erraza enpresako ordezkariekin biltzea, eta denborak asko luzatzen dira. Dena den, bilera batzuk izan ditugu, bai beraiekin bai eta Tolosako Udalarekin ere.

Ezeiza. Bilera batetik bestera denbora asko joan da, eta guk azkarrago joan nahi dugu egoera desblokeatzeko. Beraien partetik, guztia atzeratzeko jarrera izan dute. Utzikeria eta ardura falta transmititzen dute.

Sindikatuen ikuspegitik nola ari zarete bizitzen gatazka?

Alaitz Oiartzun. Oso zaila izaten ari da prozesu guztia. Guk argi dugu lan baldintzak mantendu eta duinduko direla bermatzea nahi dugula. Helburua da hitzarmenak jasotzea langileek dituzten proposamen garrantzitsuenak.

Horrelako blokeo egoerak bizitzea askotan egokituko zaizue.

Oiartzun. Saiatzen gara bai udalarekin, bai eta enpresarekin bilerak egiten. Guri ere ez zaigu gustatzen blokeo egoera honetan egotea. Greba egun asko doaz langileak, eta ikusten dugu mugimenduak soilik beraiek egin dituztela, eta enpresak ez duela mugitzeko asmorik. Desblokeatzen saiatzen ari gara. Zaila izaten ari da, enpresak ez duelako bere jarrera aldatzeko asmorik.

Enpresak soldataren igoera proposatu zuela adierazi zuen.

Egialde. Guri esan diguna izan da urte honetako KPIa ordaintzen digula, %5,4, eta datozen bi urteetakoak ere bai. Hori bai, aurreko urtekoaz, hau da, %6,4az, ez dute hitz egin nahi. Guk esaten diegu gure erosahalmena berreskuratu nahi dugula, %6,4 aplikatuz. Ordaintzeko hainbat aukera proposatu ditugu, baina erantzuna ezezkoa izan da.

Ezeiza. Beste bi puntutan nahiko gertu gaude. Klaseen prestaketan eta asteburuko kategoriaren kasuan ez gaude urrun. Koxka handiena 2022ko KPIaren aplikazioan dago.

Tolosako Udalak gai honetan ardura duela esan izan duzue.

Ezeiza. Negoziaketaren jarraipena egiten egon da aurreko udala une oro. Borondate hori izan du, baina hortik aurrera laguntza handirik ez dugu jaso.

Egialde. Greba neurrigabea dela esan zuen aurreko udalak. Neurrigabea dena da langileei KPIa gutxienez ez bermatzea.

Ezeiza. Ez da egia konponbidea oso gertu izanik greba mugagabea hasi dugunik. Ez ginen hain gertu, eta beraiek ondo dakite hori.

Egialde. Argi dagoena da ardura udalarena dela. Udalarena den zerbitzu publiko batez ari gara, eta udalak bermatu behar du hori ondo ematea. Udalak sartu du enpresa eta udalak jarri ditu baldintzak.

Udal aldaketarekin zer espero duzue?

Ezeiza. EH Bilduk transmititu diguna da, zerbitzua eman nahi dutela, eta horretarako bide desberdinak ari direla aztertzen, langileen lan baldintzak bermatuz.

Udalak egin ahal du zerbait?

Egialde. Emakida hau eman den baldintzetan zaila dela eskua sartzea dio udalak. Baina, ez da ezinezkoa.

Hemendik aurrera zer pauso emango dituzue?

Egialde. Negoziazio bat egoteko bi aldeen aldetik mugimenduak egon behar dira, eta une honetan enpresaren aldetik ez dago mugimendurik. Orain enpresari bilera eskaera egingo diogu, eta ea noiz biltzea proposatzen duen. Gure aldetik, egunero biltzeko prest gaude. Bitartean, langileak batuta eta indarrarekin gaude, eta jarraitu egingo dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!