Gogor salatu dute Iruñean gertatutako erailketa matxista

Ataria 2023ko uzt. 4a, 09:47

Tolosako Asanblada Feministak eta Tolosaldeko Itaiak, bakoitzak bere aldetik, elkarretaratze bana egin zuten atzo Tolosako Trianguloa plazan, Iruñean gertatutako erailketa matxista salatzeko.

Pasa den astean, 51 urteko gizonezko batek 47 urteko emakume bat (bere bikotekidea) hil zuen Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan. Gizonezkoa bera joan zen Iruñeko Udaltzaingoaren komisariara, eta aitortu zuen berak hil zuela emakumea. Bikote izateaz gainera, Anayak tabernan bazkide ziren, eta elkarrekin bizi ziren. Emakumeak hiru ume zituen, eta haien testigantza jasota ondorioztatu dute hilketa matxista izan dela.

Atzo, Iruñean gertatutako erailketa matxista salatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten eskualdeko zenbait herritan, tartean, Tolosan. Bi mobilizazio izan ziren, gainera, biak ere, Trianguloa plazan; batetik, Tolosako Asanbladak deitutakoa, eta bestetik, Tolosaldeko Itaiak deitutakoa. Asanbladaren deialdiarekin bat egin zuten Tolosako Udala osatzen duten alderdi politikoetako ordezkariek.

Iruñean gertatutakoa, Hego Euskal Herrian aurten gertatu den laugarren erailketa matxista dela gogoratu zuen asanbladak. «Ez gaitezen nahasi. Zoritxarrez beste behin ere egiaztatzen dugu ez dela noizbehinka gertatzen den zerbait. Ez. Patriarkatu nazkagarri baten baitan bizi behar izatearen ondorio lazgarria da. Eta horretaz, gutxiago edo gehiago jabetuta ere, emakumeok biolentziaz jositako egitura batean bizi gara», salatu zuten.

Asanbladak argi utzi nahi izan zuen, beste behin ere, emakume baten erailketaren aurrean gaudela, eta kasu honetan gainera, Zhen emakume migratzailea zela, eta horrek berekin dakarrela zaurgarritasun egoera berezia. «Indarkeria matxistarekin behingoz amaitzeko estrategia integral baten beharraz jabetu behar gara. Hau ez da soilik emakumeon arazoa. Ez da guk egiten, bilatzen edo merezi dugunaren ondorio bat. Ez da gure trauma, gizon horien krimenak dira. Gizon askok emakumeekiko portaera-arazo larria dute. Bere maskulinitatea patologikoa da eta higuingarria, gaitzesgarria eta lotsagarria izan beharko luke bere sexu berekoentzat. Emakumeon bizitzak arrisku larrian daude eta guztioi eragiten digu».

Amaitzeko, beraien samina eta elkartasuna helarazi nahi izan zizkieten eraildako emakumearen senideei, eta autodefentsarako deia luzatu zuten. «Ezin dugu imajinatu sentituko duten amorrua, mina eta inpotentzia. Behin eta berriz, suminduko gara, haserretuko gara, oihukatuko dugu gure ahizpen alde, horrelako izugarrikeria bat gertatzen den aldiro, bai. Baina, jakin badakigu hau guztia ez dela amaituko bizi dugun gizartea ardazten duen matxismoa desagerrarazi bitarte.  Erailketak, errutinazko bortizkeriaren azken muturra dira, baina gu, egunero gaude arriskuan. Gizarte honen oinarriari, heldulekuei eragin behar diegu, feminismoaren bidea jarraituz, eta bakoitzak bere esparrutik dagokion ardura bere gain hartuz, gertatzen ari dena denon arazoa baita. Gizonezkoena ere bai. Guztiona. Gizarte osoarena».

Tolosaldeko Itaiak, bere aldetik, ozen aldarrikatu zuen «beharrezkoa» dela indarkeria matxista gainditzeko «antolakuntza politiko independentea indartzea» eta «arautegi kultural matxista borrokatuko duen jarduna lehen lerroan kokatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!