Iberdrolak Tolosako Udalari hitz eman dio neurriak hartuko dituela

Ataria 2023ko ekainaren 30a

Bi zuhaitzen erorketak eragin ditu Tolosan azken bi asteetan gertatu diren argindar mozketak; hori dela eta, konpainia elektrikoak esan du instalazioetan berrikuntzak egingo dituela eta komunikazioa hobetuko duela. Datorren astelehenerako Tolosan aurreikusita dagoen argindar mozketak Auzo Txikia eta San Esteban auzoetako 17 herritarri eragingo die.

Atzo goizean Tolosako Udaleko eta Tolargiko arduradunak Iberdrolako ordezkariekin bildu ziren azken asteetako argindar mozketen inguruko azalpenak eskatu eta neurriak hartzeko.

Iberdrolak emandako azalpenen arabera, sare elektrikora erori ziren bi zuhaitzek eragin zituzten joan den osteguneko eta astelehen goizeko mozketak. Astelehenekoa, gainera, irisgarritasun zaileko eremu batean izan zela zehaztu du konpainia elektrikoak, eta horri egotzi dio konpontzeko igaro behar izan zuen denbora luzatu izana.

Mozketek herritar, komertzio eta lantoki askori eragindako eragozpen eta kalteak ikusirik, etorkizunera begira neurriak har ditzaten exijitu du udalak.

Bada, instalazioetan berrikuntzak eta ikuskapenak egiteko eta Tolargirekin konexio berriak egiteko aukerak aztertzeko konpromisoa hartu du Iberdrolak, baita udalarekin komunikazio zuzena hobetzeko ere.

Astelehenean, argindar mozketa

Datorren asteleheneko 11:00etarako programatuta dagoen mozketari buruz galdetuta, Iberdrolak argitu du mantenu lanetarako egingo den mozketa puntuala izango dela, eta lokalizatuta dituztela eragin eremuak.

Auzo Txikia eta San Esteban auzoetako 17 bizilaguni eragingo diete lanek, eta konpainiak udalari jakitera eman dionez, dagoeneko harremanetan jarri dira haiekin. Herritar hauei eragingo die:

  • Auzo Txikia: 1, 3 eta 4 zenbakiak, bakoitzean bezero bana.
  • San Esteban Auzoa: 63 (bost bezero), 63-1, 63-2, 65, 66, 67 eta 67-1 zenbakietan bezero bana.

Erlazionatuak

Goiz iluna, Tolosan

Ataria 2023 eka 26 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!