Goiz iluna, Tolosan

Ataria 2023ko ekainaren 26a

Zortziak bost gutxi aldera argindarra joan da Tolosako hainbat eremutan. 13:10ean itzuli da. Tartean, hainbat gertakari pasa dira.

Tolosako Udalak sare sozialetan zabaldu du zergatia, goizean: «Berriro ere argindarrik gabe geratu gara Tolosako hainbat eremutan, Alegiako subestazioan izan den matxuragatik. Iberdrolari arazoa azkar konpondu dezan eskatu diogu, etxebizitza, komertzio eta lantokietan ohiko jarduerara itzul gaitezen».

Goiz osoa, ordea, argirik gabe pasa dute etxebizitza, komertzio eta lantoki horiek. San Frantzisko kalean denda gehienak itxirik egon dira. Zabalik zeudenek ahal duten bezala eman dute zerbitzua, ilunpean. Trianguloaren inguruan ere gauza bera, banketxeetako bulegoak itxita edo ilunpean. Kanpoan kartela jarri duenik ere izan da, bezeroak Ibarrako bulegora bideratuz. Kutxazain automatikoek ere ez dute dirurik eman goizean. Supermerkatuetan langileak barruan, baina pertsiana erdi itxita. Okindegiak ogirik gabe eta gozotegietan izozkiak urtzen.

Baina ilunpean argia ikusi duenik ere izan da. Solana kaleko Goikoetxea Janari dendan, adibidez, ateak zabalik mantentzea lortu dute. Argi indarraren arazoa luzerako zihoala ikusita, pilekin funtzionatzen duen pisua erosi dute. Barazki eta fruituak saltzeko, beraz, ez dute arazorik izan. 

Udaletxeko zerbitzuek ere ez dute normaltasunez funtzionatu. Udaltzainak bulegoan egon dira, baina mugikorren laguntzarekin bakarrik. Bertan azaldu dute, Alde Zaharrean, igogailuan harrapatuta geratu denik ere izan dela. Ezer larririk ez, zerbitzu teknikoak gerturatu eta atera baitute bizilaguna. Garaje batzuetako ateak ere blokeaturik geratu dira, eta autoa ezin izan dute barrutik atera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!