Tolosa CF mendeurrena

Ehun urteko ospakizuna

Leyre Carrasco 2023ko ekainaren 26a

Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren mendeurrenari amaiera eman zioten atzo, 'Urdiñak 100 urtez' emanaldiarekin. Zuzeneko musika eta klubarekin lotura duten gonbidatu bereziak izan ziren Oria ibaiaren gainean.

Oria ibaia agertoki bihurtu zen atzo. Izan ere, Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren ehun urteen ospakizuna biribildu zuten Urdiñak 100 urtez emanaldiarekin. Hodeiertz abesbatzako kideek eman zioten hasiera ekitaldiari. Berazubi estadio ingurutik hasita Zerkausiaren pareraino abesten joan ziren bi txalupa handiren gainean.

Ondoren, Oria ibaiaren gainean jarritako oholtzan zeuden artisten txanda izan zen. Tolosako musikari eta taldeak izan ziren bertako protagonistak: Verde Prato, Mirua eta Tenpora, azken horretan Elene Arandia abeslariarekin. Horrez gain, haize hirukotea, hari laukotea eta musikari hirukoteak ere izan ziren ur gaineko oholtza horretan. 

Zuzeneko emanaldiez gain, agertoki horren inguruan Tolosa CF klubarekin lotura estua duten gonbidatuak ere izan ziren, Antton Telleriak gidatuta. Horren adibide, Armando Roca eta Txitxi Orbegozo izan ziren, eta klubaren historia pasarteen bitartez kontatu zuten.

Erlazionatuak

Mendeurrenari amaiera, ur gainean

Imanol Garcia Landa 2023 eka 25 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!