Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren mendeurrenaren ospakizunei bukaera emango die Urdiñak 100 urtez emanaldiak. Igandean izango da, ekainaren 25ean, 22:30ean, eta San Joan jaien egitarauaren barruan txertatu dute. Orain arte erabili gabeko agertoki batean izango da, Oria ibaiaren gainean, Zerkausiaren parean. Juantxo Zeberio eta Xabi Lozano ari dira proiektua gidatzen. «Asmoa gauza polit bat egitea da, espazio zoragarri batean. Ospakizun bat izatea nahi dugu. Iragana kontatzea eta etorkizuna ospatzea», esan du Zeberiok.
Juantxo Zeberio: «Ospakizun bat izatea nahi dugu; iragana kontatzea eta etorkizuna ospatzea»
Ideia orain hiru urte hasi zen martxan jartzen, Zeberiok gogoan duenez: «Iñaki Arratibel nirekin jarri zen kontaktuan, Tolosa CF-ren mendeurrenaren inguruan zerbait egiteko asmoa zutela esanez». Zeberiok buelta batzuk eman zizkion, eta bi gai uztartu nahi izan zituzten. Batetik, espazioa bera eta, bestetik, Tolosa CF-ren nortasuna eta garrantzia herriarentzako. «Betidanik izan dugu ibaian zerbait egiteko gogoa; espazio hau naturalki zoragarria da. Konplikatua da erabiltzeko, baina era berean, egunero erabiltzen da, adibidez Tolosaldea Arraun Klubaren aldetik. Eremu bizia da, baina aldi berean kultur ekitaldientzako ez da inoiz erabili», zehaztu du Zeberiok. Horrez gain, Tolosa CF klub bat baino zerbait gehiago dela dio: «Ni neroni atleta izan naiz eta urte asko eman ditut hor sartuta. Nire osaba Armando Roca ia olinpikoa izan zen, eta hor jarraitzen du bere 88 urterekin atletismoa egiten. Beste batzuk igeriketan, beste batzuk futbola egiten, herritar askok parte hartu dute eta parte hartzen dute klubean... Lanbideak, sentsibilitateak, eta klase sozialak ere zeharkatzen dituela esan daiteke».
Bi ideia horiek uztartuta, zerbait indartsua egitea merezi zuela-eta, apustu hori egitea eskatu zion Zeberiok klubari. Tolosa CF-k aztertu, eta baiezkoa eman zuen. «Hori bai, gauza bat da hordagoa jotzea eta beste bat gero hori aurrera eramatea», zehaztu du Zeberiok. Bide horretan, batetik, alde artistikoa landu behar izan dute eta, bestetik, logistika. Hain justu, konplexutasun nagusiena logistikak du. «Suak botatzeko erabiltzen dituzten plataformak utzi zizkion Donostiako Udalak Atlantikaldia jaialdiari horrelako zerbait egiteko, eta harremanetan jarri nintzen Donostiako Udaleko festetako arduradunarekin eta baiezkoa eman ziguten, utziko zizkigutela plataforma horiek», azaldu du Zeberiok. Xabi Lozano eta biak joan ziren ikustera. «Bazirudien posible zela, baina esan bezala, gero hori dena muntatu egin behar da uraren gainean eta Tolosan. Asmoa hori da eta eguraldia izan behar dugu lagun». Azken momentura arte ez dute jakingo gauzatu ahalko duten. «B plana badugu, baina askoz estandarragoa izango litzateke», esan du. Logistikako gai horretan Tolosako Udala laguntzen ari dela gaineratu du Zeberiok: «Hor ari gara brigadakoekin elkarlanean nola egin muntaia».
Musika eta historia
Agertoki berezi hori nola gauzatu daitekeen bideratzen joan den heinean, beste partea horren gainean egingo dena prestatzea izan da. «Ez da asmoa ezer pretentziosoa egitea, ez dugu ezer berria asmatuko», esan du Zeberiok. «Zerbait ezberdina eta espazioarekin lotura duena egin nahi dugu. Estadioak eta herriak bat egiten duen lekua da, eta hori ere nolabait islatu nahi dugu». Hori horrela, emanaldiari hasiera emateko, Berazubi estadio ingurutik Hodeiertz abesbatzako kideak abiatuko dira bi txalupa handiren gainean, eta abesten joango dira Zerkausiaren pareraino. «Hodeiertzek 40. urteurrena betetzen du aurten eta beraiei ere omenalditxo bat egiteko modua da», zehaztu du Zeberiok.
Juantxo Zeberio: «Musikari gehienak tolosarrak dira, herriarekin lotura duten abestiak egongo dira, eta moldaketa berriak izango dituzte»
Ondoren etorriko da ur gainean jarriko diren plataformetan egingo den emanaldia. Tolosako musikari eta taldeak ariko dira bertan: Verde Prato, Mirua eta Tenpora, azken horretan Elene Arandia abeslariarekin. Horrez gain, haize hirukotea, hari laukotea eta musikari hirukoteak izango dira ur gaineko oholtza horretan. «Musikari gehienak tolosarrak dira, herriarekin lotura duten abestiak egongo dira, eta moldaketa berriak izango dituzte. Errepertorio aldetik oso interesgarria izango da egingo dugun proposamena», esan du Zeberiok.
Musikaz gain, agertoki horren gainean ere gonbidatuak izango dira, Tolosa CF-rekin lotura dutenak. Bertan izango dira, adibidez, Armando Roca eta Txitxi Orbegozo, klubaren historia hori pertsonen bitartez kontatzeko, anekdoten bitartez. Emanaldia gidatuko duena Antton Telleria izango da.
Guztira ordu eta erdi inguruko saioa izango dela aurreikusten dute. «Erronka artistikoa izateaz gain, muntaketaren aldetik ere erronka bat izango da, eta alde horretatik, ur gainean TAK klubaren eta Zumardia elkartearen laguntza jasoko dugu», esan du Zeberiok. Inguruko edozein tokitik ondo ikusteko modua izango dela prestatu nahi dute. «Leku honi, espazio honi, beste modu batera begiratzeko aukera ematen du emanaldi honek. Ea aurrera begira ere berriro erabiltzeko aukerak sortzen diren».
Berazubiko mendeurrenaren ekitaldia
Hamahiru hilabetez ekitaldiak antolatu, eta gauzatu ditu Tolosa CF klubak, bere mendeurrena eta Berazubi estadioaren mendeurrena ospatzeko. 2022ko ekainaren 8an hasi zituzten ospakizunak, klubaren sorreraren mendeurrena bete zen egunean.
Berazubi estadioa 1923ko ekainaren 24an inauguratu zuten, eta bihar, mendeurrena beteko den egunean, Tolosa CF klubak ekitaldia egingo du, 12:30etik aurrera. Plaka bat jarriko dute estadioan, mendeurrenaren oroigarri, eta Berazubi diseinatu zuen Adrian Laskibar arkitektoaren bustoan lore sorta jarriko dute.
Parte hartzaileak
Musikari hirukotea. Karlos Aranzegi, bateria; Juantxo Zeberio, teklatuak eta Itsaso Etxebeste, baxua.
Hari laukotea. Miren Zeberio, biolina; Alejandro Saul, txeloa; Alejandro Zaldivar, biola eta Maddi Arana, biolina.
Haize laukotea. Jon Arruebarrena, saxo altua; Jon Urbizu, saxo tenorra eta Julen Leuza, tronpeta.
Emanaldiaren gidaria. Antton Telleria.
Musika zuzendaritza eta moldaketak. Juantxo Zeberio.
Argiztapena. Xabi Lozano.
Soinua. Amal Ariztimuño.
Zuzendaritza artistikoa eta ekoizpena. Xabi Lozano eta Juantxo Zeberio.
Antolatzaileak. Tolosa CF eta Tolosako Udala.
Laguntzaileak. Zumardia, Tolosako Arraun Kluba eta Donostiako Udala.