Jai inklusiboen alde lehertu da suziria

Ataria 2023ko ekainaren 23a

Gainditzen elkartea arduratu da jaien hasiera iragartzeko suziria jaurtitzeaz; Plaza Zaharra beteta zela hasi dira San Joan jaiak, Tolosan.

Lehertu da suziria eta hasi dira San Joan jaiak Tolosan. Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren erritmora iritsi dira herritarrak Plaza Zaharrera, txupinazoa bertatik bertara ikusteko. Plaza jendez bete da, bazen gogoa festei hasiera emateko. 

Txupinazoa Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kideak jaurti du, eta esan duenez, «elkarteak lan handia egin du urteetan zehar Tolosan bizi garen pertsona gorren eskubideen eta ongizatearen aldeko borrokan». Bide horretan lanean jarraitu nahi dutela esan du. «Egin dezagun topa jai inklusiboaren alde, kolektibo guztiok izan dezagun gozatzeko aukera». Tolosa, «aniztasunarekiko errespetua duen herri erreferentea» izan dadin eskatu du. Rodriguez bera izan da, elkarte osoaren izenean, suziriari su eman diona.

Zeruan suziria lehertzearekin batera, Iraunkorrak txarangak lehen piezak jo ditu plazan bertan, eta haur eta gaztetxoek udaletxeko balkoitik botatako gozokiak biltzen aritu dira bitartean. Afalostean, 22:00ak aldera, San Joan sua piztuko dute Andre Maria plazan, udalbatza bertan dela. Eta ondoren, Udaberri dantza taldeak, Hodeiertz abesbatzak eta Tolosako Udal Musika Bandak jardungo dute.

Erlazionatuak

Txupinazoaren unea

Ataria 2023 eka 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!