Tolosako jarduneko udalak gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu du datozen San Joan jaietarako herriko talde eta eragileekin elkarlanean antolatutako egitaraua. «Askotarikoa bezain oparoa da, denetik, denontzat eta denon artean egindakoa», adierazi du Olatz Peon jarduneko alkateak. Peonek gaineratu du, iaz bezala, jai jendetsu eta parte-hartzaileak espero dituztela aurten, «are gehiago, San Joan eguna larunbata dela kontuan hartuta».
Izarne Iglesias kultura saileko jarduneko zinegotziak, aurtengo jaien egitarauaren xehetasunak eta berrikuntzak azaldu ditu: «Aurten, San Joan jaien bueltako egitaraua ekainaren 16tik 25era luzatuko da. Lehen asteburuan, esaterako, ekintza esanguratsuak jasotzen ditu jai egitarauak, hala nola, kuadrilla egunaren ospakizuna ekainaren 17an, eta haurren eguna, 18an».
Berrikuntzen atarian, halaber, ondorengoak aipatu ditu Iglesiasek: «Txupina, Gainditzen elkarteko Julian Rodriguezek botako du, urte luzeetan gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko aitortza gisa. Ekainaren 18an, halaber, Arnas Berri txistularien alarde berezia egingo da Euskal Herriko txistulariekin eta Gatibuko abeslari den Alex Sarduirekin, Euskal Herria plazan».
Era berean, San Joan eguneko eskopetarien konpainia kopuruak gora egin duela adierazi du Iglesiasek, «eta aurten diru laguntzak eman dira eskopetak eskuratzeko», gaineratu du. Era berean, ekainaren 25ean, igandea, lehen aldiz sokamuturra egingo da, eta Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren 100. urteurrenaren harira, kontzertu berezia ere egingo dela adierazi du jarduneko zinegotziak.
Berrikuntza horiez haratago, sanjoanetako egitarauak ohiko ekintzak jaso ditu, herritar ororen gozamenerako: eskopetarien desfilea, San Joan sua zein alardea, Udal Musika Bandaren kontzertu zein kalejirak, dantza emanaldiak, txarangak, erromeria, su artifizialak, erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako ekitaldiak eta jolas-parkea eta kontzertuak, besteak beste.
Jai berdinzaleen alde
Jaien atarian, halaber, jai berdinzaleen aldeko aldarria egin du jarduneko alkateak. «San Joan jaiak gero eta parte-hartzaileagoak diren bezala, berdinzaleagoak ere badira, eta hori, hein handi batean, azken urteotan egindako lan mardulari esker da. Iaz, esaterako, lehen aldiz emakume bat izan zen Bordon Dantzarien kapitain eta emakumezko aguazila ere izan genuen prozesioan», azaldu du.
Bide horretan, Peonek gehitu du jaiak «bakean, alai eta era parte-hartzailean» bizi nahi direla herrian, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta. «Horregatik, aurten ere, indarkeria matxistaren aurkako kanpaina egingo dugu sanjoanetan», gehitu du.
Horretarako, inauterietan bezala Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea, kokatuko du udalak, informazio eta arretarako, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Gune hau ekainaren 17an eta 24an egongo da zabalik, 00:00etatik 05:00etara. Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz zabalik egongo dela ere gogorarazi du udalak, eta hala behar duenak, 943 675 858 telefonora deitu dezake edozein unetan.
Horrekin batera, udalak gomendioen gutuna bidali die herriko tabernari guztiei, eraso matxisten aurrean erantzun dezaten. Herriari ere erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko deia luzatu dio udalak: «Tolosak jai berdinzaleak nahi dituelako, emakumeak aske sentitzen garen jaiak nahi ditugulako. Har ditzagun jaiak gogoz eta desioz, festa giroan gozatuz, beti, errespetuan eta elkar zainduz».
San Joan jaien egitaraua
- Ekainak 16, ostirala.
- 19:00. Tolosa CF Gimnastika taldeak antolatuta, gimnastika erritmikoko emanaldia Usabal kiroldegian.
- 19:30. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertua, Lopez Medizabal plazan.
- 19:30. Beotibar pilotalekuan, San Joan Zesta-Punta Txapelketaren finalerdiak.
- Ekainak 17, larunbata. Kuadrillen eguna.
- 9:00. Tolosa CF Eskubaloiak antolatuta, infantil mailako eskubaloi txapelketa, Usabal kiroldegian.
- 10:00. XLIII. Jose Mª Anza Memoriala txirrindulari lasterketaren irteera San Franzisko pasealekutik, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta.
- 10:30. Haurren entzierroa. Irteera Plaza Berritik.
- 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera Plaza Zaharretik.
- 12:00. Kuadrillen Egunari hasiera emango zaio Plaza Berrian. Txupinazoa eta Txosnagunean hamaiketakoa, Joselontxos txarangarekin eta GiroArte dultzaina taldearekin.
- 12:00. Tolosa Kantari taldea kalezkale ibiliko da, herria kantuz alaitzen.
- 12:15. BatuMore batukada feministaren kalejira.
- 14:00. Kuadrillen bazkaria Euskal Herria plazan.
- 16:00. Erromeria Iratzar taldearekin, Euskal Herria Plazan.
- 18:00. Larrain dantza Tolosako Dultzaineroekin, Euskal Herria plazan.
- 18:30. Kalejira Mulambo perkusio taldearekin.
- 19:00. Berdura plazan, San Joan Sagardo Txapelketa. Txapelketa bitartean, dastaketa: bakailaoa, sagardotan egositako txorizoa eta sagardoa. Antolatzailea: Batasuna elkartea.
- 20:00. Kalejira Fresa Morangorekin, Plaza Berritik abiatuta.
- 23:00. Kontzertua Plaza Berrian: Bengo eta Etxepe.
- 23:30. Jainekin txarangaren kalejira.
- Ekainak 18, igandea. Haurren Eguna.
- 10:30. Eskulan tailerra, Zumardiaundian.
- 11:30. Zirikazirkus haur ikuskizuna, Zumardiaundian.
- 11:30. Oroimen kontzertua Buru Bihotz elkartearekin elkarlanean, Orkestina Band Jazpana taldearen dantzaldia.
- 13:00. Muare taldearen kontzertua, Zumardiaundian.
- 19:00. Euskal Herria plazan Tolosako Udal Txistulari Banda antolatuta, txistulari kontzertu berezia. Euskal Herriko txistulariak eta musikari gonbidatuekin. Gonbidatu berezia: Alex Sardui (Gatibu).
- 20:30. Plaza berrian Puro Relajoren kontzertua.
- Ekainak 22, osteguna. Helduen Eguna.
- 10:30. Jubilatuentzako meza San Frantzisko elizan.
- 11:30. IV. Helduen Egunaren hasiera, Iturriza, Harizpe eta Beti Gazteak elkarteek antolatuta, Alde Zaharrean.
- 14:00. Helduen bazkaria eta dantzaldia, Zerkausian.
- 19:30. Et Incarnatus orkestraren solstizio kontzertua, Urkizu auzoan.
- Ekainak 23, ostirala. San Joan bezpera.
- 17:00. San Joan zortzikoa, Udal Txistulari Bandaren eskutik.
- 17:00. Erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera Gernikako Arbola Lorategitik.
- 17:00. Beotibar pilotalekuan San Joan Zesta-Punta Txapelketaren finala.
- 18:00. Jaien hasiera iragartzeko kanpai-iraulketa eta txupinazoa udaletxeko balkoitik, Gainditzen Elkarteko Julian Rodriguezen eskutik.
- 19:00. San Joan su txikia haurrentzat Plaza Zaharrean, musika eskolako ikasleen bandarekin.
- 19:45. Udalbatzaren desfilea Plaza Zaharretik abiatuta, Arrameleko San Joan kaperako bezperetan eta arrats otoitzetan parte hartzeko Udal Txistulari Bandak lagunduta.
- 22:00. San Joan sua piztuko da Andre Maria plazan, Udalbatza bertan dela. Ondoren, Udaberri dantza taldeak, Hodeiertz abesbatzak eta Tolosako Udal Musika Bandak jardungo dute. San Joan zortzikoa interpretatu ondoren, Musika Banda kalez kale ibiliko da.
- 23:00. Kontzertuak Plaza Berrian: Eire + J. Martina.
- 23:00. Kontzertua Lopez Mendizabal plazan: La Jodedera.
- Ekainak 24, larunbata. San Joan eguna.
- 7:00. Udal zinegotziei deia Udal Txistulari Bandaren eskutik.
- 8:30-8:45-9:00. Dianak: Udal Musika Banda, Tolosa eta Iruñeko Udal Txistulari Bandak eta Tolosako dultzainero taldea.
- 9:30. Plaza Zaharrean eskopetariak eta Udal Musika Banda bilduko dira. Diana, desfilea eta, ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru-milizien oroimenez, Udalbatza buru dela.
- 10:00. Meza Nagusia Andre Maria parrokian eta ondoren prozesioa: udalbatza, kofradiak, bordon dantzariak, Tolosa eta Iruñeko Udal Txistulari Bandak, Udal Musika Banda, erraldoiak eta eskopetariak.
- 13:00. Udal Musika Bandaren eta Tolosa eta Iruñeko Udal Txistulari Banden kontzertua Berdura Plazan.
- 17:00. Udalbatza, Udal Txistulari Banda, Udal Musika Banda, txistulari, bordon dantzari eta eskopetariak Plaza Zaharretik abiatuko dira, Andre Maria eliza nagusiko bezperetara joateko. Ondoren, Arrameleko San Joan kaperan izango diren arrats otoitzetan parte hartuko dute. Elizkizuna amaitzean, Trianguloa plazan bilduko dira, bertan udalbatzak esku-aldatzeko soinua eskainiko du eta azken tiroak botako dira.
- 20:00 eta 23:30. Kalean txaranga kalez kale ibiliko da.
- 23:00. Erromeria Plaza Berrian: Muxutruk.
- 23:00. Suak Vulcano pirotekniaren eskutik.
- 23:30. Dantzaldia Joxe Mendizabalekin, Lopez Mendizabal plazan.
- Ekainak 25, igandea.
- 11:00 eta 16:00. Haurrentzako jolas parkea Alondegia plazan.
- 12:00. Txan Magoa Alondegia plazan.
- 12:00. Bertso jaialdia Berdura plazan. Bertsolariak: Amaia Agirre, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Unai Mendizabal. Gai-jartzailea: Iker Iriarte.
- 12:00. Sanjoanetako tenis txapelketa (finala) Berazubi Estadioan.
- 17:00. Sokamuturra Plaza Zaharrean eta Solana kalean.
- 18:00. Herri kirolak Trianguloa plazan.
- 19:00. Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua dantza ikuskizuna Euskal Herria plazan.
- 22:30. Urdiñak 100 urtez kontzertu berezia, Oria ibaian (Zerkausiaren parean). Partaideak: Verde Prato, Mirua, Tenpora (Elene Arandia), Antton Telleria, Hodeiertz Abesbatza, hari laukotea, haize hirukotea, bateria-, baxu- eta piano-jotzaileak, TAK-eko arraunlariak eta Zumardia Elkarteko piraguistak. Musika zuzendaritza eta moldaketak: Juantxo Zeberio. Zuzendaritza artistikoa eta ekoizpena: Xabi Lozano eta Juantxo Zeberio.
Hemen egitaraua osorik ikusteko aukera.