Tolosako erretirodunen Iturriza, Beti Gazteak eta Harizpe elkarteek Helduen Eguna ospatu dute, gaur, San Joan festen barruan. Goizean meza izan dute San Frantzisko elizan, eta eguerdian txupina lehertu dute.
Beste batzuen artean, Juan Bautista Aranzabe Matek jarri zuen martxan ekimena, duela sei urte. Tartean, pandemia garaia izan dute, eta aurtengoa laugarren edizioa izan da. «Oso pozik nago ekimenak aurrera egiten jarraitzen duelako», adierazi du, eta gaur bildu diren guztien izenean, eskerrak eman dizkie zenbait lagun eta elkartekideri, besteak beste, erretirodunen elkarteetako lehendakariei, hala nola, Antonio Gonzalezi, Joxe Agustin Arrietari, Javier Gonzalezi eta Iyuya Urrutiari. Tolosako Udala ere eskertu du, ospakizuna egin ahal izateko emandako laguntzagatik. Gaur, udalaren izenean, Andu Martinez de Rituerto alkatea eta zenbait zinegotzi bertaratu dira Zerkausian egin duten bazkarira.
Bazkariaren ondoren, omenaldien txanda iritsi da. Urtero, aitortza egiten diete arestian aipatutako elkarteetako zenbait kideri. Aurten, Iturriza elkarteko Jose Luis Gallego Sanz eta Magdalena Gochi Irisarri eta Harizpe elkarteko Alberto Garcia Blanco eta Carmen Roca Vargas omendu eta zoriondu dituzte, erretirodunen eta pentsiodunen alde egindako lanagatik eta izandako prestutasunagatik eta borondateagatik; lore-sorta eta oroigarri bana eman diote bakoitzari. Omenaldia borobiltzeko, Martinez de Rituertok eta Beti Gazteak elkarteko Ramon Zubeldiak agurra dantzatu diete.
Behin omenaldiak amaituta, kanturako eta dantzarako txanda izan da. Horretarako, Joxe Mendizabal musikariaren laguntza izan dute.
Andu Martinez de Rituerto eta Ramon Zubeldia, omenduei agurra dantzatzen:
San Joan Saria Txapelketako irabazleak
Aste honetan bertan, pentsiodunen elkarteek antolatuta, karta jokoetako San Joan Saria Txapelketako finalak jokatu dituzte, hain justu, mus eta puntxokoak. Mus jokoaren kasuan, hamabigarren edizioa izan da; puntxoarena, berriz, hirugarrena. Mus jokoan, Antonio Iztueta eta Juan Bautista Aranzabek osatutako bikotea izan da txapelduna. Txapeldunordeak Maria Dolores Santin eta Jose Antonio Garmendia izan dira. Puntxoan, Maite Saizar eta Mari Carmen Lazcano izan dira txapeldunak eta Josefina Tellechea eta Carmen Roca txapeldunordeak.