Solstizio kontzertua Urkizun izango da, baina Gorostizuko zelaietan

Ataria 2023ko eka. 22a, 11:00

Solstizio kontzertua eskainiko du gaur Et Incarnatus orkestrak, Urkizun. Lekua, ordea, ez da ohikoa izango. Ohiko gonbidatuak eta berritasunak izango dira.

Udari ongietorria emateko Solstizio kontzertua eskainiko du gaur Et Incarnatus Orkestrak Urkizun. Eguraldiari begira egon ondoren, Iraolako zuloan egin beharrean Gorostizuko zelaietan egitea erabaki dute. Zuzeneko musikaz naturaz inguratuta gozatzeko aukera izango da, beraz, beste behin. 19:30ean hasiko da emanaldia.

Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak azaldu duenez, 24. aldia izan arren, «ilusio handiarekin» daude. «Izan ere, data esanguratsua da urtaro aldaketa, eta indarra ematen du zerbait antolatzeko, nahiz eta antolaketa, zaila den, autoekoizpena baita ia osotasunean, eta bertan egitea ere ez den erraza». Kontzertua musikarientzat «berezia» izaten dela dio eta «gogo onez» egiten dutela, eta horregatik emaitza «oso polita» izaten dela. 

Et Incarnatus orkestrak ohiko dituen gonbidatuak izango dira gaurko emanaldian, eta baita berriak ere, Rafa Rueda, esaterako. Abestiei dagokienez, askotariko musika izango da, eta tartean, Tolosan «kuttunak» diren pieza batzuk joko dituztela «sekula orkestrarekin jo gabeak» aurreratu du Zeberiok. «Irudimenean ditudan eta urtean zehar pilatzen joaten naizen hainbat ideia txer-tatzen saiatzen gara emanaldian». 

Migel Zeberiok argi du Solstizio kontzertua, kontzertu bat baino gehiago dela: «Kontzertu bat da teorian, baina han dagoena berehala konturatzen da hango giroa berezia dela, kontzertu bat baino ospakizun bat dela». Emanaldian egon izan direnek ere hala diotela adierazi du: «zoragarria izaten dela eta merezi duela diote. Urte osoko bizipentzat du jendeak».  

Herritar oro gonbidatu du ospakizunean parte hartzera: «Mokadutxoa ere ekar dezatela, guztiok batera dastatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!