Trafiko etenak asteburuan, San Joan eguna dela eta

Ataria 2023ko ekainaren 21a

Kuadrilla egunaren ondotik, badatoz, asteburu honetan, San Joan jaiak. Horren harira, joan den asteburuan bezala, trafiko etenak egingo dira herrian.

Rondilla kalea ibilgailuentzat itxiko da ekainaren 24ko 9:00etatik ekainaren 25eko 7:00ak arte. Hau da, aipatu kalean ezingo da ibilgailurik sartu edota atera larunbat goizetik igande goiza bitarte.

Horri lotuta, Rondilla kaleko zein San Frantzisko eliza pareko autobus geltokiak zerbitzuz kanpo egongo dira eta Santa Klarara lekualdatuko dira.

Segurtasuna ardatz San Joan suan

Herritar ororen segurtasuna bermatzea ardatz izanik, aurten, Segurtasun Plana garatu da Tolosako Udalak antolatutako San Joan surako, baita auzoetan egiten diren su txikiagotarako ere, eta horri jarraiki, ezinbestekoa izango da suarekiko 15 metroko segurtasun distantzia mantentzea beti.

Su artifizialak ikusteko gomendioak

Urtero legez, San Joan egunari amaiera emango zaio su artifizialekin. Jon Andoni Irazusta pasealekua (biala) itxita egongo da, Telepizza paretik Dama Berdeko iturrira bitarte, hain zuzen Ibarrako biribilguneraino, Zumarditxikia, Nafar zubia eta Izaskungo igoera (ospitalera) barne.

Tolosako Udalak suak ikusteko herritarren segurtasuna bermatzeko jarritako itxiturak errespetatzeko deia egiten du eta esate baterako Napar Zubian ez sartzea eskatzen du.

Gune Morea

Asteburu honetan ere, Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea kokatuko da larunbatean, informazio eta arretarako, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Gune hau da zabalik egongo da 00:00etatik 5:00etara. 

Horrekin batera, udaltzaingo zerbitzua ere 24 orduz eskainiko da eta hala behar duenak ondorengo telefonora dei dezake: 943 675 858. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!